Semearen semea

Bernardo Atxagaren 'Soinujolearen semea' nobela zinemara egokitzen ari da Fernando Bernues. Donostian ari da filmatzen egunotan, Miramar jauregian. Hilaren 27an bukatuko du filmaketa. Bideoa, albistearen amaieran.

Donostiako Miramar jauregiko txoko bat Obabako Alaska hotela bihurtu dute egunotan Soinujolearen semea filmerako. Argazkian, Fernando Bernues zuzendaria ageri da, atzoko filmaketan. JON URBE / FOKU.
Amagoia Gurrutxaga Uranga.
Donostia
2018ko ekainaren 15a
00:00
Entzun

Alaska hoteleko barra gainean, kopak hutsik, norbaitek noiz beteko zain. Miramar jauregiko zati txiki bat nahikoa, Obabako hotela irudikatzeko. Hemen bizi da Teresa, soinu jotzailearen semeari, Davidi, aitaren iragan kolaborazionista ezagutaraziko diona. Hemen zabaltzen zaio mundu bat Davidi, Josebaren bitartez. Hirugarren filmaketa gaua dute gaur Miramarren, eta Josebak eta lagunek su emango diote Alaska honi.

«Hotel honetan gurutzatzen dira tramako hari asko», Fernando Bernues telebista, antzerki eta zinema zuzendariaren hitzetan. Badaki zerbait tramaz, Bernardo Atxagaren Soinujolearen semea nobela zinemaratzeko lanean ari baita; eta antzerkira eraman baitzuen, izen berarekin, 2012an.

«Obra hau irakurri nuenean, barrua ukitu zidan. Nire historia, gure historia, ikusi nuen bertan idatzita. Eta adiskidetasun istorio handi eta unibertsal bat kontatuz. Arima oihuka hasi zitzaidan, istorio hau neure hizkuntzan konta nezan». Irudiena du hizkuntza. Filma egitea izan zuen lehen helburua, baina ezinezkoa gertatu zitzaionez une hartan —«beste batzuek hartuak zituzten filma egiteko eskubideak»—, antzerkira jo zuen. Hala etorri zen Soinujolearen semea obra mundura, Patxo Telleriaren gidoiarekin. Gero etorri zen filma egiteko aukera, eta hementxe dago, hasierako ametsa, nobela zinemara eramatea, errealitate bihurtzen. «Halaxe eskatzen zidan barrenak». Eta barrena lasaitzear da.

Soinujolearen semea eleberriak itxi zuen Atxagaren zirkulu obabarra. Soinujolearen semea filmak itxiko du Bernuesek nobelari egindako bertsioen zirkulua. Atxagak berak Ultzaman (Nafarroa) egin zien bisita ekarri du gogora: «Ikusi orduko jakin zuen zer ari ginen filmatzen. Hitza haragiztatuta ikusi zuela iruditu zitzaidan, eta ederra izan zen». Hau du semearen azken semea, bai, barreka nabarmendu duenez.

Bosgarren astean

Erditzea ez da bukatu oraindik, baina. Bosgarren filmaketa astea da hau. Ultzama Kalifornia bihurtu dute; jauregi hau Alaska hotela; Irunen (Gipuzkoa) ere aritu dira filmatzen; Nafarroara itzuliko dira segidan, Lesaka eta Berara, Obabako paisaien bila. «Hil honen 27an bukatuko dugu filmaketa. Baliteke filma urriaren bukaerarako amaituta egotea, eta urtarrilean estreinatzea litzateke asmoa», Bernuesen esanetan.

Bigarren erditze honetan, aurrenekoan bezala, Patxo Telleria izan du gidoigile Bernuesek. Aktore taldean, Aitor Beltranek jokatzen du Daviden rola; Iñaki Rekartek Josebarena. Joseba Apaolazak, berriz, soinujolearen rola. Antzezlanean David zen, Alaska honetako terrazan eserita gogoratu duenez: «Lan taldeko asko izen bereko antzezlanetik ezagutzen gara, eta pixka bat familiakoa egiten da istorioa». Lanen erdiak eginak ditu jada; sei bat filmaketa egun ditu oraindik egiteko.

Apaolazak ondoan du Asier Hernandez. Berlino falangistaren rola jokatzen du berak filmean: «Berlinok darama hotela. Gerra aurretik, Don Pedro errepublikazalearena zen negozioa, baina gerrarekin nagusi jarri zirenek kendu egin zioten». Teresaren aita ere bada Berlino, eta Teresaren rola Miren Arrietak jokatzen du. Lehen aldia du horrek zinema lanetan, telebistatik baitator, eta ikasteko dagoela dio: «Ez daukat esperientziarik pertsonaia bat eraikitzen, eta oso biluzik eta txiki sentitzen nintzen hasieran».

Gaur ez zaie denei egokitu etorri beharra, baina aktore taldean daude, baita ere, Cristian Merchan, Bingen Elortza, Mireia Gabilondo, Frida Palsson, Laia Bernues e ta Eneko Sagardoy. Gonzalo Fernandez Berridi ari da arduratzen argazki zuzendaritzaz; Fernando Velazquez musikaz. Abra Proud eta Tentazioa ekoizpenaz. Grabagailuak itzali. Aktoreak makillatzeko ordua heldu da. Kamerak piztu. Sute bat dator Alaska hoteleko terrazako eskaileretan behera.

[youtube]https://youtu.be/RpEu9pLBGvw[/youtube]

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.