Futbol entrenatzaileak euskararen inguruan arituko dira gaur ETBn

'Katebegia'-ren sasoiko azken atalean euskal taldeetako entrenatzaileak elkarrizketatu dituzte

Jagoba Arrasate, Osasunako entrenatzailea. Bigarren Mailako txapelduna izan da aurten Osasuna. IÑIGO URIZ / FOIKU.
urtzi urkizu
2019ko ekainaren 13a
00:00
Entzun
ETB1eko Katebegia saioak Egin egunkariaren itxierari buruzko erreportaje batekin hasi zuen bidea, urriaren 30ean. Eta gaur gauean denboraldia bukatuko du, Espainiako Ligako bost euskal taldeen entrenatzaileen inguruko emankizunarekin. Imanol Alguacil (Reala), Jagoba Arrasate (Osasuna), Asier Garitano (Alaves), Gaizka Garitano (Athletic) eta Jose Luis Mendilibar (Eibar) izango dira Euskara, futbolean ere lehen mailako hizkuntza erreportajeko protagonistak.

Irati Sarasua saioko aurkezle eta zuzendaria jabetu zen Espainiako Ligako lehen mailako bost taldeetako entrenatzaileak euskaldunak izango direla aurreneko aldiz. «Pentsatu nuen aukera polita zela futbolari eta haren protagonista nagusiei beste ikuspegi bat emateko; erretratu berri bat egiteko aukera zegoela, euskara ardatz hartuta». ETBko kazetaria konbentzituta dago bestelako erretratu hori ikusiko dutela ikus-entzuleek programan.

Bost entrenatzaileak elkarrizketa egiteko prest agertzeko faktorea euskara izan dela azaldu dute programaren arduradunek. «Guztiek nabarmendu dute ez dutela gogoko elkarrizketak egitea, eta euskara izan dela erreportajerako elkarrizketa egiteko arrazoia. Bostek buruan beti dute futbola, eta deskonektatzea zaila egiten zaiela diote».

Sarasuak modu honetan laburbildu du Hego Euskal Herriko futbol taldeen entrenatzaileen erretratu robota: «Euskaldun izatearen aldarria eurekin daramate. Umilak dira, gertukoak, eta futbolean lanean aritzea oparitzat hartzen dute». Hala ere, bosten artean badaude desberdintasunak. «Batzuek gogorraren fama dute, eta horien atzean dauden pertsona sentikorrak azaleratu dira elkarrizketetan. Batzuek esan dute ametsak bete dituztela, eta besteek ezetz, ez dituztela bete». Guztiek esan dute naturaltasunez egiten dutela prentsaurrekoetan euskaraz. Erreportajean gogoratuko dute Gaizka Garitanok bizi izan zuen pasartea (2015ean, prentsaurrekotik joan egin zen Almerian, euskaraz hasi ostean zenbait kazetari espainiar protestan hasi zirelako).

Datorren denboraldiari begira, Sarasuak Katebegia-ko erreportajeekin jarraitu nahiko luke. «Saiatu gara gaiak informazio ikuspegitik lantzen; gai konplexuak izan dira, eta gure gizarteak dituen bezainbeste ertzetatik landu ditugu». ETBko zuzendaritzak, aldiz, ez du baieztatu programak jarraipenik izango duen ala ez: «Oraindik datorren denboraldiko programazioaren nondik norakoak erabaki gabe daude».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.