Zigor Iturrieta eta Itxaso Gonzalez 'Karabana'-n ibiliko dira

ETB1ek astelehenean estreinatuko du saio berria. Datorren astean, 'Euskalonski', 'Chiloé, lasterka munduan' eta 'Bostekoa' itzuliko dira

ETBko aurkezleak eta arduradunak, atzo, Kontxako hondartzan. MAIALEN ANDRES / FOKU.
urtzi urkizu
Donostia
2019ko ekainaren 28a
00:00
Entzun
Denboraldi osoan, sukalde eta toki berean aritu da Zigor Iturrieta ETB1eko Txoriene programan. Astelehenetik aurrera, aldiz, sukalde ibiltari batean ibiliko da herriz herri, Itxaso Gonzalezekin batera, Karabana saio berrian. Gure kasa-k atseden hartu du, eta haren ordutegia beteko du Karabana-k: astelehenetik ostegunera, 21:15ean. Herritarrekin batera, tokian tokiko errezetak prestatuko dituzte. «Herritarrak izango dira benetako sukaldariak», iragarri du Gonzalezek. Tokiko produktuak ere ezagutaraziko dituzte. Iturrietak nabarmendu du programak denetarik izango duela: «Dinamikoa izango da. Askotariko bideoak ikusiko dira, eta herrietako jaietako giroa ere erakutsiko dugu».

Iturrieta ez da soilik Euskal Herriko herrietan bidaiatzen ibiliko: datorren ostegunetik aurrera, Chiloé, lasterka munduan saioaren hirugarren denboraldia gidatuko du. Lehen ibilbidea Japonian egingo du, Ninja Trail mendi lasterketan. Bigarren atalean, Montpellierko (Okzitania) maratoian ibiliko da. Mendi lasterketak eta gastronomia uztartzen dituen programan, Esloveniara, Austriara eta Flandriara ere joango da Iturrieta.

Atzerrian batetik bestera bidaiatzen duen beste saio bat Euskalonski da. Asteartean itzuliko da ETB1eko programaziora. Atal berrietan, Pello Reparaz honako hiri hauetara joango da: Sidney (Australia), Santiago (Txile), Mexiko Hiria, Bartzelona, Valparaiso (Txile), Dublin, Erroma, Praga, Helsinki eta Tokio.

Herri kirolak maite dituzten ikusleek, bestalde, Bostekoa saioarekin gozatzeko aukera izango dute uda honetan. Uztailaren 7tik aurrera emango dute, igande gauetan. Saioa otsailaren 21ean estreinatu zuen ETB1ek, baina atal bakarra eman zuten orduan. Zortzi herriren arteko lehia zertan den ikusi ahalko da udan, Aitor Zubieta pilotari ohiak gidatuta.

Kirol eskaintzan, bestalde, ETB1 kateko berrikuntza nagusia uda honetan On Tour saioa izango da. Frantziako Tourreko (uztailaren 6tik aurrera) etapa bakoitza amaitu ostean emango dute saio hori. Joseba Urkiola ETBko Kirol zuzendariaren arabera, «txirrindularitzaren periferiaz» arituko dira On Tour saioan; medikuak, masajistak eta nutrizionistak gonbidatuko dituzte, besteak beste. Fermin Aramendik aurkeztuko du programa, Xabier Usabiagaren eta Pedro Mari Goikoetxearen laguntzarekin.Txirrindularitzarekin lotuta,Urkiolak iragarri du Markel Irizarri buruzko dokumental bat estreinatuko dutela abuztuaren 8an. «Oso berezia izango da dokumentala. Droneak ere negarrez jarri ditu Irizarrek».

Pilota emankizunei dagokienez, uztailaren 7ko sanferminetako torneoko finala ETB2k emango du, euskaraz.

'El sabor del crimen' ETB2n

ETB2 katearen berrikuntzarik nabarmenena udan El sabor del crimen saioa izango da. Hainbat txango proposatuko dituzte:zinemaren eta literaturaren bidez ezagun egin diren fikziozko krimenen ibilbideak egingo dituzte. Gidaria Xabier Gutierrez sukaldari eta idazlea izango da; aurreneko bi ataletan, Dani Alvarezen laguntza izango du, eta, hirugarrenetik aurrera, Andrea Roperorena. Gastronomiarekin ere izango du lotura programak. Ander Gonzalez sukaldaria, berriz, herriz herri ibiliko da uztailaren 8tik aurrera A bocados de verano saioan.

ETB2k La Sala izeneko telesaila emitituko du uda honetan. Instrukzio epaitegi batean girotutako istorioa da, eta FORTAko kateen artean ekoitzi dute.

Jaiei dagokienez, Iruñeko sanferminetako txupinazoa eta Baionako besten hasiera ETB1ek emango ditu. Gasteizko, Donostiako eta Bilboko jaien hasiera ekitaldiak, aldiz, gaztelaniaz emango ditu ETB2k.

ETB3 katean, Balloon, Spirit zaldi askea eta Pingu hirian marrazki bizidunen atal berriak emango dituzte. Asteburuetan, filmak izango dira ikusgai, 15:30ean.

ETB1ek, bestalde, Egunakegin du umore saioa estreinatu zuen atzo gauean. Gorka Garcia ETBko Arte eta Programa zuzendariak esan du udan ez dutela atal berririk egingo, baina aukerak daudela irailean jarraipena izateko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.