Roberto Sarriugarte
ARDOXKA

Birigarroarenak

2019ko ekainaren 8a
00:00
Entzun
Corella Nafarroako Erriberan dago, Tuterako merindadean. Niretzat berezia da Corella, han eman bainituen nire nerabezaroko urte pare bat, eta garai hartako oso oroitzapen politak ditut.

Gaur, hain zuzen, Corellan dagoen proiektu bat dakart hona: Viña Zorzal. Antonio Sanz corellarrak 1989. urtean abiatutako proiektuaren jarraipena dela esan daiteke, haren semeek hartu baitute proiektuaren gidaritza.

Bizitza guztia ardoaren munduan murgilduta bizi bazen ere, 1989ra arte ez zuen Bodegas Corellanas upategia martxan jarri. Oso garrantzitsua izan zen garai haietan Antonio Sanz ohartzea, upategiko lanez gain, garrantzitsuena mahastiak zaintzea zela: horrek markatu zuen, inongo zalantzarik gabe, semeek gero hartuko zuten bidea.

2007an abiatu zuten proiektu berria: aitak haiekin lanean jarraitzen duen arren, semeek gidatzen dute lema. Nafarroako berto-bertokoak diren mahatsak nabarmendu nahi dituzte Zorzalekoek, sarritan nahiko baztertuak izan direlako sentsazioa baitute. Mahats mota bakarreko ardoak egin nahi dituzte, mahatsaren benetakotasuna eta apaltasuna erakutsi nahian edo, hala, mundu guztiaren esku egon daitezen.

Egia esan, oso urte gutxian hasi zen nabarmentzen graciano mahatsarekin egindako lana: adituek eta kritikariek euren babesa eta aitortza egin zieten. Graciano mahatsarekin lortutako arrakastaren ondoren, hain Nafarroakoa den garnatxarekin hasi ziren lanean. Alde batetik, lehengo moduko ardo gorria egin nahi zuten, benetakoa, apaingarririk gabekoa, eta, bestetik, mahasti zaharrek ematen duten konplexutasuna baliatu nahi zuten ardo beltz bikainak egiteko. Rafael Revertek erakutsi zien haiengandik oso gertu zeudela bertan behera utzita zeuden mahasti zaharrak, Fiteron, hain justu. Horrela jaio ziren, 2013an, lursailari begira egindako ardo berezi horiek, Viña Zorzal Malayeto eta Viña Zorzal Corral de los Altos, hain zuzen ere.

Baina lursail edo finka jakin bateko ardoak merkaturatu aurretik, 2014. urtean, Bodegas Corellanas upategiaren 25. urteurrenaren ospakizunarekin batera, hausnarketarako tartea izan zuten. Paketatzea erabat aldatzeaz gain, beste proiektu bat ere jarri zuten martxan, betiere bestearen barruan: Viña Zorzal Señora de las Alturas.

«Hiru anaion ametsak egia bihurtu ziren, hiru urtez gogor lan egin dugu, baina saria izan du; hiru izaera, hiru etiketa, ardo bakarra», haien hitzetan. Horrela jaio zen upategiak eskaintzen duen ardo bitxi bezain bikaina. Ardo horren botila bakoitza artelan bat da, Sanz anaientzat.

Hainbat ardo desberdin egiten dituzte, baina, momentuz, garnatxa zuriz egindako ardo zuria, garnatxaz egindako ardo gorria eta Malayeto beltza baino ez ditut dastatu. Bikainak hirurak. Beste guztiak dastatzeko desiratzen nago.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.