Pantailak Euskaraz-ek kritikatu egin du Jaurlaritzak kontseilua ez sortzea

Mugimenduak dio Jaurlaritzaren erabakia «tamalgarria» dela euskararentzat eta euskaldunentzat

Pantailak Euskaraz mugimenduko ordezkarietako batzuk. GORKA RUBIO / FOKU.
urtzi urkizu
2021eko ekainaren 24a
00:00
Entzun
Pantailak Euskaraz mugimenduari «oso larria» iruditu zaio Eusko Jaurlaritzak ikus-entzunezko hedabideen euskal kontseilua sortzeko legea tramitatzeari emandako ezetza. Maiatzaren 24an, EH Bilduk egin zuen lege proposamena, baina ez da eztabaidatu ere egingo. Eusko Jaurlaritzak joan den astean esan zuen «nahikoa» direla gaur egun dauden egiturak eta zerbitzuak. Pantailak Euskaraz-ek Jaurlaritzaren erabakia deitoratu du: «Albistea tamalgarria da euskararentzat eta euskal hiztunontzat».

Sektoreko adituengana jo du iritzi eske Pantailak Euskaraz -ek. Ramon Zallo EHUko irakasle emerituak hala adierazi du: «Jaurlaritzaren erabakia penagarria da euskal hedabide sistema modernizatzeari eta indartzeari begira, noiz eta munduan eta Euskal Herrian plataforma teknologiko erraldoien nagusitasuna dugun garaiotan». Zera gaineratu du: «Euskararentzat oso kaltegarria da erabakia; diglosia mediatiko basati baten testuinguruan gaude, non euskara geroz eta zokoratuagoa duten gaztelaniak eta frantsesak; ikus-entzunezkoen kontseiluak ekarpena egingo lioke euskararen garapenari eta suspertzeari».

Jon Artatxo legelariak, berriz, honela esan du: «Jaurlaritzak emandako erantzuna EITBzentrista da,ikus-entzunezkoen kontseiluaren funtzioak ez bailirateke EITBra mugatuko». Bingen Zupiria Jaurlaritzako bozeramaileak esan zuen egun dauden batzordeekin ez dela beharrezkoa kontseilurik sortzea. «Baina batzorde horiek azken urteetan ez dituzte bete balizko ikus-entzunezkoen kontseiluaren funtzioak», ohartarazi du Artatxok.

Pantailak Euskaraz mugimenduak beste gai baten inguruko iritzia eman du: hain zuzen ere, Disney Plus plataformak 25 filmen katalanezko bertsioak bere zerbitzuan jarri izana nabarmendu du. «Horrek erakusten du, aktibazio sozialaren bidez eta erakunde publikoetatik arduraz jokatuta, lortu daitekeela konpainia erraldoi horiek hizkuntza komunitateen eskariak betetzea».

Pantailak Euskaraz-ek antolatzeko eta indarrak metatzeko deia egin die ikus-entzunezkoetako eta euskalgintzako eragileei. «Indar uztarketa eta lan horren arabera egongo baitira euskarak eman ditzakeen aurrerapausoak; bestalde, erakunde publikoei eskatu nahi diegu Disney Plus konpainiarekin zintzotasunez eta arduraz negoziatzeko, erakundeei dagokie-eta haur eta nerabe euskaldunen eskubideak bermatzea».

Duela egun batzuk, laguntzaile sarea osatzeko ekinaldia abiarazi du Pantailak Euskaraz-ek: bost eguneko epean, 200 kolaboratzaile lortu dituzte. Laguntzaile sare horren bidez, jada abian dauden Disney Plus Euskaraz, Netflix Euskaraz eta Zinemak Euskaraz sinadura-bilketa kanpainak indartu nahi dituzte. Interneteko sareetan zabaltzen diren mezuei ahalik eta zabalkunde handiena ematen laguntzea izango da mugimenduaren laguntzaileei eskatuko dieten lehen konpromisoa. Kolaboratzaile izateko, bi pauso eman behar dira: www.pantailakeuskaraz.eus webgunean sartu, eta Egin zaitez laguntzaile! txokoan formulario bat bete.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.