Albistea entzun

'El Silencio': munduan gehien ikusitako telesailetan hirugarrena Netflixen

Fikzioa 80 herrialdetan dago lehen hamarren artean. Ingelesezkoak ez direnetan, lehena da
Aron Piper aktorea <em>El Silencio</em> telesailean. Fikzioa Bilbon girotuta dago.
Aron Piper aktorea El Silencio telesailean. Fikzioa Bilbon girotuta dago. LANDER LARRAÑAGA / NETFLIX Tamaina handiagoan ikusi

Urtzi Urkizu -

2023ko ekainak 1

Bilbon girotutako El Silencio telesaila maiatzaren 19an estreinatu zuen Netflixek, eta munduko milioika ikus-entzule ari dira hiriko irudiak ikusten. Aitor Gabilondok (Donostia, 1972) sortu eta ekoitzi du El Silencio; thriller psikologiko bat da, sei ataletakoa. Netflixek eman dituen datuen arabera, maiatzaren 22tik 28rako astean mundu osoan ingelesezkoak ez diren telesailen artean gehien ikusi dena izan da Gabilondorena. Hain zuzen ere, 46,5 milioi orduren ikustaldiak izan ditu Alea Media ekoiztetxearen fikzioak. Alde handia ateratzen die bigarrenari eta hirugarrenari: Hego Koreako Doctor Cha eta The Good Bad Mother telesailei. Laugarren tokian, La Reina del Sur-en hirugarren denboraldia dago (AEBetako Telemundo katekoa); eta bosgarrenean, Black Knight —Koreakoa hori ere—.

Nabarmentzekoa da beste datu bat ere: munduko 80 herrialdetan lehen hamarren zerrendan sartu da El Silencio. Europako 31 herrialdetan, Amerikako 24 herrialdetan, Asiako hamabostetan, Afrikako zazpitan eta Ozeaniako hirutan dago zerrenda horretan. Horrez gain, aurreneko tokian da —ingelesezko fikzioak barne direla— Uruguain, Serbian, Italian eta Espainian. Frantziako merkatuan ere lehen hamarretan sartu da.

Ingelesezko telesailen artean, Arnold Schwarzenegger aktorea protagonista duen Fubar telesaila dago lehen tokian: maiatzaren 25ean estreinatu zuten, eta aurreneko lau egunetan 88,9 milioi orduren ikustaldiak izan ditu. Soilik beste telesail batek gainditu ditu mundu osoan El Silencio-ren datuak: XO, Kitty-k, 63,7 milioi ordurekin. Hortaz, telesail guztiak aintzat hartuz gero, hirugarren tokian dago Bilbon grabatutakoa.

Alea Median, «oso pozik»

Egunotan, El Silencio telesailak kritika txar mordoxka jaso du, baina ukaezina da munduko herrialde askotako ikus-entzuleak kateatu dituela. Alea Media ekoiztetxeko ordezkariek adierazi dute «oso pozik» daudela mundu osoan lortzen ari diren ikusle datuekin: «Netflix plataformarentzat egin dugun aurreneko telesaila da, eta ikusle datuak ezin hobeak dira».

Fikzioko aktore gehienak Espainiakoak dira. Eta badira bi aktore euskaldun: Mikel Losada (Ermua, Bizkaia, 1978) eta Aitor Luna (Bergara, Gipuzkoa, 1981). Ertzainen rolean ari dira biak.

Gabilondo gidoilari eta ekoizleak lehen telesaila du Netflixekin. Maiatzaren 17an, hari egindako elkarrizketa argitaratu zuen BERRIAk, eta Bilboko eraikinek istorioan zer-nolako garrantzia duten azaldu zuen: «Isozaki Atearen inguruan dauden eraikinek Bostonen tankera dute; Gothamena ere bai, akaso». Garai desberdinetako arkitektura ageri da eremu horretako kaleetan. Hainbat eszenatan, bestalde, Atxuri auzoko ibaiertzeko irudiak ageri dira. «Benetako Bilbon oinarrituta, gure hiri zinematografiko propioa eraiki dugu», dio Gabilondok.

Asko balio du irakurri duzun albiste/artikulu honek. Talde baten lanaren emaitza da.

Albiste hau zuri helarazteko eta talde honek bere lana baldintza egokietan egin dezan, BERRIAk ezinbestekoa du zure sostengua.

Zure babes ekonomikoarekin, aldi hau kontatzeko funtzioa betetzen jarraitu nahi dugu: kazetaritza konprometitu, kalitatezko eta independentea egiten.

Albiste gehiago

EITBko irratiko langileen protesta ilaren 14ean, Eusko Legebiltzarraren aurrean, greba dela-eta. ©ENDIKA PORTILLO / FOKU

Bigarren greba eguna egin dute EITBko irratietan

Beñat Mujika Telleria

Hilaren 14an gertatu bezala, ez dira saiorik ematen ari. Soilik musika eta albistegiak ari dira ematen.

 ©JAIZKI FONTANEDA / @FOKU

«Nik hazten eta hezten ditut nire txakurrak»

Maixa Utrera Puelles

Artzain txakurren munduko txapelketan txapeldunorde izan da taldeka. Border collieetan espezialista da, eta uste du «berezko gaitasuna» dutela artzaintzarako, nahiz eta beste arraza askok ere balio duten.
Emakume bat babesteko betaurrekoekin. ©CC0

Benetan babesten al dute betaurreko babesleek?

Unai Etxenausia

Pantailen argi urdinetik begiak babesteko betaurrekoek ez dute frogatu begietako nekearen aurkako propietaterik, ezta loaren kalitatearen aldeko propietaterik ere. Melbourneko Unibertsitateko ikertzaile talde batek azterketa zientifikoa egin du, eta aldizkari batean publikatu dituzte ondorio horiek.

Uxue Rey eta Ane Eslaba, <em>Berria FM</em> podkast feministaren gidariak ©MENDI URRUZUNO

Bihar itzuliko da 'Berria FM'

Beñat Mujika Telleria

Uxue Reyk eta Ane Eslabak jarraituko dute gidari lanetan, eta bi astean behin entzun ahalko da

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...

Izan BERRIAlaguna

Zure babes ekonomikoari esker, gure funtzioa betetzen jarraituko dugu egunero:
jendearen galdera eta kezkekin bat egingo duen kazetaritza bat egiten.