Oslo iraungi osteko okupazioa

Bake akordioek hogei urte bete ondotik, epea amaitu zaiela uste dute gero eta ahots gehiagok, eta Israelen okupazioa fase berri batean sartu dela irizten diote palestinarrek. Benjamin Netanyahuk bi estatuen irtenbidea babestu arren Washingtonen, inor gutxik sinesten du jada aukera horretan.

Ane irazabal
2015eko azaroaren 11
00:00
Entzun
Bandera haizatu dute, enbaxadak ireki dituzte, eta presidente bat daukate, baina palestinarrek gero eta urrunago dute estatu bat izatea. Osloko itunek 20. urtemuga bete duten honetan, lurralde okupatuetako palestinarrek ez dute bi estatuen irtenbidean gehiago sinesten.

Blokeo egoera aise antzematen da Palestinako politikarien hitzetan eta herritarren gogo aldartean. «Galdera argia da: nork sinesten du bi estatuen konponbidean? Irten kalera eta galdetu. Amets hori desagertu egin da», uste du Hamada Jaber analista politikoak.

Inkestek arrazoia ematen diote. Palestinako Ikerketa Zentroaren arabera, Zisjordaniako, Gazako eta Jerusalem ekialdeko palestinarren %60k baino gehiagok ez dute uste «egungo testuinguruan» estatu independente bat sor daitekeenik.

Eta testuinguru horrek ez dio aipu egiten kolonien etengabeko eraikuntzari soilik. Okupazioaren egungo arazorik larrienak hauek dira: Zisjordaniaren eta Gazaren arteko deskonexioa, Jerusalem hiriaren judutze prozesua, Israelgo armadaren eguneroko indarkeria, Palestinako agintarien ustelkeria kasuak eta herritarren txirotasun indize gero eta handiagoa.

Hala, begien bistakoa ezin ukatu, eta Osloko itunak hilik daudela aitortu behar izan du Mahmud Abbas presidenteak. «Bake hitzarmenek zentzua galdu dute. Statu quo-ak ezin du jarraitu» esaten ari da behin eta berriz azken boladan. Akordioak aspaldi agortu ziren, ordea. 1993an, Yasser Arafat PAE Palestina Askatzeko Erakundeko liderrak eta Yitzhak Rabin Israelgo lehen ministroak sinatu zuten ituna, bi baldintzarekin: Palestinako Aginte Nazionala —behin-behineko gobernua— sortzeko konpromisoa, eta bost urteren buruan estatu independente bat aldarrikatzeko hitzarmena.

Zisjordania hiru zatitan banatuta dago geroztik: A eremuan PANek agintzen du, eta hiri nagusiak batzen ditu; B eremuan palestinarren esku dago gobernu zibila, eta Israelgo armadaren menpe kontrol militarra; C eremuak, berriz, Zisjordaniaren zatirik handiena hartzen du, eta Israelek kontrolatzen du zeharo. Han ezarri dira azken hamarkadetako kolonia berriak. Baina Israelek lurralde osoan ezarri du kontrol militarra; batez ere, A eremuan dauden errefuxiatuen guneetan.

Behin betiko apurketa?

Mahmud Abbasen hurbilekoek orain nabarmendu dute bide orria hausteko prest dagoela eta Israeli «okupatzaile moduan» dituen ardurak exijituko dizkiola, baina oraindik ez dira nabaritzenultimatum horren ondorioak. Izan ere, ez ditu bertan behera utzi Tel Aviven eta Ramallahen arteko segurtasun akordioak, eta ez du bultzatu Palestinako Gobernuaren desegitea. Are gehiago, Israel Nazioarteko Zigor Auzitegira eramateko mehatxuak ez dira hezurmamitu. Hurrengo pausoak zein izango diren, hori inork ez daki. «Palestinako politikariak botereari eusten ari zaizkio; beraz, nazioarteko komunitatearen txanda da ausardiaz jokatzeko eta, berandu baino lehen, bake prozesua hilik dagoela onartzeko», uste du Jaberrek.

Hori horrela, aldarte zailean dago PAN. Izan ere, lurralde okupatuetako 170.000 familiak Ramallaheko gobernuaren soldata jasotzen dute, zuzenean edo zeharka. «Israelek Osloko akordioak manipulatu ditu, Zisjordania anexionatzeko. Okupazio militarraren atzean sionismoaren esentzia dago, eta ez du onartzen palestinarren autodeterminazio eskubidea. Horregatik, Tel Avivek ez du geratuko legez kanpoko kolonien eraikuntza; baina, aldi berean, komeni zaio Abbasek boterean jarraitzea», idatzi du Nathan Hersh Israelgo soldadu ohiak.

Hersh giza eskubideen aldeko ekintzailea da, eta bi estatuen irtenbidean sinesten du oraindik ere, Israelgo ezkerreko sionista askok bezala: «Ez dago beste konponbiderik. Bi estatu bi herrientzat. Horretarako borondatea behar da, ordea».

Gero eta bakartuago dagoen ezkerreko sionismoak azken hamarkadako gobernuei egotzi die bake elkarrizketen porrota. «Benjamin Netanyahuren azken bi legealdiek prozesua borobildu dute», irizten dio Hershek. Egungo gobernua osatzen duten kideen adierazpenak irakurtzea besterik ez dago. Ministro gehienak Palestinako estatuaren kontra agertu dira. Netanyahuk ere azken hauteskunde kanpainan adierazi zuen ez zela Palestinako estaturik sortuko bera lehen ministro zen bitartean. Zuzentasun politikoak jota, bere hitzak malgutu zituen ondoren. Eta, herenegun, Barack Obama AEBetako presidentearekin bildu zelarik, berriro ere bi estatuen irtenbidearen alde agertu zen Israelgo lehen ministroa, Washingtonen.

«Orduan, zergatik fartsa honekin jarraitu?», egin du galde Mehdi Hasan kazetari britainiarrak. Ayelet Shaked Justizia ministro polemikoa elkarrizketatu berri du Hasanek Al-Jazeeran, eta hark argi utzi dio beretzat zein den bakerako irtenbidea: «Ez da lurralde okupatu bat, lehiatua baizik. Jerusalem Israelena da. Gaza, berriz, Egiptoren ardurapean gera daiteke, eta Zisjordaniako B eta C eremuak anexionatu egingo ditugu. A eremuan dauden hiri arabiarrak Jordaniako konfederazio baten parte bihur daitezke». Shakedek ez du palestinar hitza ia inoiz erabiltzen.

Indarkeriak, gora

Indarkeriak gora egin du berriz ere lurralde okupatuetan. Azken inkesten arabera, palestinar gehienek ez dute konponbide politikoan sinesten, eta armen alde daude. Tentsio guztien erdian dago Jerusalemgo Meskiten Zelaigunea; izan ere, judu erlijiosoen sartu-irtenek biziki urduritzen dituzte palestinarrak. Tentsioa baretzeko asmoz, akordio bat lortu dute Netanyahuk eta Abbasek, eta Al-Aksa meskitarako sarrerak grabatuko dituzte aurrerantzean. Ez du ezertarako balio izan. Jerusalemen baretu egin da egoera, baina Hebron sutan dago egunero.

Izan ere, palestinarren etsipenak sustrai sakonagoak ditu, eta ez da Israelgo okupaziora mugatzen. Lidergo politikoa falta dela uste dute gehienek. «Mahmud Darwix, Eduard Said, Marwan Barghuti... Erreferentzia politiko eta kultural guztiak hil egin dira edo kartzelan daude», azaldu du Jaberrek.

Nolanahi ere, inor ez da ausartzen esatera ea hirugarren intifada iritsiko den edo ez. Batzuen ustez, aurrerantzean etorriko diren herri matxinadak laburragoak izango dira. Beste batzuen iritziz, azken hilabete eta erdiko haserrea ez da beste matxinada baten hasiera. «Hirugarren intifada abiarazteko, antolakuntza eta koordinazioa behar dira, eta denok ez dugu intifada mota bera nahi», uste du Jaberrek. Edonola ere, egoerak okerrera egingo duela uste dute gehienek.

Hala, lurralde okupatuetan gero eta ahots gehiago ari dira estatu bakarraren irtenbidea aldarrikatzen. «Zertarako balio du Palestinako bandera haizatzeak gero inolako eskubiderik ez baldin badugu? Israeldarrak ez dira joango. Gu ere ez. Horrenbestez, bizi gaitezen denak baldintza berean», adierazi du Jaberrek. Horretarako, ordea, gehiegi luzatu den statu quo-a desegin beharko da lehenago.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.