AEBetako kazetarien aurkako erasoak salatu dituzte

George Floyden hilketaren aurkako protestetan kazetarien kontrako 300 eraso inguru izan direla salatu dute 14 erakundek

Polizia bat Katie Nielsen kazetaria atxilotzen, ekainaren 1ean, Kaliforniako Oakland hirian. ERIN BALDASSARI.
urtzi urkizu
2020ko ekainaren 11
00:00
Entzun
Maiatzaren 29a zen, eta Minneapolisen (AEB), Poliziak CNN telebista kateko Omar Jimenez berriemailea eta haren lantaldea atxilotu zuen. Hiri berean, handik ordu gutxira, Poliziak gomazko bala bat jaurti zion Linda Tirado freelance argazkilariari; begi batean jo zuten, eta ebakuntza izan ostean, ikusmena galdu zuen begi horretatik. George Floyd afro-amerikarra poliziek hil zutenetik, kazetarien aurkako antzeko eraso ugari gertatu dira AEBetako protestetan. AEBetako Prentsa Askatasunaren Behategiaren arabera, 300 baino gehiago izan dira kazetarien aurkako jazarpen eta erasoak. Horietatik gehienak Poliziak eginak; tartean, 49 atxiloketa, 192 oldarraldi, eta erredakzioetan 42 gertakizun. Hamalau erakundek agiri bat sinatu dute, gobernadoreei eta alkateei eskatuz kazetarien aurkako indarkeriari amaiera emateko.

Hamalau erakunde horien artean, Mugarik Gabeko Kazetariak, PEN America Freedom House, Human Rights Watch eta kazetariak eta argazkilariak biltzen dituzten bestelako elkarteak daude. Erasoak izan diren estatuetako gobernadoreei eta alkateei eskatu diete lehenbailehen neurriak hartzeko, eta AEBetako lehen zuzenketa urratzeagatik kontuak emateko. 33 estatutan zenbatu dituzte erasoak.

Dokhi Faasihian AEBetako Mugarik Gabeko Kazetarien zuzendariak salatu du ezin dela kazetarien aurkako tratu txar eta indarkeriazko patroi hori justifikatu. Arduraz lehenbailehen neurriak hartzeko eskatu die erakundeei.

Erasoak geldiarazteko eskatzeaz gain, salaketa egin duten hamalau erakundeek eskatu dute aitortzeko publikoki prentsa librearen balioa, konpromisoa kazetarien segurtasuna bermatzeko, eta batzorde independenteak sortzeko Poliziak egindako eraso guztiak erregistratu eta ikertzeko.

'Cops' saioa, bertan behera

George Floyden hilketak eta ondotik kalean sortutako protestak askotariko eraginak izaten ari dira AEBetako komunikabideetan. Esate baterako, Paramount Network telebista kateak Cops saioa bertan behera uztea erabaki du; 1989an, Fox kateak sortu zuen reality show bat da; Polizia estatubatuarren gorabeherak jasotzen ditu, eta benetako operazioen grabazioak ematen ditu. AEBetako 150 hiritan grabatu dute, eta 1.100 atal izan ditu —Foxetik Paramount Networkera pasatu zen 2013an—. 33. denboraldia egunotan estreinatu behar zuten, baina kateak adierazi du ez dela programaziora itzuliko. Saioak kriminalitate profilak estereotipatzen zituen.

Polizien operatiboen berri ematen duen beste saio batek ere emankizuna eten du: A&E Network kateko Live PD saioak ez du oraingoz atal berririk emango. Saioak honako hau adierazi du sare sozialetan: «Arrazakeriaren aurka gaude. Berdintasunaren alde gaude; gure ikus-entzuleekin, kolaboratzaileekin, langileekin eta komunitate beltzarekin gaude. Etorkizun justuago eta hobeago bat nahi dugu».

HBO Max streamingplataformak, bestalde, Gone with the wind (1939) pelikula kendu du behin-behinean bere katalogotik, zenbait kritikak «arrazistatzat» jo dutelako. Filmak beltzen esklabotzaren tratamenduagatik jaso izan ditu kritikak—bederatzi Oscar jaso zituen—. HBO Max plataformako zuzendaritzak iragarri du pelikula aurrerago itzuliko dela katalogora, sekuentzia eta elkarrizketa batzuekiko oharrekin. «Gone with the wind garai jakin bateko film bat da, eta etnia eta arrazagatiko aurreiritzi batzuk deskribatzen ditu. Eta, zoritxarrez, aurreiritzi horiek ohikoak izan dira AEBetako gizartean», adierazi du plataformak.

Arrazismoaren aurkako protestek eta Black Lives Matter mugimenduak zenbait ondorio eragin dituzte AEBetako mugetatik harago ere. Hala, BBCk Little Britain umorezko saioa kentzea erabaki du BBC Iplayer nahieran zerbitzutik, «garaiak aldatu egin direlakoan» —2003tik 2007ra eman zuen Erresuma Batuko telebista publikoak—. Saio horretan askotariko esketxak egiten zituzten, eta tartean ziren etnia desberdinetako pertsonaiekin eginikoak; aktore zuriak beltzez margotuta agertzen ziren. Netflix eta BritBox plataformetatik ere kendu egin dute programa. BBCk esan du saio historiko asko dituztela nahieran zerbitzuan, eta normala dela tarteka halakoak aztertzea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.