Nafarroako memoria historikoari buruzko 32 atal Hamaikan ikusgai

'Hezurren memoria' saioa estreinatuko dute astelehenean. Beste bi saio egingo dituzte Iruñean

Memoria historikoarekin lotutako 150 elkarrizketa egingo dituzte Hezurren memoria saio berrirako. HAMAIKA.
urtzi urkizu
2019ko apirilaren 25a
00:00
Entzun
Datozen hilabeteetan, Hamaikak Nafarroako memoria historikoan sakonduko du, eta bereziki 1933tik 1945era izandako gertakarien muinera joko du Hezurren memoria saio berriak. Astelehenean estreinatuko dute programa, 21:00etan —Hamaikaren nahieran zerbitzuan ere ikusgai egongo dira atalak—. Iñaki Lasa izango da saioko aurkezle eta zuzendaria. 40 minutuko 32 atal egingo dituzte orotara, eta gaiarekin lotutako 150 elkarrizketa inguru egiteko asmoa dute.

Lasak iragarri du II. Errepublikak, 36ko gerrak eta gerraosteak Nafarroan utzi zituenak jasoko dituztela programan. Aurkeztu berri dute Navarra 1936. De la esperanza al terror [Nafarroa 1936. Itxaropenetik izura] liburuaren hamargarren edizioa, eta Lasak azaldu du lan hori erreferentetzat hartu dutela. «Liburuak herriz herri eta gaika jasotzen du urte haietan gertatu zena. Guk lekukotzak jaso nahi ditugu: errepresaliatuak izan zirenen seme-alabak eta bilobak elkarrizketatuko ditugu, baita garai hura aztertu duten historialariak ere». Zenbait atal propio herri baten ingurukoak izango dira: Lodosa, Sartaguda, Tafalla, Sakana, Iruñea... «Aldi berean, gai batzuk transbertsalak dira, eta herri askotan gertatuak jasoko ditugu atal bakarrean. Esate baterako, irakasleen aurkako errepresioa, emakumeen kontrako errepresioa, euskara edota esklabotza». Gaur egungo musika entzungo da ataletan. «Bisualki gazteentzat produktu erakargarria egiten saiatzen ari gara».

Lasak uste du lan «konplexua» izango dela gaiarekin lotutako 150 elkarrizketa eta 32 atal egitea. «Baina baloratu behar da Hamaikak egin duen ahalegin hau». Programaren zuzendariak uste du proiektuak «bide sozial bat» izan dezakeela: «Asmoa dugu herrietara joateko eta proiekzioak egiteko. Bestetik, gaia ez da behar bezala landu ikastetxeetan; irakasleek esaten digute materialak ez direla egokiak. Egingo dugun bilduma honek leku interesgarria izan dezake eskoletan, ikus-entzunezkoetan material gutxi baitago».

Beste bi saio berri asteon

Hamaikaren Iruñeko lantaldeak beste bi saio egingo ditu: Lotsagabe eta Hiri baratzea. Hain zuzen ere, atzo gauean eman zuen Hamaikak Lotsagabe-ren aurreneko atala. Bertan, Nafarroako arlo desberdinetako emakumeak izango dira protagonistak. Ainhoa Bayanok eta Arantxa Areizagak egingo dute saioa. «Feminismoaren ikuspuntutik, emakumeen egunerokoan sakonduko dugu», iragarri du Bayanok. 32 atal emango dituzte, asteazken gauetan. «Erreportaje formatua izango du. Adibidez, protagonista dendari bat baldin bada, bere dendara joango gara».

Anabel Arraizak, bestetik, Hiri baratzea saio berria aurkeztuko du ostiralero, bihartik hasita. Iñigo Segurolaren laguntzarekin, Iruñerriko lurren emankortasuna erakusten eta bertako produktuen berri ematen saiatuko dira.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.