Netflixek Ghibli estudioko lanak eskainiko ditu gaurtik aurrera

Animazioaren erreferentzia historikoetako bat da Japoniako ekoiztetxea, Miyazakik eta Takahatak sortua. 21 lan izango dira eskura

Netflixek eskainiko dituen film batzuetako irudien bilduma. NETFLIX.
jakes goikoetxea
2020ko otsailaren 1a
00:00
Entzun
Netflixek jokaldi interesgarria eta erakargarria egin du animazioaren zaleentzat: Japoniako Ghibli estudio entzutetsuko filmen katalogoa eskuratu du, eta horiek ematen hasiko da gaurtik aurrera. Ghibli estudioko 21 lan eskainiko ditu mundu guztian, Ameriketako Estatu Batuetan, Kanadan eta Janponian salbu. AEBetan HBO Maxek eskuratu zituen Ghibliren filmak eskaintzeko eskubideak, iazko urrian.

Plataformak zehaztu du filmak 28 hizkuntzatan azpidatzita eta hogei hizkuntzatan baino gehiagotara bikoiztuta ikusi ahal izango direla. BERRIAri ez diote argitu ea euskara izango den hizkuntza horietakoren bat.

Netflix gaur hasiko da Ghibli estudioko animazio lanak ematen, baina ez denak batera. Gaurtik aurrera zazpi egongo dira ikusgai, tartean Tonari no Totoro(My Neighbor Totoro) eta Kurenai no buta (Porco Rosso); martxoaren 1etik aurrera zazpi gehiago, Mononoke Hime (Princess Mononoke) eta Sen to Chihiro no Kamikakushi (Spirited Away), besteak beste; eta apirilaren 1etik aurrera, gainerakoak, azken lana barne, 2014ko Omoide no M?n? (When Marnie Was There).

Netflixek, horrela, baliabide gehiago ditu animazioan Disney+ plataformari aurre egiteko. Izan ere, Disney Plus plataformak eskaintzen ditu Marvelen eta Pixarrenekoizpenak. Ghiblirenak ez dira Netflixek eskaintzen dituen Japoniako animazio film bakarrak, bere katalogoan baitago Kimi no na wa (Your name), azken urteotako arrakastatsuena, Makoto Shinkaik zuzendua.

Ghibli estudioko filmek halako zabalkundea duten lehen aldia da, ez baitziren eskaintzen inongo plataformatan. «Garai honetan, filmak jendearengana iristeko zenbait modu itzel daude», esan zuen Toshio Suzuki estudioko produktoreetako batek, erabakia azaltzeko. «Jarraitzaileen iritzia entzun dugu, eta, azkenean, erabaki dugu gure katalogoa sarean ikusi ahal izatea».

Distira galtzen

Izan ere, Ghibli estudioak uko egin izan dio bere filmak streaming plataformetan eskaintzeari. Orain, ordea, iritzia aldatu du.

Ez dira garairik onenak Ghiblirentzat. 1985. urtean sortu zuten, eta ordutik erreferentzia izan da animazioan; haren filmetako batzuk mugarritzat hartzen dira. Animea nazioartekotzen lagundu zuen. Sen to Chihiro no Kamikakushi-k, esaterako, filmik onenaren Urrezko Hartza irabazi zuen 2002ko Berlingo jaialdian —Bloody Sunday-rekin batera—, eta animazio filmik onenaren Oscar saria 2003an. Estudioko bost lan izan dira Oscarra jasotzeko hautagai. Animazio filmekin nazioarteko jaialdietan lehiatu izan dafilmik onenaren saria lortzeko, ezohiko lorpena animazio filmentzat.

Kritikarien eta ikusleen babesa ere lortu izan ditu. Sen to Chihiro no Kamikakushi da Japonian eta Japoniatik kanpo diru gehien lortu duen herrialde horretako filmetako bat.

Baina azken urteetan ez dute proiektu berririk abiatu. Omoide no M?n? izan zen azkena, 2014an, eta, gero, itxi egin zuten estudioa, 2017ra arte. Hayao Miyazaki estudioaren sortzaile —Isao Takahatarekin batera—, zuzendari eta ikurrak 2014an iragarri zuen ez zuela film gehiago zuzenduko. Atzera egin zuen, ordea. Estudioa berriro zabaldu zuten, 2017an, Miyazaki film berri bat egiten hasi baita, Kimi-tachi wa D? Ikiru ka(How Do You Live). Hayaoren seme Goro ere ari da film berri batean lanean.

Takahatak zuzenduak dira, Ghibli estudioa sortu aurretik, Heidi, Marco eta Akage no an (Anne of Green Gables). 2018an hil zen. Miyazaki eta Tahakata izan dira Ghibli estudioaren zutabeak, baina haien babespean beste hainbat gidoigilek, zuzendarik eta animatzailek lan egin dute urteotan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.