Albistea entzun

'Zapla!' podcasta, hizkuntza ohiturak aldatzeko gida

EITBk gaur estreinatuko du podcast hori; Topaguneak ekoitzi du. Juan Kruz Lakasta eta Monika Belastegi arituko dira aurkezle
Gemma Sangines psikologoa elkarrizketatuko dute gaur <em>Zapla!</em> podcastaren lehen atalean.
Gemma Sangines psikologoa elkarrizketatuko dute gaur Zapla! podcastaren lehen atalean. JAGOBA MANTEROLA / FOKU Tamaina handiagoan ikusi

Urtzi Urkizu -

2022ko azaroak 1

Hizkuntza ohiturak aldatzeko baliabideak emateko xedez, hau da, euskara gehiago erabili eta hizkuntza ohiturak aldatu nahi dituzten herritarrei tresnak eskaintzeko, Euskaltzaleen Topaguneak podcast bat ekoitzi du: Zapla!. Monika Belastegi eta Juan Kruz Lakastak gidatuko dute, eta ekoizpen teknikoa On Time ekoiztetxeak egin du. EITB Podkast atariak gaur estreinatuko du lehen atala; beste audio plataforma batzuetan ere entzungai egongo da, hala nola Google Podcast, Apple podcast, Ivoox eta Spotify zerbitzuetan.

Euskaraldiaren testuinguruan ekin dio Topaguneak podcasta martxan jartzeari. Iker Martinez de Lagos Topaguneko komunikazio arduraduna da podcastaren ekoizlea. «Hizkuntza ohiturak aldatzeko lagungarri izan dadin, horrelako prozesu batek behar dituen baliabideak eman nahi ditugu», azaldu du. «Euskaraldian, baliabideak falta izaten dituzte euskaldun askok, eta tresna batzuk emango ditugu saioan».

Atal bakoitzean, aditu bat elkarrizketatuko dute Belastegik eta Lakastak. Gaur, aurreneko atalean, Gemma Sangines psikologoa elkarrizketatuko dute. TELP tailerren (hizkuntza espazio pertsonalei buruzko lantegia) sortzaileetakoa izan zen Sangines, eta estres linguistikoaz, hizkuntza sumisioaz eta asertibitateaz mintzatuko da. «Argi genuen Sanginesekin hasi nahi genuela», esan du Martinez de Lagosek. «Elkarrizketa bakoitzean entzuleek kontzeptu batzuk ulertzea nahi genuke».

Era berean, hizkuntza hautuaren inguruko testigantzak ere izango dira podcastean. Gaur, Juan Ignacio Perez Iglesias EHUko Kultura Zientifikoko Katedraren zuzendari eta Jakiundeko presidenteak emango du lekukotza. Hurrengo ataletan, zenbait kazetari eta kultur sortzaileren testigantzak ere jasoko dituzte.

Azaroko lehen lau astearteetan sareratuko dituzte Zapla!-ren lau atalak. Bakoitzak 30 minutu inguru iraungo du.

Podcasta Euskaraldiaren testuinguruan sortu duten arren, luzerako erabilgarri izateko helburua du. Topaguneko ordezkariek uste dute sortutako materiala baliagarria izan daitekeela TELP tailerretan, euskaldunen ahalduntze eskoletan, euskaltegietan eta eskoletan. Martinez de Lagosek nabarmendu du ahobizi eta belarriprest funtzioak hartzen dituzten herritarrei tresnak emango dizkietela Zapla!-n.

Podcast berri gehiago

EITB Podkast atarira egitasmo gehiago iritsiko dira datozen asteetan. Hilabete honetan bertan, emakume zientzialariei buruzko podcast bat estreinatuko dute: Uhin ultramoreak.

Beste podcast batek migrazioaren fluxuak aztertuko ditu, Bidasoaren ertzean dauden migranteen egoera aintzat hartuta. Harresi ikusezina izango du izena podcastak. Jabier Muguruza musikariaren kanten osagarri izango da Dodoa podcast berezia, bestalde, eta Eguberrietan estreinatzea espero dute.

Fikzioak ere izango du lekua EITB Podkast atariaren eskaintzan. Izan ere, Artxipelagoa serie apokaliptikoaren bigarren denboraldia estreinatuko dute abenduan, Durangoko Azokako egunetan, hain zuzen. Hiru olatu erraldoiak iritsi eta gero, bizirik irauteko dauden arazoek sortzen dituzten gerren, indarkeriaren eta goseteen jarraipena bilduko dute atal berrietan.

Udazken honetan estreinatu dute #10garrena fikzioa ere. Bertsolari Txapelketa Nagusiaren final distopiko edo alternatiboak hartzen ditu hizpide.

Duela gutxi hasi dituzte denboraldi berriak, bestalde, Barruan gaude eta Estamos dentro elkarrizketa podcastek. Oier Aranzabalek aurkezten du euskarazkoa, eta Jon Martijak gaztelaniazkoa. Elkarrizketatuen etxeetan grabatzen dituzte atalak.

Gaztea irratiak ere heldu dio podcastgintzari. Azkeneko hilabeteetan, Gaztearen proposamen hauek iritsi dira EITB Podkast atarira: Yoko Ona solas tartea, Zulora eztabaida saioa —bigarren denboraldian daude—, Benetan zabiz? izeneko talk-show-a, eta Ly Day surf kulturari buruzko emankizuna.

Haurrentzako podcastak ere ekoizten ari dira: Sara eta Paulen abenturak! fikzioa eta Kuku ipuin bilduma estreinatu zituzten udan.

Halaber, Iñigo Antsorregik gidatutako Korapiloak da EITB Podkast atariko beste berrikuntzetako bat. Buru osasunarekin lotutako elkarrizketak egiten ditu.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

'Culpa mía' filmeko fotograma bat ©Amazon Prime Video

Bieusek film bat bikoiztu du aurrenekoz Prime Videorentzat

Urtzi Urkizu

Amazonek ostegunean estreinatuko du 'Culpa mía' pelikula, euskaraz ere bai. Gazteentzako fikzio bat da.

 ©BERRIA

«Ez dut ezer aurreikusten; emaitza sortuz noa»

Unai Etxenausia

«Dena zalantzan jarri» nahi izan du Aiesak Gasteizko Montehermoso kulturuneko erakusketa berrian.'Vestirme mal y desvestirme mucho' uztailaren 2ra bitartean egongo da ikusgai.
 ©ALIZIA LOPEZ

«Zuen serio ospe hori ez duzue merezi»

Naroa Torralba Rodriguez

Hiru urte daramatza Diazek Twitchen zuzenekoak egiten. Astelehenetik ostegunera, goizean. Asteburuetan, antzokiak betetzen ditu Se pudrió todo bakarrizketarekin. Larunbatean izan zen Bilbon.

Silfioa izan zitekeen, baina mihilu basatiarena da ilustrazioa, ez baitago silfioari buruzko irudirik. ©BERRIA

Silfioaren enigma

Enekoitz Telleria Sarriegi

Duela bi mila urte desagertu zen landarea da silfioa. Zirenen zuen jatorria, gaurko Libian, eta greziarrek eta erromatarrek erabili zuten medikuntzan, sukaldaritzan, lurringintzan... Urreak eta zilarrak adina balio zuen orduan silfioak. Fermin Jimenez artistak silfioaren historia eta zaporea berreskuratu ditu bere proiektuan: mihilu zaporeko izozki bat sortu du.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...