Kanaldudek 'Desagertzea' dokumentala estreinatuko du

Gaur ikusi ahalko da filma, 21:00etan. Amazoniako taushiro hizkuntza indigenaren azken hiztunaren istorioa kontatzen du

Desagertzea dokumentala Amazonian grabatu du Jonathan Millet Parisko zinemagileak. DUBLIN FILMS.
urtzi urkizu
2021eko martxoaren 18a
00:00
Entzun

Zer galtzen da hizkuntza bat desagertzen delarik? Galdera horren erantzunaren bila ari da Jonathan Millet Parisko zinemagilea Desagertzea dokumentalean. Kanaldudek gaur estreinatuko du filma, 21:00etan, Hordok emankizunaren barnean. Peru iparraldean, Amazoniaren oihanaren sakonean, Amadeo da taushiro hizkuntzaren azken hiztuna. Ez da gaztea gizona, nekatuta dago, eta badaki laster hilko dela. Ama hizkuntza erabiltzen du arbolekin, animalien espirituekin eta aspaldi hil zitzaion anaiarekin hitz egiteko. Amadeoren lekukotza da Desagertzea-ren oinarria.

Millet Amazoniara joan zen duela urte batzuk, eta han egin zituen zenbait hilabete. «Geroztik urtez urte saiatu naiz dokumentatzen hango bortxaketen gainean: basogabetzeak, herri desplazatuak, petrolio ustiaketa, faunaren eta landareen parte baten suntsiketa, suteak...». Horren guztiaren atzean nortasunaren suntsiketa ere badagoela ohartarazi du zinemagileak. «Ohiturak, errituak, hizkuntzak. Desagertzea filmaren proiektuak hor du abiapuntua».

Amadeo bere hizkuntzan hizketan entzuten da dokumentalean, taushiro hizkuntzan. Euskarazko azpidatziekin emango du lan osoa Kanaldudek.

Zinemagileak ohartarazi du ez duela ikerketa kazetaritzako lan bat egin nahi izan. «Desagertzen ari diren nortasunak agerrarazi nahi nituen. Nire desioa da jendeari sentiaraztea eta ikusleekin partekatzea han zerbait ari dela gertatzen. Zinemaren tresnekin, desagertzeak esan nahi duena islatu nahi izan dut».

Grabaketei ekin aurretik, edonola ere, Milletek Hego Amerikan azkeneko hamarkadetan desagertu diren hizkuntzak ikertu zituen. XX. mendean 50 hizkuntza baino gehiago galdu ziren Perun eta Kolonbian, esaterako. Eta, gaur egun, hogei hizkuntza daude galtzeko zorian bi herrialde horietan. «Hizkuntza bat desagertzen denean, herrialdea homogeneoagoa bihurtzen da. Pluraltasunaren bukaera da».

Interneten bada Wikipediako orrialde bat desagertuz doazen hizkuntzak zerrendatzen dituena —gehienetan azken hiztunaren berri ematen du—. Milletek sarri kontsultatzen du webgune hori. «Hilzorian dagoen hizkuntza batek hil hurren dagoen kultura, tradizio eta ezagutza multzo baten begirada islatzen du».

Taushiroa ezin da salbatu

Amadeoren istorioaren berri Kolonbiako hizkuntzalari baten bidez izan zuen Milletek. Oihanean eta Intuto herrixkan duen bizitzaz, alegia. Peruko Hizkuntzen Institutuak ofizialki izendatu du Amadeo taushiro hizkuntzaren azken hiztuna. «Filma egiteko, bidaia luze bati ekin nion, eta aste batzuk egin nituen Amadeorekin. Gorputza higatua du gizonak, orbainez betea. Tarteka taushiroz mintzo da, jario arinean». Hizkuntzalariek azaldu dutenez, ezingo da taushiro hizkuntza salbatu; Amadeo hiltzen denean hilko da, beraz.

Milletek aitortu du filmeko istorioa tragikotzat joko dutela ikusle askok. «Baina adibide gisa baliatu behar litzateke. Seinale moduan ikusi, gordetzeko eta babesteko hizkuntza asko daudela ohartarazteko».

Bordeleko (Okzitania) Dublin Films ekoiztetxearekin egin du dokumentala Milletek. Grabaketa ez zitzaion samurra egin. Ibaian 30 orduko bidaia, grabaketak egin zituzten herriaren alboan petrolio isuriak egon ziren, Gurutze Gorriko ontzi batean pasatu zituzten kontrolak ezkutuan...

Kanalduden du estreinaldia Desagertzea-k. Zuzendariak Nafarroa Behereko telebistaren babesa izan du. Eta zera dio: «Sentipena dut Kanaldudek lantzen dituen gaiek oihartzun handia dutela euskararen herrian». Zinema gelak zabaltzen dituztenean haietan proiektatzea du xede. «Proiekzioetan solasaldiak egin nahiko genituzke, eztabaidatzeko zer gertatzen den hizkuntza bat galtzen denean, eta hori gure kulturekin alderatzeko».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.