Hamaikak 'Estu eta Larri' umore saioa estreinatuko du uztailean

Ander Edo eta Eneko Sanchez turismoak ukitutako herrietan eta hirietan ibiliko dira astero

Ander Edok eta Eneko Sanchezek gidatuko dute Estu eta Larri saioa Hamaika telebistan. ANDER EDO.
urtzi urkizu
2019ko ekainaren 22a
00:00
Entzun
Iritsi da uda Hamaika telebistarentzat ere, eta euskarazko kateak udako edukiekin bat egiten duen programa bat estreinatuko du uztailaren 15ean: Estu eta Larri. Ander Edok eta Eneko Sanchezek gidatuko dute, bost astez. Edok azaldu duenez, programaren izenburuan ingelesezko bi izen euskaratu dituzte: Stewart eta Larry, alegia. Turismoaren eragina sumatzen duten herrietan eta hirietan ibiliko dira bi aurkezleak, turistaren rolean, elkarrizketa bereziak egiten. «Bertakoekin egon nahi dugu, baina turisten hitzak ere jasoko ditugu».

Aurreneko atalean, esate baterako, programaren bi gidariak Donostian ibiliko dira. «Turismoaren errealitatea ikuspegi kritikotik eman nahi dugu, baina umoretik ere bai», iragarri du Edok. Ziur dute Zarautzera (Gipuzkoa) joango direla; eta azkeneko atalean «zerbait berezia» egin nahiko lukete: «Sanchezen eta bion gurasoak Extremadurako [Espainia] herri berekoak dira, eta bertan oporrak nola bizi diren kontatu nahiko genuke. Elkarrizketak lotzen ari gara, eta ea zer egin dezakegun».

Edori iruditzen zaio «esperimentu» bat izango dela Estu eta Larri. Udako programa berriaren aurretik, bi aurkezleak Korrika garaian aritu ziren Hamaikarentzat. «Bekaekarioak saioa egin genuen. Bertan, Korrikaren berri eman genuen, umorezko elkarrizketen bitartez». Aurretik hori eginda, pozik gelditu ziren Hamaikan, eta kateak proposamena egin zien udako saio bat egiteko.

Hiriburuetako jaiak

Aurreko urteetan bezala, Hamaika telebistak Iruñeko sanferminen inguruko Zapi Gorria programa egingo du, uztailaren 6tik 14ra. Donostiako eta Bilboko aste nagusien inguruko saioak ere egingo dituzte, baina Baionakoak eta Gasteizkoak ez.

Musika zuzenean saioak uztailaren 11n bukatuko du denboraldia, eta udako atsedenaldiaren ostean itzuliko da, irailean. Gurean Gaur albistegiak uztailaren 12an bukatuko dituzte. Irailaren 2an itzuliko da eguneroko albistegia, baina ,hala ere, gaur-gaurko gaiak landuko dituzte programazioan udan zehar. «Miarritzen [Lapurdi] G7ak egingo duen gailurrari gertutik jarraituko diogu», iragarri du Beñat Zarrabeitia Hamaikako kazetariak. «Berri Txarrak taldeak Kobetamendin emango duen kontzertuarekin eta beste jaialdi batzuekin adi ibiliko gara».

Abuztuan, Hezurren memoria, Hiri baratzea eta Lotsagabe saioen (Nafarroako lantaldeak egiten ditu) atal berriak izango dira ikusgai.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.