Tituluetara eraman du nazioarteko prentsak bloke independentisten garaipena, hauteskundeak alderdi unionista batek irabazi dituela ia-ia oharkabean pasatzeraino. Mariano Rajoyren gobernuak hartutako danbatekoa da komukabideek nabarmendu duten beste gertakaria. Erresuma Batuko The Guardian egunkariak bide horretatik jo du, eta emaitzak gobernuarentzat «kolpe itzela» direla esan. The Times eta Financial Times egunerokoek ere ideia bera jaso dute. Azken horrek, hala ere, agerian utzi du independentistak ez direla botoetan gehiengo, eta, hortaz, ez daudela «independentzia aldarrikapena berritzeko moduan». The Independent-ek emaitza «dramatikoaz» mintzatu da.
Frantziako prentsak ere independentismoan jarri du arreta, baina etorkizunera begirako panoramari ere erreparatu dio. Le Monde-k honela dio: «Kataluniak, bitan zatituta, independentistei eman die berriz ere nagusitasuna». Ciutadansen garaipena «sinbolikoki irmoa baina, era berean, garratza» dela dio. LeFigaro harago joan da eta alderdi unionistaren garaipena «alferrekoa» izango dela nabarmendu. Rajoyk bozetara deituta «askatu nahi zuen mataza» egoera «konplexuagoan» utzi duela dio. Liberation-ek «zaplaztekotzat» jo du Rajoyrena: Konstituzioaren 155. artikulua ezartzeagatik.
Portugalgo Expresso-k Madrilgo teilatuan jarri du pilota. Publico-k, berriz, aurrerantzerako gakoa «zentzu komuna» izango dela dio: «Hauteskundeek gauza asko argitu dituzte, baita etorkizunera begira dena erabakitzeko dagoela ere».
Alemaniako Die Spiegel-ek ere galdetu du orain zer gertatuko den.
Italiako Corriere Della Sera azalera eraman du gaia; Carles Puigdemonten argazki bat paratu du, beste aukera bat izango duela iradokiz. Eskoziako The National-ek ere azalera eraman du gaia bai handi bat paraturik; «emaitza historikoa». Belgikako Le Soir-ek independentistek garaipenari eutsi diotela nabarmendu du.
AEBetan ere izan dute oihartzuna hauteskundeek. The New York Times-en arabera, independentisten gehiengo absolutua kolpe bat da batasunarentzat. Ildo beretik jo duThe Washington Post-ek: «Independentisten garaipenak ondorioa izango du estatuan».
Kataluniako hauteskundeak. Erreakzioak
Independentisten garaipena goratu du prentsak

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu