Askotariko telesail sarituak Serielizados jaialdian

Ikus-entzunezkoen jaialdiak Filmin plataformaren bitartez eskainiko ditu edukiak. Hilaren 19tik 30era bitartean egingo dute

Islandiako Blackport telesailak lehen saria jaso zuen Series Mania jaialdian. BERRIA.
Alex Uriarte Atxikallende.
2021eko urriaren 13a
00:00
Entzun
Serielizados jaialdiak mundu osoko telesailak eta dokumentalak plazaratzea du xede. Jaialdiak, iaz bezala, Filmin plataforma baliatuko du estreinaldiak emititzeko. Hilaren 19an hasi, eta 30era arte iraungo du.

Beraz, jaialdiaren zortzigarren aldiko erabiltzaileek aukera izango dute festibala osatzen duten atal denak streaming bidez gozatzeko: Sail Ofiziala, telesail laburren saila, dokumentalak eta proiektu pilotuen erakustaldia.

Zazpi telesail arituko dira esparru nagusian, epaimahaiaren saria lortzeko lehian. Irabazlea erabakiko duen epaile taldea zazpi lagunekoa izango da; zuzendariz, aktorez eta gidoilariz osatuta egongo da, eta hor izango da jaialdiaren iazko ekitaldian We Got This (Una Conspiración Sueca) lanarekin epaimahaiaren saria erdietsi zuen Schiaffino Musarra aktore suediarra.

Sail nagusiko hautagaien artean, Blackport (Islandia, 2021) da izenbururik esanguratsuenetako bat: 1984. urteko Islandiako arrantzaleen sektoreak bertako gizarte aldaketekin izandako gatazkak kontatzen ditu. Series Mania jaialdian lehen saria jaso zuen.

Halaber, The Last Socialist Artefact (Kroazia, Serbia, 2021) saritu zuten Series Mania jaialdian, eta Serializadosen ikusi ahalko da; Zagrebeko bi enpresariren istorioa kontatzen du, Balkanetako herrixka bateko ekonomia eta bizitza soziala suspertzeko egiten dituzten ahaleginak deskribatuz. Antipodetatik dator, berriz, The End (Australia, 2020), hiru belaunaldiko familia baten arazoak ikusarazten dituen eta heriotza duinaren inguruko ikuspuntu berri bat ematen duen telesaila.

Mundu osoko telesailak

Punk talde bat sortzekotan dauden neska musulman batzuen istorioa —We Are Lady Parts (Erresuma Batua, 2021)— eta IRAren urterik gogorrenei buruzko The Spectacular (Herbehereak, 2021)ere epaimahaiaren sarirako hautagaiak dira. Estreinaldi handiez gain, badira lehiaketaz kanpoko Panorama sailean emango dituzten telesailak ere; aurten, Israelgo, Erresuma Batuko, Japoniako, Islandiako eta Italiako lanek osatuko dute, besteak beste, sail hori.

Jaialdiko antolatzaileek, beste urte batez, «denboraldiko dokumentalik berezienak ekartzeko apustua» egin dute; dokumentalen arloa telesailenaren pare jartzeko jomuga horri jarraikiz emango dute The Soprano Sessions (AEB, 2020), Los Soprano telesaila amaitu zenez geroztik hamalau urte igaro diren honetan.

Horrekin batera, The Orange Years: The Nickelodeon Story (AEB, 2018) ere aurkeztuko dute, Nickelodeon telebista katearen hazkundearen inguruan sakontzen duen dokumentala; I am Richard Pryor (AEB, 2019) izenekoa, berriz, izen bereko komediagile amerikarraren dokumental biografikoa da. Saila osatzeko hautatutakoak, berriz, Israel, terre de Séries (Israel, 2020), Les Génériques de Séries (Frantzia, 2020) eta Louis Theroux: Shooting joe Exotic (Erresuma Batua, 2021) izango dira, hurrenez hurren.

Short Form atalak eta telesail pilotuen erakusketak osatzen dute Serielizados jaialdia. Lehenengo sailari dagokionez, telesail laburrei eskainitako gunea da, eta aurten hiru kontinentetako lau proposamen ekarriko dituzte: Tu Préfères (Frantzia, 2021), hiri kanpoaldeko auzuneetako nerabeen egunerokoa erakusten duen telesaila; Cross (Argentina, 2021), klandestinitatean bizi den gizon talde baten istorioa, eta Something Undone (Kanada, 2021), foley artista batek (fikzio lanetarako soinuen diseinuan diharduen teknikaria) psikofonien kontra duen borrokaren agerkaria.

Telesail pilotuen erakusketan, berriz, hala epaimahaiaren saria nola ikusleena eskuratzeko aukera izango duten sei telesail finalistak lehiatuko dira: Válidas, Conversaciones, Lourdes y Concha, Best Boyfriend Ever, Querida Conchi eta Animal en Sèrie.

Filmin plataformak Poloniako Klangor telesaila estreinatu zuen atzo; «Europa osoko thriller telesailik hoberenetako» gisa bataiatu du nazioarteko zinema kritikak. Aita batek bere alaba salbatzeko egin behar duen bidea erakusten du, artean topatzen duen «zabortegi morala» salatzeaz gain. Lukasz Kosmicki da zuzendaria.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.