'Edozein herriko...' jaiak ETB1en, baita entzierroak zuzenean ere

Astelehenean hasiko da jaiei buruzko saio berria. Entzierroak euskaraz ikusi ahalko dira

Julian Iantzik astelehenetik ostiralera aurkeztuko du ETB1eko Edozein herriko... saioa, 21:30ean. ETB.
urtzi urkizu
2022ko ekainaren 18a
00:00
Entzun
Bi urteko pandemiaren ostean, Euskal Herriko herrietan eta hirietan jaiak ospatuko dituzte uda honetan, eta Euskal Telebistak gertutik emango du haien berri. ETB1ek etzi estreinatuko du Edozein herriko... saioa, eta astelehenetik ostiralera jai batetik bestera ibiliko da, 21:30etik 22:30era. Gainera, Iruñeko sanferminetan, Gasteizko Andre Maria Zuriaren jaietan, eta Donostiako eta Bilboko Aste Nagusietan programa bi ordukoa izango da, eta suak zuzenean ikusi ahalko dira.

Zuzenean emango ditu ETB1ek sanferminetako entzierroak ere. Emankizun horrek ez du zerikusirik Edozein herriko... programarekin, irudien eskubideak TVErenak baitira. Berriki, ordea, RTVEk akordio bat egin du Navarra Televisionekin eta ETBrekin, entzierroen irudiak lagatzeko.

Iruñeko sanferminetako entzierroak euskarazko kate batean ikusi ahalko dira, beraz, aspaldiko partez. TVEko iturriek BERRIAri baieztatu diote hala izango dela. Esatariak zein izango diren ez dute esan oraindik, ez ETBkoak, ez TVEkoak. Navarra Televisionek ere emango ditu entzierroak, gaztelaniaz.

TVEko emankizunean Javier Solano aritu da 30 urtez esatari lanetan. Erretiroa hartu du Solanok, eta datozen egunetan jakinaraziko dute zein esatari arituko den haren tokian. TVEko iturriek esan dute Teo Lazaro korrikalariak entzierroaren analisi teknikoa egingo duela.

TVEk ETBrekin akordioa egin izana ez da denen gustukoa izan. Nafarroako PP kexu azaldu da, eta «RTVEren edukien deszentralizazioa» kritikatu du. Amelia Salanueva PPko senatariak galdera egingo dio gaiaz astelehenean RTVEko presidente Jose Manuel Perez Tornerori. TVEko CCOO sindikatua ere ez dago gustura akordioarekin. CCOOren iritziz, RTVEko presidenteak EAJ alderdiaren laguntza behar du administrazio kontseiluan proposamenak aurrera ateratzeko, eta horregatik utzi dizkio entzierroen irudiak ETBri. «Navarra Television kate pribatuari irudiak uzteak ere ez du zentzurik», kritikatu du TVEko CCOOk.

ETBk, gainera, uztailaren 6ko txupinazoa emango du, ohiko moduan, zuzenean. Baita jaien amaiera ere.

Baina Iruñeko sanferminak iritsi bitartean, beste herri askotan ospatuko dituzte jaiak datozen egunetan. Horietako guztietako giroa ETB1eko Edozein herriko... programan jasoko dute.

Julian Iantzi izango da saio horren aurkezlea. Plato ibiltari bat izango dutela iragarri du: «Jaien inguruko informazioa emango dugu, eta tokian tokiko pertsonaiak ezagutuko ditugu», esan du aurkezleak. «Gure erreportariekin ere ibiliko gara herrietako giroa ezagutzen». Izan ere, saioak lau kazetari bidaliko ditu jaiak ospatzen dituzten txokoetara. Zuzeneko konexioen eta erreportaje «alaien» bidez, ekitaldi garrantzitsuenen eta kaleko eskaintza nabarmenen berri emango dute.

Zarautzen (Gipuzkoa) estreinatuko dute saioko estudio ibiltaria, astelehenean. Ondoren, Bermeon (Bizkaia), Hondarribian (Gipuzkoa) eta Getarian (Gipuzkoa) ibiliko dira, baita Hego Euskal Herriko hiriburuetan ere.

Saioan denetarik izango dute: lagun ezagunekin solasaldiak, musika emanaldiak, erreportaje bereziak, jolasak... «Erreportariei erronka batzuk ere jarriko dizkiet. Ea gainditzen dituzten», esan du Iantzik. «Umorea eta alaitasuna zabaltzen saiatuko gara».

Aurkezleak iragarri du suen emanaldietan adituak gonbidatuko dituztela estudio ibiltarira. «Suen emanaldiek ikusle datu oso onak izaten zituzten ETB1en, eta, horiek berreskuratuta, datuak onak izatea espero dugu».

Bestetik, osasun larrialdiak jairik gabe utzi ditu herritar ugari. «Alde horretatik, herritarrak ateratzeko eta ondo pasatzeko gogoz daude. Eta hori telebistan ikusteko ere bai». Irailaren 8ra arte iraungo du ETB1eko programak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.