Gaur abiatuko da 'Berria FM' saioaren bigarren denboraldia

Lehen saioan, euskal kultur sistemari ikuspegi feministatik begiratuko diote. Ramoni eta Lohitzuneren umore saioak jarraituko du

Maider Galardi kazetariak aurkezten du podcast saioa. ANDONI CANELLADA / FOKU.
Lander Muñagorri Garmendia.
2020ko irailaren 16a
00:00
Entzun

Berria FM podcast feministaren bigarren denboraldia abiatuko da gaur. Iazko azaroan abiatu zen egitasmoa, eta, ekainera bitartean, bi astean behin ordu erdiko pilulak jarri dituzte egunkariaren webgunean (www.berria.eus). Denetara hamasei saio izan dira lehen denboraldi horretan. Maider Galardi kazetariak gidatuko du saioa aurrerantzean ere, baina hedabideko beste hainbat kazetariren laguntza ere edukiko du: «Podcast bakoitzaren atzean jende asko dago, nahiz eta nik jartzen diodan ahotsa; ordu erdiko emaitza horretan ahots asko ordezkatzen ditut». Webgunean ez ezik, Ivoox, Spotify, Apple Podcasts eta Google Podcasts plataformetan entzun daiteke Berria FM saioa.

Entzun 'Berria FM' podcasta: Lerro artean dagoenaz

Orain arte egindako bidearekin gustura dago kazetaria: «Guretzat erronka bat zen bi astean behin gai berri bat lantzea, eta ahal dela gaurkotasunari lotutakoa izatea». Denboraldiaren erdian iritsi zen koronabirusak eragindako konfinamendua, eta gaiari lotutako hainbat saio egin zituzten, «mundua geldirik zegoenean eta beste gairik ez zegoela zirudienean». Horregatik, landu ahal izateko gai zerrenda bat prest baduen arren, Galardik gaurkotasunari lotutako gaiak feminismoaren ikuspegitik landu nahiko lituzke aurrerantzean. «Ikuspegi feministatik lantzeko, edozein gaik balio du, eta, gainera, hori interesatzen zait; ez hainbeste berariaz feminista izan behar duen gai bati buruz hitz egitea soilik».

Gaur abiatuko den denboraldiko lehen saioan, kultur sorkuntzari begira jarriko da Berria FM. Iaz, Euskal Kultur Sorkuntza eta kritika feminista izeneko graduondokoa antolatu zuten UEUk eta EHUk, eta, lehen ikasturtea amaitzeko, joan den larunbatean jardunaldi bat egin zuten Eibarren (Gipuzkoa). Topagune hori aprobetxatuta, euskal kultur sistemari ikuspegi feminista batetik begiratuko diote podcastean. Horretarako, graduondokoa egin duten hiru ikasle elkarrizketatu ditu Galardik: Maider Aldai artista, Ainhoa Larzabal Skolastikako kidea, eta Aiako Gaztelumendi irakaslea. Horrez gain, Myriam Perez dantzariaren eta Katti Pochelu Gastibeltza ekoiztetxeko kidearen bizipenak ere bilduko dituzte, «emakume gisa zer bizipen izan dituzten kontatzeko». Azkenik, Danele Sarriugarterekin elkarrizketa bat egin dute, bere ibilbidea kontatzeko. Idazten hasi zen, baina azken urteetan itzulpenak egiten ari da, eta bere ibilbidean kultur sistemak nolako eragina izan duen azalduko du.

Lehen saioak izenburu hau izango du: Lerro artean dagoenaz. «Ondo islatzen du entzungo dena: zer den kanonetik ateratzen dena, zer iruditeria sortzen dugun, zein egon den ezkutatuta, zeini ematen zaion kategoria sortzaile izateko eta zeini ez... Hori guztia auzitan jarriko dugu». Horregatik, euskal kultur sorkuntzari ertz batetik begiratuta egindako irratsaio bat izan dela azaldu du kazetariak.

Kolaborazio finkoak

Denboraldi berrian, bestalde, orain arteko kolaboratzaileei eutsiko zaie. Saio bakoitzak umore kutsua izango du, Beatriz Egizabal eta Intza Alkain aktoreen ahotik. Iazko udaberrian, BERRIA egunkariak Korrikaren berri eman zuen luze eta zabal, eta egunero gertatzen zenaren bideoak jarri zituzten webgunean. Saio horietarako sortu zituzten Ramoni eta Lohitzune pertsonaiak Egizabalek eta Alkainek, eta azaroan abiatu zen Berria FM podcastean eman zieten jarraipena. Denboraldi berrian ere jarraituko dute. «Hausnarketarako bidea ematen du saio bakoitzak, baina umore ukituarekin mezuak gehiago iristen dira; oso pozik gaude haiekin, eta bi pertsonaia horiek oraindik askorako ematen dutela uste dugu».

Kolaborazio horiez harago, Araitz Mesanza ilustratzaileak pilula bakoitzarentzako egokitutako irudi bat egiten jarraituko du denboraldi berrian ere. «Aurretik aipatzen diogu zer gai landuko dugun, eta oso ondo egokitutako irudiak jasotzen ditugu bueltan; sekulako lana egiten du». Irudi horiek webgunean bertan egoten dira ikusgai, podcast bakoitzaren ondoan. Azkenik, saio bakoitzaren amaieran, BERRIAko kazetari batek analisi bat egingo du.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.