Iritsi da 'Baserria'-ren finala

Amalur Arbelaiz-Xabi Orbegozo eta Gari Lauzirika-Gontzal Viaga arituko dira lehian, igandean

Amalur Arbelaiz. ETB.
urtzi urkizu
2021eko martxoaren 5a
00:00
Entzun
Euskal Telebistak baserri giroko reality bat sortu du aurten; harrera beroa izan du, eta udaberrian hasiko dira bigarren denboraldia grabatzen. Igandean, Baserria-ren lehen edizioko finala ikusi ahalko da ETB1en (22:00).

Hamar baserritar eta hamar kaletar elkartu zituzten Baserria saiorako, bikoteka. Hamar bikote horiek bi taldetan aritu dira lehian asteotan: goienetxeatarrak eta bengoetxeatarrak. Aste bakoitzean, bikote batek jaitsi behar izan du kalera. Bi bikote hauek iritsi dira final handira: Amalur Arbelaiz-Xabi Orbegozo eta Gari Lauzirika-Gontzal Viaga. Bikote irabazleak 6.000 euroko saria irabaziko du.

Finaleko proba ez da samurra izango: «Era guztietako abereak, ibilgailuak eta tresnak erabili beharko dituzte, agerian uzteko baserritar on batek eduki beharreko dohainak dituzten edo ez dituzten», iragarri du Jon Abasolok, programaren zuzendariak.

Bikote finalistetan, Amalur Arbelaiz eta Gari Lauzirika dira baserritarrak, eta epaimahaiak aintzat hartuko du bikotekide kaletarrei nola erakutsi dieten baserriko lanak egiten.

Klaudio Landak aurkeztu du euskarazko reality-a bederatzi aste hauetan. Ikusle datu onak bereganatu ditu saioak: %4,6ko ikusle kuota batez beste, Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan —euskaldunen artean, %11,9koa—. 13-44 urte bitarteko ikusleen artean, ikusle kuota %10,4koa izan da.

Abasoloren arabera, «apustu arriskutsua» izan da Baserria. «ETB saiatu da euskarazko beste reality batzuekin, baina azkenaldian ez dute ikusle datu onik lortu». Lortutako datuak alde batera utzita, programaren zuzendariak nabarmendu du hartzaile gazteak izan dituztela: «Gehienak 13 eta 30 urte bitartekoak. Garrantzitsua da adin tarte horretan datu onak lortzea, ez baita erraza. Eta garrantzitsua da gazteak euskarazko programak ikustera ohitzea». Abasolok dio Interneteko sare sozialetan ere «mugimendu izugarria» sortu dela.

Lehen denboraldia amaitzeko, hilaren 14an Azken negutegia eztabaida berezia emango du ETB1ek. Lehiakide guztiak elkartuko dituzte bertan, eta orduan jakingo da ikus-entzuleek emandako botoen arabera zein diren baserritar eta kaletar «kutunenak».

Hautaproba abian da

Lehen denboraldiak izan duen harrera ona ikusita, Baserria saioaren bigarren edizioa egingo dute. Maiatz aldera grabatzen hasiko dira, eta dagoeneko ekin diete denboraldi berrirako lehiakideak aurkitzeko lanei. «250 lagun inguruk eman dute izena saioan baserritar edo kaletar modura parte hartzeko», azaldu du Abasolok. Bi bide daude izena emateko: (0034) 620-24 99 88 zenbakira WhatsApp mezu bat bidaliz edo [email protected] helbide elektronikora mezu bat idatzita. «Jendeak ulertu du reality bat dela baina saioaren kontzeptuan errespetu bat dagoela».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.