Netflixek emango du Cabezudori buruzko dokumentala

Disney Plus plataformak uko egin zion estreinatzeari. Biktimek eta dokumentalaren egileek txalotu egin dute Netflixen erabakia

En el nombre de ellas dokumentala. DISNEY PLUS.
Paulo Ostolaza.
2023ko martxoaren 9a
00:00
Entzun
Azkenean lortu dute: Netflixen ikusi ahal izango da En el nombre de ellas dokumental saioa. Disney Plus plataformak azaroaren 23an estreinatu asmo zuen Kote Cabezudo argazkilariaren biktimen testigantzak biltzen dituen ikus-entzunezkoa, baina estreinaldia atzeratu egin zen, eta abenduan adierazi zuten azkenean ez dutela emango. Sr. Mono ekoiztetxeak ordurako aurreratu zuen, ordea: beste plataformaren batean ematekoak dira lau ataleko dokumental saioa. Netflixen izango da, uztaila baino lehen.

Albistea jakin berritan, bi gutun argitaratu dituzte: bata, dokumentalean agertzen diren zortzi biktimek; bestea, Eduardo Mendoza dokumentalaren zuzendariak eta Iñigo Perez-Tabernero ekoizle eragileak. Biktimek adierazi dutenez, jaso zezaketen albisterik onena da Netflixek emandakoa: «Espero dugu gure istorioaren bidez jende askok indarra izango duela isiltasuna apurtzeko». Aitortu dute prozesua zaila izan dela: «Baina, dirudienez, badago argi apur bat tunelaren amaieran... Hau hasi besterik ez da egin».

«Heldu da nahikoa dela esateko garaia», nabarmendu dute. «Urte asko eman ditugu isilik; lotsak eta beldurrak ez digute utzi oihu egiten, nahiz eta askotan egin dugun oihu isilik. Hamar urte igaro dira, baina jada ez dugu ez lotsarik ez beldurrik».

Ekoizleek, berriz, azaldu dute«30 urtez hainbat emakumez—hala nola adingabeez— abusatu zuen predatzaile sexual baten istorioa» dela Cabezudorena, baita «zentzugabeki» hamar urte baino gehiago luzatu zen prozesu judizial batena ere. Horrek «biktimak berriro ere biktima» egin izana gaitzetsi dute.

Haien arabera, kontatu dutenak «ez du inor epel utziko», eta eskerrak eman dizkiote «Netflix plataforma ausartari», hura emateagatik. Gehitu dutenez, haien ibilbide profesionaleko esperientziarik gogorrena eta zailena izan dela.

Dena den, azpimarratu dute garrantzitsuena dela «biktimei erakustea isiltasuna amaitu dela». Izan ere, azken urteetan ugari izan dira Cabezudoren auziaren inguruko isiltasunari buruzko kritikak: argazkilariaren kontrako lehen kereila 2013ko urtarrilean jarri zuten. Modeloetako batek jarri zuen, hiru delitu leporatuta: iruzurra, sekretuak agerraraztea eta irain egitea. Apurka-apurka, gero eta andre gehiagok jo zuten auzitara. Hala ere, 2018. urteko lehen hilabeteetara joan behar da argazkilariaren kontrako salaketen inguruko lehen albisteak irakurtzeko. Ordura arte, isiltasun mediatikoa agerikoa izan zen; politikariek egindako adierazpenetan ere, ia erabatekoa izan zen mututasuna, eta biktimei babesa ematen dihardutenek maiz salatu dute hori.

Argazkilari ezaguna izana da Cabezudo. Modaren eta erotismoaren arloan sona izan zuen garai batean, Donostian eta inguruetan bereziki, eta modelo gehienen salaketek antzeko patroia erakutsi dute beti: zeukan itzalaz baliatuta, modelo gazteak mendean hartzen zituen argazki estudioan, eta, gero, nahieran erabiltzen zituen haiei ateratako irudiak. Biktimen lekukotasunek aparteko tokia dute dokumentalean. Besteak beste, akusatuak neska adingabeei eginiko sexu erasoak salatu dituzte.

Gipuzkoako Probintzia Auzitegiak 28 urte eta bi hilabeteko espetxe zigorra ezarri zion Cabezudori. Jada lau urte bete zituen behin-behineko espetxealdian. Hura libre uzteko eskeak egin ditu defentsak, baina ez dira onartu. Hamazazpi andrek jarritako salaketak aztertu ziren epaiketan; preskribatuta zeuden beste hainbatenak. Bortxaketa delitu bat, sexu abusuen beste bat, haur pornografiako sei eta bi iruzur delitu jo zituzten azkenean frogatutzat. Beste 217 delitu ere egotzi zizkioten, baina horietaz absolbitu zuten sententzian.

Egotzitakoen larritasuna agerian geratu zen epaiketan; fiskalaren jarreran, bereziki. Epaiketaren hasieran, 121 urteko kartzela zigorra eskatu zuen; epaiketa hasi eta hiru astera, 250 urtekoa. Auzibide gehiago ere badaude irekiak Cabezudoren aurka.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.