'Ihesaldia' telesailak %2,1eko ikusle kuota izan du batez beste

16.000 ikusle izan ditu fikzioak Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan. ETB1eko kuota %1,9 da

Miren Gojenola, Mikel Laskurain eta Nerea Gorriti, Ihesaldia telesailaren fotograma batean. PAUSOKA.
urtzi urkizu
2019ko abenduaren 21a
00:00
Entzun
Hiru urte eta erdiz ETBk ez du helduentzako euskarazko telesailik eman. Hainbat alorretatik kritikatu dute azkeneko urteetan euskarazko telesailen falta. Baina fikzioa itzuli denean, premia horrek ez du izan islarik ikusle datuetan: Ihesaldia-k batez beste 16.000 ikus-entzule izan ditu Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan (%2,1eko ikusle kuota). Azaroan ETB1ek %2,2ko kuota bereganatu zuen, eta abenduan, orain arte, %1,9koa du batez beste. Bada Ihesaldia-ren inguruko datu kezkagarri bat, gainera: 25 eta 44 urte arteko herritarren artean %0,5eko ikusle kuota izan du telesailak. Hobea izan da datua 13-24 urte arteko gazteen artean: %2,6koa. Bost atal izan ditu telesail berriak, abenduaren 15etik 19ra eman ditu ETB1ek, eta Nahieran zerbitzuan ikusgai daude.

ETB1ek helduentzat egin zuen aurreko telesaila Eskamak kentzen izan zen. 2016ko udaberrian, %2,5ko ikusle kuota eta batez beste 21.250 ikusle izan zituen.

Banatzaile bat atzerrirako

Pausoka ekoizpen etxeak egin du Ihesaldia, eta bost atalak bost astetan grabatu zituzten —espetxeko eszenak Segovian (Espainia) grabatu zituzten—. Xabi Zabaleta Ihesaldia telesaileko gidoilari eta ekoizle eragileak balantze ona egin du: «Lan ona egin dugula uste dugu; egin diren ikerketetan emaitzak oso onak izan dira, eta, kanpoan erakutsi dugunean, harrera oso ona izan da. Gainera, dagoeneko badaukagu nazioarteko salmentetan arituko den banatzailea, lehen bi atalak ikusi ondoren akordioa sinatu genuen eta».

Zabaletak gogorarazi du irailaren 23an hasi zituztela grabaketak, eta hiru hilabete eskasean amaitu dutela. «Jakina, audientzia handiagoa izatea gustatuko litzaiguke, baina gaur egun telesailen bizitza ez da mugatzen lehen emanaldira, eta ziur gaude Ihesaldia-k poztasun bat baino gehiago emango dizkigula». Itxaropen hitzak egin ditu Zabaletak: «Espero dugu etorriko diren euskarazko beste telesailentzako bidea irekitzen lagundu izana, euskaraz kontsumitzeko ohitura falta nabaria baitago. Ohitura horiek berreskuratzeko urteak eta proiektu erakargarriak beharko dira, unean uneko emaitzei gehiegi begiratu gabe».

Gorka Garcia ETBko saioen zuzendaria pozik mintzatu da Ihesaldia-z, «kontakizun eta telesail on eta egokia egin delako». Urratutako bidearekin gustura dago ETBko zuzendaritza. «Beste proiektu eta esperientzia batzuk ekarriko ditu. Jabetzen gara urteotan fikzioaren arloan telebistan izandako hutsuneaz, eta sinetsita gaude ekin diogun bidean aurrera jarraitu behar dugula», gaineratu du Garciak. «Kontakizun sozialetan» oinarritutako telesailak edo fikzioak egitearen aldeko apustua berretsi du.

Pausoka ekoiztetxea, une honetan, beste telesail bat egiten ari da ETBrentzat: Go!azen. Haurrei zuzendutako telesail horrek denboraldi honetan %4,3ko ikusle kuota du, oraingoz.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.