ETB1ek Egunean Behin jokoaren finala emango du uztailaren 15ean

Jokoa sakelakoan jaisten duen orok jokatu ahalko du finala, eta lau partida izango dira

Xabier Sukiak eta Maddalen Arzallusek aurkeztuko dute Biba Egunean Behin saio berezia. ETB.
urtzi urkizu
2021eko ekainaren 26a
00:00
Entzun
Egunean Behin lehiaketako zazpigarren denboraldiko finala Biba Egunean Behin telebistako saio berezian eskainiko du ETB1ek, uztailaren 15ean. Xabier Sukiak eta Maddalen Arzallusek aurkeztuko dute inoiz telebistan egin den telefonoaren bidezko aldibereko lehiaketarik handiena.

Egunean Behin aplikazioa jaisten duen orok parte hartu ahal izango du lehen aldiz sakelakoak eta telebista lotuko dituen final handian. Hartara, ez dago lehiakide mugarik jokoan parte hartzeko.

Opariak ez dira nolanahikoak izango: irabazle nagusiak 2.000 euroko bidaia txartel bat irabaziko du, nahi duenenean nahi duen tokira joateko. Eta parte hartzaileen artean 1.000 euroko beste txartel bat zozkatuko dute, baldintza beretan bidaiatzeko.

Lau partida jokatuko dituzte finalean: lehen aldiz, galdetegi berak azalduko dira sakelako guztietan aldi berean (iluntzeko 21:15ean). Lehen hiru partidak parte hartzaile guztientzat izango dira; laugarren partida erabakigarrira, berriz, aurreko hiru partidetako 20 onenak pasatuko dira, baita gonbidatuetako bat ere (propio gonbidatuko dute txapeldun bat 4. partidarako).

EITB Lab ideia eta eduki berrien laborategiaren eskutik eta Code Syntax enpresarekin aliantzan landu du EITBk Egunean Behinen finala ETB1erako. «Techno-taiment» formatuarekin bide berri bat urratzea izan da EITB Laben asmoa: egun berean, ordu berean eta lehiaketa berarekin sakelakoa eta telebista lotzea, eta milaka lagun lehia bizian jartzea.

Biba Zuek! saioko lantaldeak moldatuko du Biba Egunean Behin berezia. Ezustekoz beteriko saioa izango da, eta Egunean Behinen Euskal Herriko zale guztiekin aldi berean jokoan hiru bikote gonbidatu ospetsu izango dituzte platoan, baita aplikazioak berak izan duen txapeldunen bat ere.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.