Netflixek Nafarroan grabatu duen telesail bat estreinatuko du irailean

'Tú no eres especial' gaztelaniazko fikzio bat da. Montxo Armendarizen ekoiztetxearena da

Delia Brufau Kataluniako aktoreak Amaia protagonistaren rola jokatzen du Netflixen telesailean. LANDER LARRAÑAGA / NETFLIX.
urtzi urkizu
2022ko uztailaren 27a
00:00
Entzun
Montxo Armendariz zinemagileak (Olleta, Nafarroa, 1943) eta Puy Oria ekoizleak sortutako Oria Audiovisual ekoiztetxearen fikziozko lan bat estreinatuko du Netflixek irailaren 2an: Tú no eres especial telesaila. Plataformak Nafarroan grabatu duen lehen telesaila da hori, eta ideiaren sortzailea Estibaliz Burgaleta Tuterako (Nafarroa) gidoilaria da. Gidoiak idazteko, Alberto Grondona, Sergio Granda, Inma Torrente eta Laura M. Campos izan ditu taldean Burgaletak —horietako batzuekin lan egina zuen lehendik ere, Skam telesailean—.

Telesaileko protagonista 16 urteko neska bat da: Amaia. Haren hitzetan, «kaka hutsa» da bizi duen bizitza. Bartzelonan bizi izan da orain arte, baina amaren herrira joan beharko du: fikziozko Salabarria herrira. Herri horretan ez da ezer gertatzen, zeharo aspergarria da neskarentzat. Baina, pixkanaka, konturatuko da bere bizitzak bira polita egin dezakeela. Interesgarriagoa bilakatuko da dena, amonaren botereak heredatu dituela jakiten duenean. Ezin izan zuen amona ezagutu, baina baten batek esango dio Salabarria herriko sorgin bakarra izan zela.

Nerabeen komediatzat jo du fikzioa Netflix plataformak. Sei atalez osatua dago. Grabaketa guztiak Nafarroako Lekunberrin eta Leitzan egin zituzten. Bi herri horietatik gertu dauden beste udalerri batzuetan ere egin zituzten grabaketak, iaz. Gaztelaniazko lan bat da. Euskarazko hitzak entzungo ote diren ez dute iragarri.

Amaia protagonistaren rola Delia Brufau aktoreak jokatuko du —TV3eko Les de l'hockei telesail arrakastatsuan aritua da—. Beste aktore hauek ere parte hartuko dute Tú no eres especial fikzioan: Oskar de la Fuente, Ainara Perez, Jamie Wang, Elia Galera, Jordi Aguilar, Gabriel Gebara eta Miriam Cabeza. Azken hori ezaguna da ETBko ikus-entzuleentzat, Vaya semanita-n eta umorezko beste zenbait saiotan lan egin baitu.

Salavarria, orain Salabarria

Telesailaren proiektuaren berri eman eta Nafarroan grabatzekoak zirela iragartzeko, Netflixek Salavarria fikziozko herriaren argazki bat zabaldu zuen sare sozialetan 2020ko abenduan. Makina bat herritarrek, sare sozialen bidez, kritikatu egin zuten herriaren izena v-rekin jarri izana, eta iradoki zuten Nafarroako eremu euskaldunean girotutako herriakSalaberria edo Salabarria beharko lukeela, b-rekin, «sinesgarritasunaren izenean». Ekoiztetxeak eta Netflixek aintzat hartu zituzten kritika haiek, eta Tú no eres especial telesaila garatzen den herria Salabarria izango da.

Euskal Herrian grabatutako beste telesail bat estreinatu du aurten Netflixek: Intimidad. Txintxua Films ekoiztetxeak egin du, eta Bilbon girotuta dago. Ingelesezkoa ez den Netflixeko telesailen artean gehien ikusitakoa izan zen mundu osoan, ekainaren 13tik 19rako astean. Itziar Ituño da aktore protagonista.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.