ETB1eko 'Egunak egin du' saioa lehiaketa bihurtuko da

Asteartean hasiko dira formatu berriarekin. Bi herritar arituko dira lehian, 100 euro lortu nahian
<em>Egunak egin du</em> lehiaketa aurkeztuko du Klaudio Landak asteartetik aurrera.
Egunak egin du lehiaketa aurkeztuko du Klaudio Landak asteartetik aurrera. JON URBE / FOKU Tamaina handiagoan ikusi

Urtzi Urkizu -

2020ko urtarrilak 25
ETB1eko aurreneko late night gisa jaio zen Egunak egin du, joan den irailean, baina datorren asteartetik aurrera lehiaketa formatua hartuko du. Lehen bezala, Pausoka ekoiztetxeak egingo du, Miramongo egoitzan, eta Klaudio Landak jarraituko du aurkezle.

Lehiaketaren dinamikari dagokionez, bi lehiakidek gauero zenbait galderari erantzun beharko diete, umorea eta lagun arteko giroa alde batera utzi gabe. ETBk iragarri duenez, orain arte saioak izan duen ukitu «bihurria, lotsagabea eta umoretsua» mantenduko du lehiaketak. Partaide bakoitzak bere sofa urdina edo gorria aukeratuko du, baita bere sofakide ospetsua ere. Late night-ean azaldutako kolaboratzaileak izango dituzte laguntzaile: Ainhoa Etxebarria, Xabin Fernandez, Mikel Elizegi, Alex Sardui, Onintza Enbeita, Anjel Alkain, Asier Hormaza, Nerea Arriola eta abar. Lehiakideak sofan eseriko dira, aurrerantzean bere taldekoak izango diren sofakide bien artean.

Lehiaketako partaide bakoitzaren helburua ahalik eta segundo gehien lortzea izango da. Jokoak bost zati izango ditu: lehen fasean, zenbait galdera egingo dizkio Landak talde bakoitzari; bigarrenean, sofakide gorri bat eta urdin bat arituko dira aurrez aurre; hirugarrenean, lehiakide biak bata bestearen aurka arituko dira; eta laugarrenean, berriro, bi taldeak nor baino nor gehiago ariko dira.

Finalean, lehiakideak bakar- bakarrik arituko dira: partaide bakoitzak, aurrez irabazitako segundoak erabilita, hamar galdera zehatzi zuzen erantzutea lortu beharko du. Galdera guztiak zuzen erantzuten dituen aurrenekoak eramango du zakua. Bestela, erantzun zuzen gehien ematen dituenak irabaziko du saioa; 100 euro jasoko ditu irabazleak, eta hurrengo saioan egoteko txartela eskuratuko du. Hamar galderak zuzen erantzuten ez direnean, 100 euro gehituko dira zakura.

EITBk deialdia egin du, herritarrak lehiaketara joateko anima daitezen: mezu bat bidal daiteke egunakegindu@eitb.eus helbide elektronikora edo (0034) 607 70 07 50 telefono zenbakira.

Eztabaida politikoak

Egunak egin du debatea izenburupean, Klaudio Landak aktualitate politikoari buruzko eztabaidak aurkeztu zituen ETB1en, azaroaren 14tik abenduaren 15era. Bost atal izan ziren. Orain, Pausokak antzeko saio bat egingo du ETBrentzat: Eztabaidatzen. Nahiz eta izena aldatu dioten, Klaudio Landa izango da aurkezlea aurrerantzean ere. Hala ere, BERRIAk jakin duenez, gidoilari talde berri bat arituko da programa horretan. Zuzendaria Iñaki Esnal kazetaria izango da. Otsailaren 3an hasiko dira ematen.

Astelehenetan emango dute Eztabaidatzen, prime time ordutegian. Estreinaldi horren aurreko astelehenean, ordea, etzi, Handia filma emango du ETB1ek. Jon Garañok eta Aitor Arregik zuzendutako pelikulak hamar Goya irabazi zituen. Aurretik, Gure kasa saioan egongo dira biak, Jose Mari Goenagarekin batera.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna