Albistea entzun

'Memoria eraikiz' dokumental sorta emango du ETB1ek gaurtik hasita

Lau gai landuko dituzte, eta podcastak eta bideopodcastak ere egingo dituzte datozen asteetan
Naiara Zamarreño hizketan, <em>Ahots beldurraraziak</em> atalean.
Naiara Zamarreño hizketan, Ahots beldurraraziak atalean. ETB Tamaina handiagoan ikusi

Urtzi Urkizu -

2021eko azaroak 18

Memoria, bizikidetza eta giza eskubideen sustapena bultzatzeko asmoarekin, Memoria eraikiz proiektu transmedia abiatu dute; hori da EITB taldearen eta Memoriaren, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Gogora institutuaren arteko aliantzaren lehen fruitua. ETBk dokumental saio bat emango du, euskaraz eta gaztelaniaz, eta EITB Podkast atarian zenbait podcast eta bideopodcast sareratuko dituzte. New Media ekoiztetxeari eman diote enkargua.

Memoria eraikiz dokumental saioaren aurreneko atala ETB1ek estreinatuko du, gaur, 22:30ean. Ahots beldurraraziak izenburuko dokumentalean, urte luzez mehatxupean eta eskoltarekin bizi izan ziren PP eta PSE-EE alderdietako zinegotzien eta haien senitartekoen testigantzak bilduko dituzte. Aditu eta politikari ohiekin gaiaren inguruko solasaldi bat ere egingo dute, euskal gizarteak egoera horretan hartu zuen jarrera ulertzeko asmoz.

Gaur bertan, dokumental saioaren atalari dagokion podcasta estreinatuko dute EITB Podkast atarian. Jesus Artetxe kazetariak gidatuko ditu podcast horiek.

Bestetik, dokumental saioaren lehen bi gaiekin bideopodcastak egingo ditu Julen Hernandez youtuberrak. Hausnarketarako tarte bat zabalduko du, belaunaldi berrietako gazteei ahotsa emanez. Gazteek gertaera haiei buruz zer ikuspegi duten jakitea izango du helburu podcastak, eta eztabaidarako bidea irekitzea.

Gazteen iritziak biltzen dituen bideopodcast bat egingo dute, esaterako, dokumental saioaren bigarren ataleko gaiari buruz: Euskal rock erradikala?! Garai hartako euskal rockaren abestien hitzak aztertuko dituzte, gaur egungo ikuspegitik. Solasaldi bat ere izango du dokumentalak gaiaren inguruan.

Hirugarren atalak Ahanzturatik ateratzen izenburua darama: polizia indarkeria izango du ardatz. Uztailaren 28ko 12/2016 legeak aitortutako hiru biktimaren bizipenak gogora ekartzearekin batera, kasu horien ebaluazio batzordea osatu duten aditu, auzitegi mediku, psikologo eta arduradunen lekukotzak jasoko ditu.

Laugarren eta azkeneko atala Emakume fusilatuak. Oroimen absentea izango da. 36ko gerran fusilatu eta hildako emakumeez hitz egingo dute, Juana Mir kazetariaren istorioa abiapuntu hartuta. 36ko gerrako datu basea genero ikuspegitik aztertuko dute. Orain arte ia ikusezinak izan diren mila emakume ingururen kasuak argitara atera ditu datu base horrek.

Dokumental saioa ETB2 katean ere emango dute, hilaren 29tik aurrera.

Halaber, proiektuak Eitb.eus-en izango duen webgune berezian —Eitb.eus/memoriaeraikiz— emanaldi bakoitzeko gaiak landu eta atal bakoitzeko testigantzak, bideoak eta argazkiak jasoko dituzte. Halaber, EITB Nahieran plataforman ikusgai izango dira eduki guztiak. Egitasmoak askatasun, berdintasun eta giza duintasun balioak leheneratzea eta sustatzea du xede.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

 ©Nagore Legarreta

«Sagardoaren prezioa igotzea erabaki behar izan du sektoreak»

Miren Garate - Gipuzkoako Hitza

Mitxelenak esan du sagardotegi garai "berezia" datorrela aurten; izan ere, lehen asteetan, behintzat, ezingo da zutik kontsumitu. Mahaira ekarriko dute sagardoa, pitxerretan edo botila gardenetan, iaz bezala.

Bizikleta zuri bat jarri dute istripua gertatu zen toki berean. ©URTZI URKIZU

Behar ez zuen ezbeharra

Urtzi Urkizu

Mila txirrindularik baino gehiagok Jon Rodriguez omendu dute: aurreko asteburuan hil zen, errepidean. Bizikleta zuri bat jarri dute istripua izan zen tokian, Gaintxurizketan, Irunen.

1 ©GORKA RUBIO / ARGAZKI PRESS

«Arrano Etxearen historia amaitu egin da»

Enekoitz Telleria Sarriegi

«Bizi proiektu bat» animalien zaintzari emana. Horixe da Albisu eta Garcia senar-emazteek Igeldoko euren etxean sortu eta jorratu dutena: teilatupea eta babesa. Aitortza nahikorik gabeko boluntario lana.
<em>Sin huellas</em> telesailaren grabaketak. Hori izango da euskarara bikoiztu edo azpidatziko duten lanetako bat. ©AMAZON PRIME

Espainiako Amazonek fikzio berriak euskaratuko ditu

Urtzi Urkizu

Ordainpeko plataformak iragarri du lan berriek euskarazko, katalanezko eta galegozko bikoizketak edo azpidatziak izango dituztela

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.