Formatu berriarekin itzuliko da 'Hitzetik hortzera', hilaren 30ean

Eider Perezek aurkeztuko du saioa. Gidoilariak Txakur Gorria taldeko sortzaileak izango dira

Hitzetik hortzera saioko lantaldea. Programa igandero emango du ETB1ek, 26 astez. BERTSOZALE.
urtzi urkizu
2018ko irailaren 15a
00:00
Entzun
Hilaren 30ean itzuliko da ETB1eko programaziora Hitzetik hortzera saioa. Bertsolaritzaren mapa osatzen ahaleginduko dira denboraldi berrian, eta, horretarako, bertsolariak, gai jartzaileak, bertsozaleak, antolatzaileak eta lekuak ekarriko ditu programara Eider Perez aurkezleak —estreinakoz ariko da saioan—.

Eneritz Urkola saioko zuzendariak nabarmendu du «bertsolaritzaren ekosistema osoa» biltzen saiatuko direla. «Bertsolaritzak osagai asko ditu, eta, fauna, flora eta klima horretan guztian, ekosistema osatuz joango gara 26 astez». Igandero emango dute saioa, 15:00etan.

Egitura aldetik, astero gai bat landuko dute. «Gai horren bueltan, collage bat egingo dugu, eta gero elkarrizketak, erreportajeak, bertso jarriak eta astez aste grabatutako bertsoaldiak egongo dira. Baita bertso zaharrak ere. Programa ixteko, hasierako collagea bukatuko dugu».

Gidoilari talde berria du programak, berezia. Txakur Gorria taldeko lau sortzaileak ariko dira aurten gidoilari. Haien ezaugarriak nabarmendu ditu Urkolak: «Nerea Ibarzabal, Ane Labaka eta Malen Amenabar bertsolariak izanda, bertso ekosistemaren ezagutzatik ariko dira. Eta, gainera, bertsolari izanik, hitzaren erabilerarako duten gaitasuna ekarriko dute saiora». Hitzerako jolas hori baliatuko dutela iruditzen zaio Urkolari. «Aldi berean, Malen Amenabar eta Mariñe Arbeo irudigintzan eta ilustrazioan dabiltzanez, collage bat ekarriko digute mapa osatzeko. Iruditan joango dira aipatutako mapa egiten. Ez dituzte bertsoak marraztuko Berria telebistako iazko saioan bezala, baina bertso munduaren ekosistema baliabide ezberdinekin irudikatuko dute».

Eider Perez aurkezlearen inguruko xehetasunak ere azaldu ditu saioko zuzendariak: «Perez txikitatik murgildu da bertso munduan. Etxetik jaso ez arren, bertsozale egin zen, eta, gaur egun, antzerkian ere badabil. Bertsolaritzaren ezagutzaz gain, jendaurrekorako dituen esperientzia eta gogoa erakutsiko ditu».

Abenduan, 30 urte

Denboraldi honetako elkarrizketetan, bertso ekosistemaren bueltan dabiltzan lagun askoren hitzak jasoko dituzte, «batzuk, ezagunak publikoarentzat, baina beste asko publiko orokorrarentzat ezezagunak direnak».

Igandero, azkenaldian egindako jaialdietako bertsoak ere entzungo dira; hilaren 30eko itzuleran, adibidez, Donostian irail hasieran egindako bi saiotako bertsoak emango dituzte.

Programa beteranoa da Hitzetik hortzera, beteranoa oso. Izan ere, abenduan 30 urte beteko ditu saioak. Urkolak iragarri du «zerbait berezia» egiten saiatuko direla, «ez bakarrik abendurako». Duela 30 urteko irudiak berreskuratzea «interesgarria» izango dela iruditzen zaio. 30 urteren ostean, saioak badu etorkizuna: «Bertsolaritzaren mugimendua bizirik dagoen bitartean, Hitzetik hortzera hor egongo da».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.