'Gure kasa' platora itzuliko da, eta astero hiru gonbidatu izango ditu

Joseba Olagaraik herritar ezezagunen lekukotzak jasoko ditu. Ostegunero emango du ETB1ek

Maddalen Arzallus, Julen eta Antton Telleria, Joseba Olagarai, Aitziber Garmendia eta Joseba Beloki, Miramonen. EITB.
urtzi urkizu
Donostia
2020ko maiatzaren 21a
00:00
Entzun
Bi hilabete etxetik atera gabe eman eta gero, Gure kasa platora bueltatu da. Berrikuntza askorekin ekingo dio gaur etapa berriari: asteroko prime-time saio bihurtu da, eta gonbidatu bakarra izan beharrean, hiru izango dituzte. Lehen programan, Iker Irribarria pilotaria, Xabi Solano musikaria eta Lucia Lakarra dantzaria gonbidatu dituzte. Nahiz eta haien bizitza profesionala bertan behera geratu den, egoera berrira moldatu behar izan dute. Etorkizuneko proiektu asko dituzte, eta horien berri ematera joango dira Gure kasa-ra.

Julen eta Antton Telleria aurkezleek izar bilakatzen ari den Virginia Santos izango dute alboan —Aitziber Garmendiak jokatzen du pertsonaia—. Fase berrian, hauek izango dira saioko kolaboratzaileak: Joseba Beloki, Maddalen Arzallus, Onintza Enbeita, Marta Elvira eta Joseba Olagarai.

Beloki euskal gizartean eta kulturan erreferente diren lagunekin elkartuko da, eta COVID-19ak haien lanbide eta bizitzan nolako eragina izan duen ikusi ahalko da. Gaurko saioan, Mikel Martinez aktorearekin izandako solasaldia emango dute;Elvirak, bere estiloari eutsiz,orain «terrazeoa» egingo du. Lehenengo saio horretan, Zumaian (Gipuzkoa) izan da, hiru gonbidatu ospetsuei buruzko galderak egiten; Arzallusek Abestien zaindaria atala egiten jarraituko du, eta abestien bertsio bereziak ere prestatuko ditu; Olagaraik atal berri bat estreinatuko du, herritar ezezagunen testigantzekin osatua. Lehen bideoan, maiatzean ezkondu behar zuen Gasteizko bikote batekin izan da Olagarai, eta kontatu diote ezkontza bertan behera utzi behar izan dutela; Enbeitak «lehenengo aldiak» izango ditu hizpide: lehenengo aldia ile-apaindegian itxialdiaren ondoren, lehenengo aldia arropa denda batean itxialdiaren ostean... Nola ibili behar da orain halakoetan? Zeintzuk dira arau berriak? Hurrengo astean hasiko da bertsolaria atal horrekin.

Saioaren etapa honetan beste berrikuntza bat ere egongo da: astero kolaboratzaile ezagun bat egongo da, bere txokorik kutunenak erakusten. Gaur, Reyes Prados kazetari eta aurkezleak Elgoibarko (Gipuzkoa) bazterrik kutunenak grabatu eta platoan erakutsiko ditu. Euskal Herriko lekuak ezagutarazi nahi ditu saioak tarte horrekin.

Unai Etxabe Gure kasa-ko zuzendariak iragarri du ekainaren bukaera arte izango dela saioa asterokoa —osteguna, 22:30ean—. «Entretenimenduzko saio bat egin nahi dugu, gure gaien eta gure kulturaren ingurukoa». Protagonistak Euskal Herriko pertsona ezagunak izango direla nabarmendu du, «esparru guztietakoak». Ordutegi aldaketak tonuan eragina izan dezakeela uste du Etxabek: «Pixka bat lotsagabeagoak izango gara, ordutegiak laguntzen digulako».

Azkeneko asteetan Zuen kasatik gure kasara saioan beste formatu batera moldatu eta helburua lortu dutela uste du Etxabek. «Baina etxetik atera eta Miramongo estudiora itzultzeko desiatzen geunden».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.