'Non dago Mikel?' ETBn, Zabalzaren biktima izaera onartu eta gero

ETB1ek bihar gauean emango du dokumentala. Katalunian urtarrilean ikusi zuten, TV3en

Mikel Zabalzari egindako omenaldi bat, Non dago Mikel? dokumentalaren irudi batean. AHOTSA.INFO.
urtzi urkizu
2022ko martxoaren 9a
00:00
Entzun
ETBk iaztik izan ditu Non dago Mikel? dokumentala emateko eskubideak. Joan zen Mikel Zabalzaren atxiloketaren urteurrena, joan zen Bidasoa ibaian hilda agertu zeneko urteurrena. Kataluniako TV3ek estreinatu zuen lana telebistaz, urtarrilean. Otsaileko azkeneko astean, berriz, Eusko Jaurlaritzak biktima gisa aitortu zuen Zabalza, senideei legez dagokien kalte ordaina pagatzearekin batera. Eta orain bai, orain ETBk erabaki du dokumentala ematea. EITBko irratietako iragarkietan ere hala nabarmendu dute: Zabalza biktima gisa aitortu dute, eta ETB1ek dokumentala bihar emango du, 22:30ean.

1985eko azaroaren 26an, Donostian, Guardia Zibilak, Zabalzari ETAko kide izatea egotzi, eta atxilotu egin zuen. Desagertutzat jo zuten. Hogei egun joan ziren, ustez desagertutako tokia goitik behera miatu zuten, eta, azkenean, Guardia Zibilak berak aurkitu zuen gorpua, Bidasoko uretan.

Amaia Merino eta Miguel Angel Llamas dokumentalaren zuzendariek «pozik» hartu dute berria. Merinok nabarmendu du telebistak ikus-entzule kopuru handiak lortzen dituela. «Hori ona da beti». Llamasek azaldu du EITBk dokumentalari eskaini zion laguntza edo ekarpena artxiboko irudiak ematea izan zela: «Irudiak [1980ko hamarkadakoak] ikustean konturatzen zara ETBko kazetariek, euskal jendarte osoak bezala, Zabalzaren desagerpena intentsitate handiarekin bizi izan zutela. Haien konpromisoa egiarekiko oso nabaria izan zen». Artxiboko irudi horiei balio historikoa ematen zaie filmean, zuzendarien arabera. «ETBk garai hartan egin zuen zerbitzu publikoari aitorpen txiki bat da».

Zuzendariei iruditzen zaie ETBk dokumentala orain emateko erabakiak harreman zuzena duela Zabalza biktima aitortzeko Jaurlaritzaren erabakiarekin. Hala ere, Llamasek zera nabarmendu du: «Hemen garrantzitsuena da euskal jendarte osoak Non dago Mikel? euskal telebista publikoan ikusteko aukera izanen duela: Zabalza-Garate familiaren egia jasotzen duen lana». Garrantzitsutzat jo du, gaur egun Nafarroan torturaren aurkako borrokaren inguruan herritarrak eta eragileak biltzen ari direlako. Orbaizetakoa (Nafarroa) zen Zabalza, eta Nafarroako Gobernuak ez du biktimatzat jo oraino, nahiz eta otsailaren 28an hari egindako omenaldian izan.

Katalunian datu oso onak

Ahotsa.info-k eta Izar Filmsek ekoitzitako dokumentala da Non dago Mikel?. Donostiako Zinemaldian estreinatu zuten, 2020an. Makina bat jaialditan parte hartu zuen, aretoetan bidea egin zuen, eta Katalunian oso ikusle datu onak lortu zituen: urtarrilaren 11ko gauean, 359.000 herritarrek ikusi zuten TV3 katean —%16,1eko ikusle kuota—.

Merinok, berriz, «euskaltzale» moduan honako hausnarketa hau egin du: «Dokumentala ETB1en emango dute. Ongi, baina noizko ETB2n? Hor ikusiko nuke Zabalzaren auziari zehazki eta torturaren aferari orokorrean gure telebista publikoak ematen dion garrantzia».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.