Txillida Leku, ateak irekitzear

Zazpi urtean itxita egon ondoren, bigarren seihilekoan irekiko dute Txillida Leku museoa. Horrez gain, nabarmentzekoa da udazkenean Eusko Ikaskuntzak beteko duela mendeurrena.

Eduardo Txillidak bere ibilbide oparoan egindako eskultura asko Txillida Leku museoan batu zituen. JAVIER ETXEZARRETA / EFE.
Naiara Elola.
2018ko urtarrilaren 2a
00:00
Entzun
Azpimarra merezi duten hamaika kultur ekitaldi, erakusketa eta kontzertu izango da aurten Euskal Herrian. Euskal Herriko Bertsolari Txapelketa Nagusiaren oihartzuna isildu ez bada ere, laster hasiko dira Bizkaiko eta Ipar Euskal Herriko bertsolari txapelketak. Horrez gain, efemeride borobilak ere izango dira 2018an. Esaterako, otsailean 25 urte beteko dira Estitxu (1944-1993) abeslaria hil zela, eta udazkenean, aldiz, 100 urte Eusko Ikaskuntza erakunde zientifiko eta kulturala sortu zela. Horrez gain, urte berriarekin batera, 2011. urtean Txillida Leku museoa itxi zutenetik egon den hutsunea beteko da, Suitzako Hauser&Wirth etxeak irekiko baitu 2018ko bigarren seihilekoan.

«Atsedenerako» lekua bilatu nahi izan zien bere sorkuntzei Eduardo Txillidak (1924-2002). Hernanin (Gipuzkoa) aurkitu zuen toki hori, Txillida Leku deituriko museoan. 2000. urtean zabaldu zuten. Baina, 11 urtera, 2011n, museoa itxi egin zuten, «defizitarioa» zen artistaren familiaren esanetan. Ordutik, erakundeek hainbat ahalegin egin dituzte museoa berriz irekitzeko. Joxean Muñoz Eusko Jaurlaritzako Kultura sailburuordeak jakinarazi zuenez, akordiotik «inoiz baino gertuago» egon ziren 2016an. Baina, negoziazioetan parte hartu zuten Eusko Jaurlaritzak eta Gipuzkoako Foru Aldundiak, eta atzera egin zuten.

Orain, erakunde pribatu baten eskutik heldu da soluzioa. Izan ere, Eduardo Txillidaren familiak Hauser&Wirth etxearekin egin du akordioa. Galeria horretako ordezkariek adierazi dutenez, Txillidaren ondarearen ordezkaritza esklusiboa izango dute aurrerantzean. Gaineratu dutenez, Txillida Lekun eredu iraunkor berria garatzeko asmoa dute, «Txillidaren ikuspegia kontuan hartu, eta bere lanak beste sortzaile handi batzuen testuinguruan kokatzeko erakusketa egitaraua osatuz». Oraindik irekieraren data zehatza iragarri gabe dago, baina ekainetik aurrera izatea espero da.

Gipuzkoako museoak baino etenaldi laburragoa izan du, bestalde, Bertsozale Elkarteak antolatzen duen Bertso Egunak. 2016an gogoetarako tartea zabaldu zuten, ordu arteko eredua agortua zegoelako, eta ospakizuna birpentsatzeko. Hilabete honen amaieran ikusi ahal izango da gogoeta prozesuaren emaitza. Izan ere, urte luzez Donostian egin ondoren, Gipuzkoako hiriburua utzi, eta lehenengoz Mungian (Bizkaian) egingo dute, urtarrilaren 27an. Kokalekua urtero aldatzea da asmoa, gainera.

Bertsolarien arteko lehiak ere izango du tokia aurten ere, udaberrian hasiko baita Bizkaiko Bertsolari Txapelketa. Bi fase izango ditu: udaberrikoa eta udazkenekoa. Abenduan jakingo da Bizkaiko bertsolaririk onena zein den. Horrez gain, Ipar Euskal Herriko Xilaba txapelketaren txanda ere izango da aurtengoa. Oraindik erabaki gabe duten arren, baliteke lehiak orain arte izan duen moldea aldatzea.

Guggenheimeko egitaraua

Dagoeneko Bilboko Guggenheim museoak iragarri ditu datozen hamabi hilabetean ikusi ahal izango diren erakusketak. Denboraldi berria otsailean abiatuko dute, Henri Michaux (1899-1984) artistari buruzko Beste aldea atzera begirakoarekin. Horrez gain, Esther Ferrer eta Joana Vasconcelos artisten lanak ere erakutsiko dituzte martxotik aurrera. Garai digitalean arteak eta arkitektura duten loturen inguruan hausnarketa sustatuko du museoak abenduan bisitatu ahal izango den Architecture Effects erakusketaren bitartez.

Hain zuzen ere, arkitekturarekin lotutako gune berria garatzen hasiko dira aurten. Izan ere, Donostiako Santa Teresa komentua izan zen eraikina Euskal Herriko Arkitektura Garaikidearen Institutuaren egoitza izango da 2019an. Erakunde berri horren helburuak hiru izango dira: arkitektura sustatzea, zabaltzea eta ezagunagoa egitea.

Bestalde, otsailean 25 urte beteko dira Estitxu abeslaria hil zela. Haren omenez, Frank Dolosor kazetariak dokumental bat egin du, eta hamaika aukera izango da hori ikusteko. Horrez gain, udazkenean, 100 urte beteko dira Eusko Ikaskuntza erakunde zentifiko eta kulturala sortu zela, Oñatin (Gipuzkoa). Badira bi urte Iñaki Dorronsoro elkarteko lehendakaria urteurrena ospatzeko kongresua prestatzen ari dela.

Maskaradak eta pastoralak

Pastoral eta maskarada urtea ere izango da 2018a. Izan ere, Muskildik (Zuberoa) antolatu eta eramango ditu herriz herri maskaradak. Lehen emanaldia igandean egingo dute Muskildin bertan. Pastoralak, berriz, bi izango dira. hamalau urteren ondoren, Maulen egingo dute bi pastoraletako bat, eta bestea, aldiz, Hiriburun (Lapurdi).
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.