Hauteskunde kanpaina iritsi da komunikabide gehienetara

BERRIAk atal bat izango du webgunean kanpainari eskainia. Bideo bertikalak egingo ditu. ETB1en hiru eztabaida izango dira

Martin Ugalde foroak, Euskalerria Irratiak, Katakrakek eta BERRIAk antolaturiko solasaldia, herenegun. IÑIGO URIZ / FOKU.
urtzi urkizu
2023ko maiatzaren 12a
00:00
Entzun
Hilaren 28ko hauteskundeei begira, komunikabideek askotariko elkarrizketak, eztabaidak eta tarte bereziak eskainiko dituzte datozen egunetan. Berria.eus-en, esate baterako, bloke berezitu bat izango du kanpainaren berri emateko. Gainera, multimedia lantaldeak bideo bertikalak egingo ditu, sakelakoetan ikusteko. Egunkariko orrietan, gainera, Kontrakanpaina izeneko atala zabalduko dute, eta bertan idatziko dute Zuriñe Rodriguezek, Samara Veltek eta Sustrai Colinak. Egunero hautagairen batekin elkarrizketa bat eta herrialdeko orri bat jasoko dute. Eta bogan dauden gaiekin legealdiak zer eman duen eta alderdiek zer proposatzen duten aztertuko dute.

Bestetik, BERRIAren webgunean ikusgai dago Martin Ugalde foroak, Euskalerria Irratiak, Katakrakek eta BERRIAk Nafarroako hauteskundeei buruz egindako solasaldia —asteazkenean egin zuten, Iruñean—.

EITBri dagokionez, askotariko elkarrizketak, eztabaidak eta doako tarteak emango dituzte. ETB1ek hiru eztabaida emango ditu: lehena gaur, Arabari buruzkoa, Amaia Cayerok gidatua (21:30); bigarrena hilaren 15ean, Bizkaiari buruzkoa, Nerea Reparaz aurkezle dela; eta hirugarrena, hilaren 22an, Gipuzkoari buruzkoa, Iñaki Guridik gidatuta. Euskadi Irratiak ere emango ditu hiru eztabaida horiek.

ETB2n eta Radio Euskadin sei eztabaida egongo dira: Arabari, Bizkaiari eta Gipuzkoari buruzkoez gain, Bilboko, Donostiako eta Gasteizko hautagaiekin —23an izango da Bilbokoa, 24an Donostiakoa, eta 25ean Gasteizkoa—. Radio Vitoriak, halaber, Arabako Foru Aldundiari eta Gasteizko Udalari buruzko eztabaida bana emango du.

Nafarroako Gobernuko presidentegaiekin eta Iruñeko alkategaiekin ETB2 kateak elkarrizketak emango ditu egunotan —Nafarroarako deskonexioan—. Amaiur Elizari kazetariak aurkeztuko ditu. Halaber, Iruñeko alkategaiekin eztabaida bat emango du ETB2k, hilaren 16an.

Datozen egunetan, gainera, ETB1en hautagaiekin elkarrizketak egingo ditu Odei Esnaolak Egun on, Euskadi saioaren barne. ETB2 katean, Teleberri-ren ondoren izango dira elkarrizketak, eta Africa Baetak egingo ditu. Euskadi Irratian Iñaki Guridi arduratuko da elkarrizketak egiteaz; Radio Euskadin, Xabier Garcia Ramsden; eta Radio Vitorian, Aratz Goikoetxea.

Berrikuntza gisa, EITB Mediak hilaren 19, 20 eta 21ean argitaratuko du udal, foru eta Nafarroako Parlamenturako hauteskundeei begirako EITB Focus inkestenemaitzak.

Hilaren 21ean, programa berezi bat emango du ETB2k hauteskunde inkesta horien datuak aztertzeko. Xabier Lapitzek gidatutako En Jake berezi bat izango da, prime time ordutegian.

Kanpainari eskainitako webgune berezia izango du eitb.eus atariak, albisteak luze eta zaballanduz. Egunero, albisteak, bideoak eta EITB taldean egiten diren elkarrizketak—telebistakoak zein irratikoak— ikusgai izango dira, baita eztabaidak ere.

Hamaika telebistan, berriz, hiriburuetako eta lurraldeetako hautagaiekin elkarrizketak egiten ari dira egunotan; hautagaiak euskaraz ez badaki, alderdiko beste ordezkari bati egingo diote elkarrizketa.

Podemosen salaketa

Ezker Batuak-ek eta Podemosek salatu dute Espainiako Hauteskunde Batzorde Zentralean TVEn ez diela eman kanpainan izan ohi den doako iragarki tarterik. Programazio bereziari dagokionez, TVEk %1eko tartea eskainiko dietela erabaki dute, botoen %1,8 lortu zituztelakoan. Podemosek eta IUk diote %4,8koa lortu zutela, askotan koalizioan joan zirelako. Bestalde, helegitea jarri dute doako iragarkirik ez dietelako eman. Podemosek eta Ezker Batuak-ek salatu dute Hauteskunde Batzorde Zentrala «ikuspegi zentralistarekin» ari dela legea interpretatzen. Haien ustez, jokatzeko modu hori ez dator bat aniztasun politikoarekin, eta berdintasun eta proportzionaltasun printzipioekin. Uste dute legea interpretatu behar dela aniztasun politikoaren mesedetan eta boto emaileen eskubideen mesedetan, hautagaitzen gaineko informazio osatua izan dezaten.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.