'Irabazi arte'-ren bigarren denboraldia, ostiraletan ETBn

Dorleta Urretabizkaia, Nahia Lacalle eta Joan Bailador dira aktore berriak. Zetak, Bengo eta Bulego taldeen kantak entzungo dira

Irabazi arte telesaileko bigarren denboraldiko aktore gazteak. EITB.
urtzi urkizu
2023ko otsailaren 7a
00:00
Entzun

Aurreko ostiralean Go!azen telesailaren bederatzigarren denboraldia amaitu zen —hiru haurretik batek ikusi du Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan—, eta, orain, tarte hori Irabazi arte-k beteko du, ostiral gauetan, ETB1en. Futbol talde bateko neskei buruzko fikzio lana da Irabazi arte. Aurreneko denboraldiko ikusle datu onen ostean, ostiral honetan hasiko da bigarren denboraldia.

Aurreko denboraldiko azken atalean, Printzesek taldea salbatu zuten azkenean, baina, hala ere, galdera askorekin utzi zituzten ikus-entzuleak denboraldiaren amaieran: Larrak alde egingo al du? Peiok eta Anek elkarrekin jarraituko ote dute? Zer gertatu zen Jon eta Ametsen artean? eta garrantzitsuena: Arene Bartzelonara bueltatuko al da? Galdera guztiak argitu eta ezusteko berriak izango dituzte denboraldi honetan.

Esti jokalari berria iritsiko da taldera. Neskak aztoratuko ditu, sekretu asko ezkutatzen baititu. Entrenatzaile berria ere ezagutuko dute ikus-entzuleek: Eunate jokalari ohia, izotza bezain hotza; eta akabo Printzesen ekipo ahul eta kaotikoa. Hainbeste kostata sortutako taldea gorantz egiten hasiko da aurten. Printzesek Liga irabaztea izango dute helburu, baina, agian, Arene gabe lortu beharko dute. Izan ere, Arene ez da batere ondo konponduko Eunate entrenatzaile berriarekin.

Zelaitik kanpo ere aldaketa ugari izango dira telesaileko trametan: denboraldi honetan, neska-mutilak helduagoak dira, eta hori haien arteko harremanetan nabarituko da. Maitasun eta harreman berriak sortuko dira, eta hasieran taldekide soilak ziren neskak benetako lagun bihurtzen ikusiko dute telesailaren zaleek. Lilik ere bere erronka propioari aurre egingo dio: alegia, benetako lagun bat izatea zer-nolakoa den jakingo du.

Hauek izango dira denboraldi honetako aktore berriak: Nahia Lacalle, Joan Bailador eta Dorleta Urretabizkaia. Azken horrek egingo du Eunate entrenatzaile berriarena. Aurreko denboraldian parte hartu zuten aktore gehienak ere agertuko dira berriz: Sua Enparantza, Nahia Sillero, Ane Garmendia, Ane Iturrate, Ainhoa Azpitarte, Joana Garitano, Ibai Ugarte, Aritz Basterra, Iker Galartza, Iñigo Larrinaga, Alvaro Garaialde, Patricia Urrutia eta Jose Ramon Soroiz.

Euskal musikak garrantzi berezia izango du telesailean. Besteak beste, Zetak, Bengo eta Bulego taldeen kantak entzungo dira.

Disney Plusen, gaztelaniaz

Pausoka ekoiztetxearen telesailaren bigarren denboraldia ostiralean hasiko bada ere, bi aurrestreinaldi antolatu dituzte: aurrenekoa Bilbon egin zuten. Hartan, Irabazi Arte sariak banatu zituzten: lehena Amaia Aldai pilotariari eman zioten, eta bigarrena Nerea Arruti aizkolari eta pentatloilariari. Bihar egingo dute bigarren aurrestreinaldia, Donostiako Viktoria Eugenia antzokian —sarrerak amaitu dira—.

Irabazi arte ez da soilik telebistako telesaila bat izango. Bigarren urtez, komiki digitala eta podcastak ere egingo dituzte. Komiki digitalaren istorio berriak hilaren 17an iritsiko dira.

Podcastei dagokienez, ostiralero sareratuko dituzte. Norak (Nahia Sillero) eta Arenek (Sua Enparantza) gidatuko dituzte atalak, aurreneko denboraldian bezala. Ainhoa Etxebeste EITB Podkasteko koordinatzaileak zera iragarri du: «Naiak eta Arenek erreferentziazko emakume kirolariak ezagutu nahi dituzte, eta elkarrizketen bidez izango dute haien berri». Zortzi gonbidatu iritsiko dira podcastera. Etxebestek azaldu duenez, bideopodcastak izango dira bosgarren, seigarren eta zazpigarren atala. «Zortzigarrena, azkenekoa, jendaurreko ekitaldi bat izango da, eta streaming bidez emango dugu».

Telesailaren lehen denboraldia EITBren webgunean eta aplikazioan ikusteko moduan dago. Baita Disney Plus ordainpeko plataforman ere, baina soilik gaztelaniara bikoiztuta. Abenduaren 14an, Irabazi arte telesaila jarri zuen Disneyk, euskaraz. Biharamunean, euskarazko bertsioa kendu zuen, eta gaztelaniazkoa baino ezin da ikusi orduz geroztik. Euskarazkoa jartzen dutenean —hala espero da—, plataforma horren lehen edukia izango da euskaraz.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.