Finalaren ostean saiorik ez, «harrera bertan behera geratu zelako»

Iganderako ETBk iragarri zuen saioa ez zuten egin, «harrera zelako saioaren eduki nagusia»

Realeko jokalariak, Espainiako Koparekin garaipena ospatzen, joan den larunbatean. RFEF.
urtzi urkizu
2021eko apirilaren 7a
00:00
Entzun
Interneteko sare sozialetan suminduta azaldu dira herritar ugari Espainiako Kopako finalaren hurrengo egunerako ETB2k iragarria zuen saioa —Julian Iantzi aurkezlearekin— ez zuelako egin. Auziaren aurrean, ETBk zera adierazi du: «Realari, Kopako txapeldunari, egin behar zitzaion harrera ofiziala bertan behera geratu denez, ez da saio berezirik egon ETBn. Izan ere, EITBk Realarekin adostutako harrera hori zen saioaren eduki nagusia».

Igande arratsaldean EITBk ohar bat igorri zuen, eta adierazi finalaren osteko saio berezia astelehen arratsaldean emango zuela. Baina ez igandean, ez astelehenean, saioa ez da egin, eta ETBren aurkako mezu ugari zabaldu dituzte herritarrek egunotan.

Azkeneko urteetan Realak eta Athleticek jokatu dituzten partiden artean, ikusminik handiena piztu duena izan da joan den larunbatekoa. Espainiako Kopako finaleko ikusle datuak oso-oso handiak izan ziren: Tele5 katean, finalak %51,7ko ikusle kuota izan zuen Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan; eta ETB1en, %21,9 izan zen kuota. Biak batuz gero, %73,6ko ikusle kuota bereganatu zuen Sevillan jokatutako partidak. Euskaldunen artean, %39,7koa izan zen ETB1eko kuota.

Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan soilik emanaldi batek gainditu du datu hori: 2010eko Munduko Kopako finaleko luzapenak%80,4ko ikusle kuota izan zuen. Espainia eta Herbehereak izan ziren lehian.

Espainiako Kopako finalen datuei dagokienez, 2015ean Athleticek eta Bartzelonak jokatutakoak %59,7ko ikusle kuota lortu zuen (soilik Tele5k eman zuen).

ETB1en, bestalde, bederatzi urtez egin behar da atzera hainbeste ikus-entzule bereganatu dituen emanaldi bat gogoratzeko: 2012an, Txapeldunen Ligako finalerdietako penaltiek —Real Madril eta Bayern Munich ziren jokoan— 700.000 ikus-entzulek ikusi zituzten (%49,3ko ikusle kuota). Izan ere, joan den larunbatean, ETB1ek %10,7ko batez besteko ikusle kuota izan zuen egun osoan —emaitzarik onena 2012ko apiriletik—. ETB1ek partida hasi aurretik hasi zuen saio berezia: emankizunak 20:21etik 00:47era iraun zuen, eta 764.000 lagunek ikusi zuten tarteren batean. Euskaldunen artean liderra izan zen.

Iaz, Espainiako Kopako finalerdietako joaneko lehietan hauek izan ziren datuak: Athletic-Granada partidak %46,5eko ikusle kuota lortu zuen —400.000 herritarrek ikusi zuten finalerdia, osorik, telebistaz—; Reala-Mirandes partidak, berriz, %36,4ko ikusle kuota izan zuen —285.000 ikus-entzule—.

ETB1ek, bestalde, martxoan %2ko batez besteko ikusle kuota izan zuen, iaz hilabete berean baino zazpi hamarren gehiago. Konfinamenduarekin pilota partidak bertan behera geratu ziren iaz, eta horrek kalte nabarmena egin zion euskarazko katearen batezbestekoari. ETB2k %10,5eko kuota izan zuen martxoan, iaz sasoi berean lortutako datu bera.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.