Koronabirusaren albiste faltsuak jasotzeko zerbitzua sortu du EITBk

Egiaztatze talde batek ezeztatuko ditu herritarrek bidalitako albiste faltsuak, eta sarean zabaldu

Herritar batzuk kalean, sakelako telefonoari begira. MOURAD BALTI TOUATI / EFE.
urtzi urkizu
2020ko martxoaren 20a
00:00
Entzun
Koronabirusari buruz azkenaldian sortzen eta zabaltzen ari diren zalantzazko informazioei aurre egiteko asmoz, herritarren parte hartzea behar duen zerbitzu bat jarri du martxan Euskal Irrati Telebistak: albiste faltsuak ezeztatzeko zerbitzua. Herritarrek koronabuloak@eitb.eus helbide elektronikoan eta 600-90 04 54 Whatsapp zenbakian koronabirusari buruzko argazki, bideo edo albiste susmagarrien inguruan abisua emateko aukera dute jada.

Hor jasotako abisuekin, eta gaiak egiaztatu ostean, albiste faltsu horiek ezeztatu egingo ditu egiaztatze talde batek, eta gai zehatz horren inguruan webgunean, irratietan zein telebistan sortzen diren egiazko albisteak eitb.eus/koronabuloak webgunean argitaratuko ditu.

Ez helbide elektronikoak ez Whatsapp zenbakiak ez dute emango inolako erantzunik. Datuak baieztatzeko erabilgarriak izan daitezkeen xehetasunak behar izanez gero bakarrik jarriko da EITB bidaltzailearekin harremanetan.

Mezuak eitb.eus atarian argitaratzeaz gain, EITBk Facebook, Twitter eta Instagram sare sozialetan dituen profiletan ere emango du horien berri.

EITBk urratsa egitea erabaki du «euskal gizarteari ematen dion zerbitzu publiko gisa», besteak beste, herritarrek jasotzen duten informazioa «fidagarria, egiaztatua eta kalitatezkoa» dela bermatzeko. Are gehiago, azken egunotan, nahita edo nahi gabe, informazio faltsuak sare sozialak eta Whatsapp taldeak betetzen ari diren egunotan.

Halaber, EITBk inFORMAZIOA kanpaina jarri du abian, gezurrezko albisteen kontra. Albiste faltsuen aurkako informazio eta prestakuntza eskaini nahi du taldeak. Horrenbestez, EITBko komunikatzaileak prestatzaile bilakatuko dira, zein albiste sinetsi behar diren erakusteko. Informazioaren aurrean «espiritu kritikoa» izatea da xedea, kanpainaren sustatzaileen arabera.

MIT txostenaren arabera, albiste faltsuak %70 gehiago bertxiotzen dira benetako informazioak baino. Eta herritarren %86k arazoak izaten ditu gezurrezko eta benetako albisteak bereizteko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.