Kataluniako atal berezi batekin itzuliko da gaur 'Ur handitan'

CDRko bi kide, Jordi Sanchezen gurasoak, Jordi Cruixarten iloba eta Carles Puigdemonten arreba elkarrizketatuko ditu Xabier Madariagak

Xabier Madariaga kazetaria Bartzelonan, atzo eguerdian, manifestarien artean. BALEUKO.
urtzi urkizu
2019ko urriaren 15a
00:00
Entzun
Udako etenaldiaren ostean, Ur handitan saioa gaur itzuliko da ETB1era (22:20), eta buruzagi independentisten aurkako auziaren epaia Kataluniako gizarteak nola jaso duen kontatuko dute. Kaleko herritarrei ahotsa emango die programak, eta askotariko elkarrizketak ere ikusi ahalko dira erreportajean.

Errepublikaren defentsa batzordeetako kideak, epaiaren kontrako mobilizazioetan parte hartu duten euskaldunak eta Kataluniako prozesuaz aspertuta dauden herritarrak azalduko dira iritzi bilduma berezi horretan. Sententziaren itzalean erreportajean, atzo Bartzelonako kaleetan egin ziren mobilizazioetako irudiak ere ikusiko dira.

Ane Rotaetxeren lekukoa hartuta, Usua Garin izango da denboraldi honetan Ur handitan-eko zuzendaria. «Epaia jaso aurretik, euskaldun eta katalan batzuekin elkarrizketak grabatu genituen. Saiatu gara ikuspegi desberdinak biltzen. Epaia jakin ostean, gizartean izan duen eragina ari garajasotzen», azaldu du Garinek. Elkarrizketatuen artean daude Miren Azpiri CDRko eta ANCko kidea, Jerma Martin CDRko kidea, Aritz Galarraga literatura irakaslea, Eunate Serrano Barcelona en Comuko prentsa arduraduna eta Saioa Baleztena kazetaria. Garinek iragarri duenez, Jordi Sanchezen gurasoen (Pere Sanchez eta Nuria Picanyol), Jordi Cruixarten iloba Polen eta Carles Puigdemonten arreba Montseren hitzak jaso dituzte.

Azken ordukoak jasoko dituzte saioan. Gaur goizean grabatzen egongo dira, eta arratsaldean bidaliko dute saioa ETBra. «Epaian oinarritutako erreportajea egiteko eskatu ziguten ETBtik. Denborarekin landu dugu gaia, eta lantaldearen parte bat asteazkenetik egon gara Katalunian. Baina normalean Ur handitan saioan ez dugu horrela funtzionatzen, hain aktualitateari lotuta, eta estres handia eragin digu. Edonola ere, lantaldearekin oso harro nago».

Rotaetxeren lekukoa hartzea «ardura handitzat» jo du Garinek: «Bi urte eta erdian, saioak ikusle datu politak bereganatu ditu. Batetik, arduratuta nago. Baina, bestetik, erronkarekin ilusionatuta. Bi sentimendu horiek orekatuz nabil».

Xabier Madariagak segituko du saioa aurkezten. Gidoilariburua, berriz, Jon Gonzalo izango da, Fermin Etxegoienen ordez. Lantaldera batu da Ainhoa Zabarte kazetaria ere —Hamaika telebistan aritutakoa—.

Kataluniako atalaren ostean, datorren astean Aralarrera joango da Madariaga, hango artzainen bizimodua ezagutzera. Zaharren egoitza batean eta klausurako mojak bizi diren komentu batean ere murgilduko da aurkezlea datozen asteetan. «Erreportaje askotan espazio bat edo atmosfera bat izango dira ardatza», esan du Garinek. «Baina ez gara egongoaktulitateari hain lotuta, Kataluniako gaurko atalean bezala».

'Faktoria', Bartzelonatik

ETBk Kataluniako gertakizunen berri eman zuen atzo albistegietan eta hainbat saiotan. Hamaikak saio berezia eman zuen,18:30etik 21:00etara. TV3 kateak bere programazioa goitik behera eraldatu zuen, eta astelehenetan eman ohi dituzten sei saio bertan behera utzi zituzten, aktualitatearen berri eman ahala izateko.

Euskadi Irratiko Albiste Faktoria saioa, berriz, Bartzelonatik egingo dute gaur goizean. Maite Artolak gidatuta, lantalde osoa arituko da Katalunian gertatzen denaren berri ematen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.