'Hitzetik hortzera' saioaren denboraldia gaur gauean hasiko da

Iaz bezala, ETB1eko saioak ez du platorik izango, eta hainbat herritan grabatuko dute

Bertso udalekuen inguruko erreportaje bat emango dute gaur ETB1eko Hitzetik hortzera saioan. ETB.
urtzi urkizu
Donostia
2021eko irailaren 11
00:00
Entzun
Udako atsedenaldiaren ostean, bertsoak bueltan dira Euskal Telebistara. Ikasturte berriarekin batera, gaur hasiko da Hitzetik hortzera bertsolaritza saioaren 32. denboraldia, 21:00etan. Lehen atalean, bertso udalekuak gertutik ezagutzeko aukera izango dute ETB1eko ikus-entzuleek; baita abuztuan plazak utzitako bertso esanguratsu batzuk entzuteko parada ere.

Euskal Herriko hainbat txokotan egiten dituzte urtero bertso udalekuen txanda bat baino gehiago. Aurten, egoerak baldintzatuta izan bada ere, elkartu eta bertsoaz gozatzeko modu ezberdin eta berezi bat izan dute Euskal Herri osoko hainbat haur eta gaztek. Iran?etako (Nafarroa) txandan izan zen Eider Perez aurkezlea, bertsolariak iritsi ziren egunean hain zuzen ere, eta bertako protagonistekin solasean aritzeko aprobetxatu zuen. Gaizka Azkarate saioko zuzendariak nabarmendu du urte asko zirela Hitzetik hortzera-n bertso udalekuek tarterik ez zutela.

Bertso udalekuetara joateaz gain, Berriozarren (Nafarroa) eta Donostian ere izango da Hitzetik hortzera gaurko atalean: Berriozarren, abuztuaren hondarrean, urteroko bertso jaialdia antolatu zuten; eta Donostiako Piratek antolatutako Kabotajea 2021 programaren parte izan zen bertso saio musikatuaz ere gozatuko ahalko dute ikusleek.

Horrez gain, June Diaz Algortako Bertso Eskolako (Bizkaia) kidearen bertsoaldi kutuna ezagutzeko aukera izango da; 2016ko Xilabako finala gogoratuko dute.

Bertsolaritza programako zuzendariak nabarmendu du iazkoaren bidetik jarraituko dutela aurten: «Iaz azalberrituta etorri zen saioa, eta aurtengoa iazkoaren jarraipena da. Formatua egonkortu egin genuen, eta bertsoak emateko dinamismoan asmatu egin genuen». Aitortu du aurreko denboraldian osasun larrialdiak zenbait muga ezarri zituela. «Aurten, muga horiek gainditu, eta iaz iritsi ezin izan ginen tokietara heldu nahi dugu».

Saioak ez du plato finkorik izango, eta Eider Perezek hainbat herri eta hiritan egingo ditu aurkezpenak. «Bertsolaritzaren plaza lurralde desberdinetan erakutsiko dugu», iragarri du Azkaratek. Gidoiez Txakur Gorria taldea arduratuko da.

Xilabaren, eta Nafarroako eta Bizkaiko txapelketen jarraipena egingo du saioak udazkenean, eta finalak zuzenean ere ikusi ahalko dira ETBn.

Perez aurkezlea Biziki markako Ilazki Lili Arrue diseinatzaileak jantziko du denboraldiak iraungo duen 26 ataletan. Saioan erabiliko dituzten abesti guztiak euskal musikariek sortuak izango dira.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.