Paramount 'streaming' plataformen lehian sartuko da Europa osoan

Konpainiak akordio bat egin du Frantziako Canal Plusekin. AEBetan bat egin du Showtime-rekin

Datorren urtetik aurrera South Park saioa soilik Paramount Plusen edo bere baliokide batean ikusi ahalko da. BERRIA.
urtzi urkizu
2022ko otsailaren 19a
00:00
Entzun
Paramount konpainia zabalkunde fasean sartuta dago, eta datozen hilabeteetan munduko herrialde ugaritan ahaleginduko da streaming plataformen lehian toki bat egiten. AEBetan 2014an abiarazi zuen CBS All Access plataforma, eta iazko martxoan Paramount Plus izena hartu zuen. Asteon konpainiak jakinarazi duenez, urte honen amaierarako Europako merkatu nagusietan zabalduko da plataforma hori.

Lapurdin, Nafarroa Beherean eta Zuberoan zein Frantzian, Canal Plus Group taldearen bidez zabalduko da Paramounten katalogoa. Canal Plusek eskaintza berezi bat egingo die bere harpidedunei Paramount Pluseko edukiak ikusteko.

Beste herrialde batzuetan SkyShowtime plataformaren bitartez iritsiko da; litekeena da Hego Euskal Herrira eta Espainiara zerbitzu berri horren bitartez heltzea. Europako herrialdeetan zabaltzeaz gain, aurten Latinoamerikan, Kanadan, Australian eta Hego Korean ezarri nahiko luke konpainiak ordainpeko plataforma. Datorren urtean, berriz, Afrikan, Ekialde Hurbilean eta Asiako beste herrialde batzuetan jarriko du begia.

AEBetan Paramount Plusek hazkundea izan du azkeneko urtean. Showtime ordainpeko katearekin akordio bat egin berri du, gainera, eta, horren bitartez, Paramount Pluseko harpidedunek Showtimeren edukiak ikusi ahalko dituzte udatik aurrera —harpidetzan gehigarri bat ordainduta, ordea—. Paramounten streaming bidezko eskaintzak, kate guztiakbatuz gero, 56,1 milioi harpidedun bereganatu ditu. Abenduko datuak dira horiek, eta konpainiaren helburua da 100 milioi harpidetza lortzea 2024rako. Horretarako, edukietan inbertsio handiak egingo ditu: iaz gastatutakoa halako hiru inbertituko du 2024an.

Beste alde batetik, taldearen izena orain arte ViacomCBS zen, eta hemendik aurrera Paramount Global izena hartuko du.

Sail arrakastatsuak

Paramount Plusen eskaintzen artean CBS katearen saioak daude, Paramount estudioen pelikulak, eta Nickelodeon haurren katearen eduki arrakastatsuak. Azken horien artean nabarmentzekoak dira Bob belakiaren marrazki bizidunak: saioaren pertsonaietan oinarritutako hiru film berri egingo dituzte. Star Trek unibertsoaren film berri bat ere iristear da.

MTV katea eskaintzaren parte da, era berean. MTV Entertainment Studiosek plataformarentzat egingo duen lehen fikzio originala Teen Wolf izango da.

Helduentzako animazioa da eskaintzaren beste adar indartsu bat: batetik, Beavis and Butt Head-en 200 atalak daude, eta bi pertsonaia horiekin film bat egingo dute; eta bestetik, South Park saila nabarmendu behar da, saio hori nazioartean Paramount Plusen bitartez zabalduko baita urte honen amaieran. Telesailen artean, Yellowstone westernak datu oso onak lortu ditu AEBetan —Kevin Costner da aktore nagusia—.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.