ETBren telesail berriek ataleko 112.500 euroko kostua izango dute

Lau ataleko hiru telesail egiteko deialdia egin dute. Irailerako baten bat martxan jarri nahi dute

Go!azen telesailaren azkeneko denboraldian, atal bakoitzak 95.000 euroko aurrekontua izan du. ETB.
urtzi urkizu
2019ko apirilaren 23a
00:00
Entzun
Euskarazko hiru telesail berri egiteko asmoa du ETBk. Ekoizpen etxeentzako deialdia zabaldu du dagoeneko, eta, horren arabera, atal bakoitzak 112.500 euroko aurrekontua izango du. Lau atalez osatuta egongo da telesail berri bakoitza, eta, horrenbestez, 450.000 euro kostatuko da fikzioa. Ekoizpen etxe bakoitzak bakarrik eraman beharko du guztia aurrera, ETBk berak ez baititu baliabideak jarriko. Sektoreko iturrien iritziz, aurrekontu oso estua da hori. Izan ere, ekoizpen osoa hasieratik jarri behar dute martxan: gidoiak, preprodukzio osoa, jantziteria, dekoratuak...

Inguruko herrialdeetan dezente aurrekontu handiagoak erabiltzen dituzte telesailetan: duela hiru urte, Kataluniako TV3 kateko Merli telesailaren atal bakoitzak 200.000 inguruko kostua izan zuen. 2016an egin zuen ETBk helduentzako euskarazko azken telesaila, Eskamak kentzen;80.000 euroko kostua izan zuen ataleko. Urte horretan, Go!azen-ek ere aurrekontu bera izan zuen. Azkeneko denboraldian, berriz, 95.000 euro inguru kostatu da haurrentzako telesailaren atal bakoitza —hamahiru egin dituzte—.

Espainiako eta Frantziako telebista kateen telesailen aurrekontuak askoz handiagoak dira Euskal Telebistarenak baino. TVErenCuéntame telesailak, esate baterako, 800.000 euro inguruko aurrekontua du ataleko. Espainiako kate pribatuetan, makina bat dira 600.000-700.000 euro ataleko kostua duten fikzioak. Frantziako Canal+en Versailles telesailaren atal bakoitzak 2.660.000 euroko kostua izan zuen.

HBOren Game of Thrones-en azkeneko denboraldian, atal bakoitzak 13,3 milioi euro inguruko kostua izan du.

«Gertuko gure istorioak»

Martxoaren 25ean, Maite Iturbe EITBko zuzendari nagusiak Eusko Legebiltzarrean esan zuen telesail berrietako baten bat irailerako martxan egotea espero duela. «Gure historia jasoko duten telesailak izango dira», iragarri zuen. Hain zuzen ere, ekoizpen etxeei bidalitako deialdian ETBk zehaztu du «gertuko istorioak» bilatzen dituztela: «Gure istorioak». Halaber, ETBk eskatu du telesailetako istorioak benetako gertaeretan edo pertsonaia garaikideetan «libreki inspiratuak» egotea. Audientziarentzat «eremu erakargarriak» nahiko lituzke telebistak: sukaldearen mundua, kirolaren mundua, tradizioak, landa giroa... Ez dute generoetan mugarik egotea nahi. ETB prest dago thrillerrak, dramak, biopic-ak, gainditze istorioak, abentura epikoak, komediak, hondamendi naturalak edo istorio erromantikoak onartzeko.

Nahiz eta historia garaikidea jasotzeko gogoa izan, ETBk ez du nahi telesail horiek gertaerak dokumentatzera mugatzea. «Telebistaren hizkuntzarekin narratuko diren istorioak behar ditugu, prime time-an emititzeko egokiak», gaineratu du deialdian. «Istorio indartsu eta hunkigarriak, ikusleekin enpatizatuko dutenak».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.