Julian Iantzik 'Urak dakarrena' gidatuko du uda honetan ETB1en

'Etxekoak' telesailak udako bertsioa izango du uztailaren 19tik aurrera. Uztailaren 6an, 'Txupinazoa gogoan' saio berezia egingo dute

ETBko udako programazioa Donostiako Kristinaenea parkean aurkeztu zuten, atzo. EITB.
urtzi urkizu
Donostia
2020ko ekainaren 27a
00:00
Entzun
Nahiz eta ez den ohiko uda izango, udan ohikoak izaten diren edukiak emango ditu Euskal Telebistak. Ñabardurekin horietako asko: esate baterako, Iruñeko sanferminak hasi ohi diren egunean, ETB1ek Txupinazoa gogoan saio berezia egingo du Iruñeko Baluarte jauregitik —aurkezleak Ilaski Serrano, Aritz Agirre eta Jaione Carpintero izango dira—. Atzo aurkeztu zuen ETBk udako programazioa, eta arduradunek iragarri zuten «keinutxoak» egingo dizkietela egingo ez diren hiriburuetako jaiei.

Saio berriak ere iritsiko dira ETB1era: Julian Iantzik —etzi El conquistador del Caribe-ren finala aurkeztuko du ETB2n— Urak dakarrena programa gidatuko du uztailaren 20tik aurrera. Solas tarteek beteko dute saio hori: zenbaitetan gonbidatuak joango dira platora, eta, beste batzuetan, erreportajeak egingo dituzte protagonistak dauden herrietan. Herriz herri ibiliko da saioa, eta bi sofa jarriko ditu: batean, berriketan, dantzan, kantuan edo oroitzapenak gogoratzen aritu nahi duten herritarrak eseriko dira, eta, bestean, gonbidatu ospetsu bat. Urak dakarrena astelehenetik ostegunera emango dute, 21:30ean.

Aspaldiko partez, ETB1ek telesail berri bat emango du udako sasoian: Etxekoak udan. Konfinamenduan sortu zuen Pausokak Etxekoak telesaila, eta han azaldu ziren pertsonaiek elkar ikusiko dute kalean, hondartzan edo igerilekuan. Iker Laurobak saioaren abestiaren moldaketa egingo du uda girora egokitzeko. Uztailaren 19an hasiko dira ematen.

Sukaldaritza programa berri bat iritsiko da datorren astelehenean ETB1era: Joseba Argiñano sukalerrian. Astelehenetik ostiralera emango dute, 13:00etan.

Zigor Iturrieta, berriz, sukaldetik atera eta munduan barna ibiliko da Chiloé, lasterka munduan saioaren laugarren denboraldian. Uztailaren 14an hasita, mendi lasterketa batzuetan izandako parte hartzea erakutsiko du, tokian tokiko kulturaren eta gastronomiaren berri emateaz gain.

Musika ere ez da faltako ETB1eko eskaintzan: uztailaren 13tik aurrera, Kulturnea saioko kontzertuak ikusi ahalko dira. Ilaski Serranok aurkeztuko ditu kontzertu horiek —atzo amaitu zuen Berben lapikoa-ren etapa—.

Baina alor guztien artetik ikus-entzule gehien bereganatuko dituena kirola izango da ETB1 katean. Zuzeneko kirolen emanaldiek markatuko dute ETB1eko uda: asteazkenean itzuli zen ETB Kantxa, eta ez zen esperotako itzulera izan —hezetasunagatik, bertan behera gelditu zen—, baina hemendik aurrera astean hiru pilota jaialdi emango ditu kateak. Uztailaren 4tik aurrera, bestalde, arraun denboraldiko estropadak emango ditu ETB1ek —larunbatetan, 17:30ean, eta igandeetan, 11:30ean—. Txirrindularitzari dagokionez, Burgosko Itzulia, Dauphene Libere eta Frantziako Tourra emango ditu ETBk. Area txikia saioan, Espainiako futbol ligaren nondik norakoez ariko dira.

Kirol programa berezi bat ere prestatu du Euskal Telebistak: Plazandreak. Uztailaren 3an hasita, emakumezko pilota ezagutaraziko du programa horrek. Hamabi pilotari arituko dira lehian. Iñigo Aiestaranek aurkeztuko du saioa, Elena Azpeitiarekin eta Gentzane Aldairekin batera.

ETB2n, tuperrak

ETB2 kateko berrikuntzei dagokienez, uztailaren 6an El club del tupper saioa estreinatuko dute. Javi Sierra sukaldariaren eskutik, sukaldaritza, umorea eta pertsonaia ospetsuak uztartuko dituzte. Astelehenero, 22:30ean, hiru pertsona ezagun sukaldaritza dema batean arituko dira: bakoitzak errezeta bat prestatuko du etxean, eta tuper batean bidaliko die besteei, mezulari bidez. A bocados verano sukaldaritza saioa, berriz, astelehenean hasiko da.

Astelehenean bertan, ETB2 Allí abajo telesaila ematen hasiko da arratsaldean —Antena3en ikusle datu oso onak bereganatu zituen—. Jon Plazaola eta Maria Leon dira aktore protagonistak.

Joan den astetik, ostegunean The Basque Route turismo saioa ari da ematen ETB2 katea.

Una historia de Vasconia historia saioa abuztuaren 5etik aurrera emango dute.

La noche de... zinema saioan, berriz, hainbat film estreinatuko dituzte uda osoan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.