Maria Solana izango da Espainiako Kongresurako Geroa Bairen hautagaia

Solanak dio «oso garrantzitsua» dela Nafarroa Madrilen ordezkatuta egotea. PSEko joan den bozetako zerrendaburuek errepikatuko dute

Maria Solana, Geroa Baiko Espainiako Kongresurako hautagaia. I. ZABALETA / FOKU.
Ainhoa Larretxea Agirre - Maider Galardi F. Agirre
2019ko urriaren 3a
00:00
Entzun
Datorren azaroaren 10eko Espainiako Gorteetako bozetarako hautagai zerrenda osatzen ari dira Hego Euskal Herriko alderdiak, eta Geroa Baik jada zehaztu ditu bere zerrendaburuak. Asteartean egindako batzar iraunkorrean erabaki zuten Maria Solana (Iruñea, 1975) Nafarroako Gobernuko bozeramaile ohia eta Hezkuntza kontseilari ohia izango dela Espainiako Kongresurako zerrendako lehen hautagaia. Solanak berak jakinarazi zuen bere izendapena, atzo goizean, Euskalerria Irratian egin zioten elkarrizketa batean.

«Erronka zaila» izan arren, «gogotsu» dago Solana, eta helburua du diputatu eserlekua lortzea Espainiako Kongresuan: «Nafarroa Madrilen ordezkatzea oso garrantzitsua da». Izan ere, Nafarroako Gobernuko bozeramaile ohiak ohartarazi du ez PSOEk eta ez Ahal Dugu-k ezin dutela Geroa Bai ordezkatu Espainian: «Beharrezkoa da ordezkaritza hori ateratzea; argi dugu». Nafarroaren interesak Madrilen defendatzeko «erabaki irmoa» du Geroa Baik, eta, gainera, taldearen asmoa da Nafarroan «lortutako adostasunerako gaitasun aurrerakoi eta eraikitzailea» Madrilen lantzea. «Nafarroa plural, euskaldun, aurrerakoi eta solidario hori ikustea nahi dugu», zehaztu du Solanak.

Joan den legegintzaldian, Nafarroako Gobernuan, ardura postuak izan zituen Solanak. Bozeramaile izateaz gain, Hezkuntza kontseilari izan zen, eta Skolae hezkidetza programa abian jartzeagatik irainak eta jazarpena jasan behar izan zituela salatu zuen. Ikus-entzunezko Komunikazioan lizentziaduna da, eta, egun, Geroa Baiko parlamentaria da Nafarroako Parlamentuan.

Esther Cremaes, berriz, (Iruñea, 1959) Geroa Baik Espainiako Senaturako osatutako hautagaien zerrendaburua izango da. Joan den legegintzaldian Iruñeko Udaleko Garapen Komunitarioko eta Ekintza Sozialeko zinegotzia izan zen. Erizaintzan eta psikologian lizentziatua ere bada.

PSE-EEk ere datorren bozetarako zerrendak aurkeztu ditu, eta apenas dagoen aldaketarik apirileko 28ko hauteskundeetako hautagaiekin. Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako zerrendaburuak aurreko bozetako berak izango dira: Isabel Zelaa, Patxi Lopez eta Odon Elorza, hurrenez hurren.

EH Bildu, «ahots zorrotza»

Bestalde, Mertxe Aizpurua Espainiako Kongresuko EH Bilduko diputatu eta Gipuzkoako hautagaiak esan du amaitu berri den legealdi laburrean indar subiranistak erakutsi duela «hitza» betetzen dutela. EH Bilduko hautagaiaren arabera, gobernu aurrerakoi bati «ateak irekitzeko prestasuna» izan dute, eta «eskuina geldiarazi» dute.

Hori guztia aintzat hartuta, Aizpuruak uste du EH Bildu Espainiako Kongresuko «ahots zorrotza» dela, «Espainiako Estatuaren desbideratze autoritarioa» gelditzen duena, eta euskal herritarren «eskubide eta interesak defendatzen» dituena.

Kataluniako egoera aipatu du Espainiako Estatuaren «noraez totalitarioaren» adibide «argien» gisa. Horregatik, «inoiz baino gehiago ahots zorrotza» behar dela aldarrikatu du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.