'Beti mugan' bihar amaituko da

ETB1ek euskarara bikoiztutako Norvegiako telesail bat emango du astelehenetik aurrera: 'Bikia'

ETB1eko Beti mugan telesaileko aktore protagonistetako batzuk. ETB.
urtzi urkizu
2021eko irailaren 1a
00:00
Entzun
Koronabirus kasurik ez duen fikziozko herri baten gorabeherak umorezko zipriztinez jaso ditu ETB1eko Beti mugan telesailak uda honetan, ostegun gauetan. Eta bihar seigarren eta azken atala emango dute.

Seigarren atal hori ikusi ahalko da, okerrik ez bada, behintzat. Kontuan hartzekoa baita abuztuaren 12an gertatutakoa: atal berri bat eman beharrean, aurreko asteko bera eman zuen ETB1ek. Atal berria Nahieran zerbitzuan baino ez zuten jarri. Hurrengo astean ere, abuztuaren 19an, fikzioaren zaleek gosez gelditu behar izan zuten, ETB1ek pilota jaialdi bat eman baitzuen ostegun gauean. Bosgarren atala, bai, joan den astean eman zuten. Eta, bihar, beraz, azkenekoa iritsiko da.

Pausokak ekoitzitako komediak ikusle datu apalak izan ditu: nahiz eta lehen atalak %4ko ikusle kuota bereganatu zuen, hurrengo ataletako ikusle kopurua nabarmen txikiagoa izan da. Bost atalen batez besteko ikusle kuota %1,8koa izan da.

Hauek izan ziren iazko udazkenean ETB1ek eman zituen telesailen ikusle kuotak: Alardea-k %1,6koa lortu zuen; Hondar ahoak-ek, %2,2koa; eta Altsasu-k, %4,6koa —13 eta 24 urte bitarteko ikus-entzuleen artean, berriz, %20,6koa—. Andoni Aldekoa EITBko zuzendari nagusiak, ordea, Eusko Legebiltzarrean PP-Ciudadanos taldeari erantzunez, adierazi zuen ez diotela emango jarraipenik «Altsasu-ren moduko» fikzioei, «polarizazio politikoa» eta «desadostasunak» sor ditzaketelako.

Beste alde batetik, Beti mugan telesailak koronabirusaren testuinguruan egin du umorea, eta ez du eragin kontrako eztabaidarik. Elena Irureta eta Mikel Laskurain dira aktore protagonistetako bi. Zera esan zuen Laskurainek BERRIAn, uztailaren 30ean: «Bada garaia bizi izan dugun egoeraz barre egiteko». Jabi Elortegik zuzendu du Beti mugan.

Pausoka ekoiztetxeak, bestalde, beste bi telesail grabatu ditu udan: Go!azen-en denboraldi berria eta Irabazi arte. Azken horrek nesken futbol talde baten gorabeherak kontatzen ditu, eta Jabier Garcia Bikuña da zuzendaria. Aurreneko atala Donostiako Zinemaldian proiektatuko dute, EITB galan. Telebistako emanaldiak, berriz, Go!azen-en sasoi berriaren ostean iritsiko dira. Haurrei zuzendua dago bereziki.

Norvegiako 'Bikia'

ETBk, era berean, propio haurrentzat ez den telesail bat bikoiztu du euskarara, aspaldiko partez: Twin. ETB1 astelehenean hasiko da Norvegiako fikzio hori ematen, Bikia izenburuarekin. Zortzi atalez osatua dago, eta 2019ko udazkenean estreinatu zuten Eskandinaviako herrialdean.

Erik eta Adam bikien istorioa kontatzen du fikzioak. Berdin-berdinak dira, baina bizitza guztiz desberdina daramate. Erik autokarabana batean bizi da, eta surfa egiten aritzen da. Adam, berriz, familiako negozio batean dirua egiten dabil, eta bi seme ditu. Istripu baten eraginez, bi bikietako bat hil egingo da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.