Roberto Sarriugarte
ARDOXKA

Clos Cor Vi

2019ko ekainaren 22a
00:00
Entzun
Gaurkoa da denboraldiko azken artikulua. Bihar San Joan bezpera da, suaren gaua. Euskal Herrian hainbat tokitan ospatzen bada ere, egia da Mediterraneoan ere bereziki ospatzen dutela gau hori.

Horregatik, eta opor usaina ere nabaria delako, pentsatu dut gaurkoan Valentzia (Herrialde Katalanak) aldera hurbiltzea, eta hango ardo berezi batzuk ezagutuz, amaiera ematea denboraldiari.

Clos Cor Vi da Luis Corbik 2007an abian jarri zuen upategiaren izena. Geldirik egon ezinik beti, gauza berriak bilatuz, topikoz beteriko ardoaren munduan gauza bereziak eta bakanak bilatuz abiatu zuen proiektua, ilusioz gainezka.

Beste askok bezala, lurra aztertzen hainbat urte eman ondoren, proiektua abian jartzea erabaki zuen, kalitatezko ardo zuriak egiteko asmoarekin.

Azken urrats bat ere eman du Corbik, upategia ekologikora birmoldatuz. 2017ko uztailetik, upategiko ardo guztiek daramate ekologikoaren zigilua.

Clos Cor Vik dituen mahastiak Canyoles ibaiaren erriberan daude, Les Alcusses bailararen bihotzean. Klima mediterraneoaren eraginpean badaude ere, mahastiak 400 metroko altueran daude, eta klima kontinentalaren ukitua ere jasotzen dute.

Lehorreko lurrak dira, kareharriak nagusi, eta horrek berak egiten du mahastian lehen hautaketa lana.

Europa erdialdeko mahats bikainekin lan egiten dute, baina baita berta-bertako mahatsekin ere. Mahasti propioetatik jasotako mahatsa baino ez dute erabiltzen ardoa egiteko, eta horrek erabateko kalitate kontrola bermatzen du.

Baina zer mahats erabiltzen dute? Riesling, jatorriz Alemaniako Rin eskualdekoa. Mahats mordo txikiak eta estuak ematen ditu, eta ardoek azidotasun azpimarragarria izaten dute, lore usainarekin eta fruta ugarirekin: zitrikoak, sagarra, mertxika…

Ahoan boteretsuak izaten dira, eta izaera koipetsua dute, oso atsegina.

Viognier mahatsa ere erabiltzen dute; jatorria zalantzazkoa bada ere, gaur egun Rodano bailaran (Frantzia) lantzen da batez ere. Valentziako mahatsen artean verdilarekin lan egiten dute.

Ardo oso aromatikoak ematen ditu eta frutadunak, azidotasun baxukoak, luzeak ahoan.

Nabarmentzekoa da ardoek eskaintzen duten azidotasuna; ardo gazteak eta oso aromatikoak, eta fruta ugarikoak, baina ahoan belar ukituarekin.

Upategiko ardo guztiek egiten dute ligekin ontze tarte bat, eta altzairuzko deposituetan zein 225 litroko upel frantziarretan egiten dute hori. 20.000 botila baino gutxiago egiten dituzte urtean, eta guztira lau marka dituzte: Clos Cor Vi Riesling, Clos Cor Vi Viognier, Clos Cor Vi Coupage eta Clos Corvi Versat, verdil mahatsez egina.

Hasiera polita eman udari, eta kontuz San Joan suarekin!
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.