TV3ek eta Catalunya Radiok bat egin dute, 3Cat marka sortzeko

Katalanezko 'streaming' plataforma ere 3Cat izango da. Edukien fabrika bat» sortzea dute xede

Kataluniako Ikus-entzunezko Hedabideen Korporazioak asteazkenean aurkeztu zuen 3Cat marka. CCMA.
urtzi urkizu
2023ko uztailaren 8a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Lauzpabost urte iraungo duen prozesu baten ostean, 3Cat markak TV3 telebistaren eta Catalunya Radio irratiaren lekukoa hartuko du. Bat egingo dute katalanezko telebistak eta irratiakikus-entzunezko edukien marka bateratzailean. Prozesua 2028an amaituko litzateke, eta urte horretan desagertu egingo dira TV3 eta Catalunya Radio markak.

Kataluniako irrati-telebista publikoko zuzendariek marka berria aurkeztu dute asteon, Bartzelonan. Iragarri dutenez, irailean sortuko den streaming plataforma berriak 3Cat izena izango du—irailean sortuko da Primeran plataforma ere, EITBren eskutik—. Horrez gain, udazkenetik aurrera egiten dituzten telebista saio berri guztiek 3Catek ekoitzia zigilua izango dute. Hain zuzen ere, «edukien fabrika handi bat» irudikatu nahi dute, telebista, irrati edo eduki digitalen sailkapenaz harago.

Sigfrid Gras TV3eko zuzendariak zera adierazi du marka aldaketaz: «TV3ek 40 urteko ibilbidea egin du, prestigioz eta lorpenez betea. Baina guztion betebeharra da katalanezko telebistaren etorkizuna bermatzea».

Jordi Borda Catalunya Radioko zuzendariak, bide beretik, taldeak egindako mugimendua nabarmendu du: «Gure nortasunaren indarra aintzat hartuta, orain hasiko dugun bidea garrantzitsua da. Audio eta irrati bisualaren unibertso guztiaren arduradunak izango gara, eta eduki horiek askotariko leihoetan zabalduko ditugu». Markaren garapenean, gainera, lehenbizi Catalunya Radiok Catradio izena hartuko du. Hemendik hilabete gutxira gertatuko da hori.

Sei aldiko prozesua

Nuria Fargas Kataluniako irrati-telebistako negozio eta marketin zuzendariak iragarri duenez, 3Cat markaren zabalkundeak sei aldi izango ditu: «Lehen aldia aste honetakoa izan da, markaren aurkezpena; bigarrena irailean iritsiko da, Catradio irratiaren irudi berriarekin; sasoi berean, bideo eta audio edukien eta eduki digitalen marka berria ezarriko dute; udazkenean bertan, 3Cat Interneteko sare sozialetan agertuko da, eta streaming plataforma abian jarriko dute; bosgarren eta seigarren faseak geroago iritsiko dira, eta 3Cat marka telebista eta irrati eremuetara zabalduko da».

Alex Marquina taldeko marketin arduradunak azaldu du zergatik aldatu duten marka: «Marka bakar batek aukera ematen digu herritarren identifikazio hobeagoa izateko. Erabiltzailearen esperientzian sinplifikazioa dakar, guri nortasuna ematen digu, eta marka gogoratua izateko ahalmena areagotu egiten da».

3Cat streaming plataforma berriaz xehetasun batzuk ere eman dituzte. «Transmedia» eta «interaktiboa» izango da, eta bideoak nahieran eskainiko ditu, zuzeneko kanalak, gaikako kanal bertikalak, bideojokoak eta musika. Telesailak, dokumentalak, kirolak, kultur saioak, zientzia, eta haur eta gazteentzako edukiak izango ditu. Denak katalanez.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.