Gasteizen ere 'klika' elkarrekin

Korrikaren amaieraren inguruko saio berezia emango dute bihar euskarazko komunikabideek

21. Korrikako lekukoak gordetzen duen mezua bihar ezagutu ahalko da euskarazko hedabideetan. MARISOL RAMIREZ / FOKU.
urtzi urkizu
2019ko apirilaren 13a
00:00
Entzun
Euskarazko komunikabideak elkarlanean eta elkarrekin arituko dira bihar, Gasteizen, Korrikaren bukaera zuzenean eskaintzen. Telebista saio bateratua ikusi ahalko da, eta irrati saio bateratua entzun ere bai. BERRIAren webgunean, Kanalduden, Infosareko tokiko telebista kateetan, Goienan, Hamaikan eta ETB2n ikusi ahalko da telebista programa, 11:30etik aurrera.

Aurkezle lanetan Ilaski Serrano eta Ekhine Atorrasagasti arituko dira; eta, kalean, berriemaile lanetan, BERRIAko Edurne Begiristain, Goienako Amaia Txintxurreta, Kanaldudeko Pantxika Maitia eta Infosareko Julen Iraola ibiliko dira. Elkarrizketatuak hauek izango dira: Gasteizko alkate Gorka Urtaran, Gorka Ortiz de Urbina (Zeledon), Aroa Arrizubieta eta Onintza Enbeita bertsolariak, Aritz Martinez de Luna Alea aldizkariko zuzendaria, Gorka Aginagalde aktorea, Karmele Jaio idazlea, Iñaki Ortiz de Villalba musikaria, Mertxe Mugika AEKren arduraduna eta Asier Amondo Korrikaren arduraduna. Azken biek 21. Korrikaren balorazioa egingo dute, baina, aurretik, aurtengo Korrikaren mezua nola irakurtzen duten ikusi ahalko da euskarazko hedabideetan eta ETB2n.

Egunotan, Intza Alkainek eta Beatriz Egizabalek umorezko esketx dibertigarriak egin dituzte Berria telebistako Korriklika saioan, Ramoni eta Lohitzune pertsonaien bitartez. Gasteizko telebista saio bateratuan ere azalduko dira Ramoni eta Lohitzune.

Garesen (Nafarroa) bezala, euskarazko irratiak ere elkarlanean arituko dira Gasteizen —saio bateratuak egiten dituzten hirugarren Korrika da—. Irratsaio berezia 12:00etan hasiko da, eta aurkezleak Nagore Telleria (Euskadi Irratia) eta Anakoz Amenabar (Alea FM) izango dira. Haiekin batera arituko da Euskal Irratietako Arantxa Idieder esataria ere. Erreportari lanetan ibiliko da, gainera, Arrosa sareko Maialen Kortabarria. Elkarrizketatuen artean, GEU elkarteko Irati Iciar, Oihaneder etxeko Iñaki Lazkano, Baratza aretoko Garazi Lopez de Armentia eta AEK-ko Mertxe Mugika egongo dira.

Euskadi Irratiko Amarauna Gasteiztik egingo dute osorik, 10:00etatik aurrera.

Azkeneko kilometroei so

Gasteizera iritsi aurretik, gaur egun osoan jarraitu ahalko zaio Korrikaren bideari, bai BERRIAren webgunean, bai euskarazko beste komunikabide batzuetan. Kanaldudek Durangotik (Bizkaia) egingo du gaur bere eguneroko saioa, 19:00etan. ETB1eko Badator Korrika saioaren azkeneko atala gaur emango dute, eta Igorretik (Bizkaia) arituko dira Ilaski Serrano eta Irati Sarasua (21:15etik 22:00etara).

Berria telebistako Korriklika saioaren azkeneko atala igandean ikusi ahalko da; ohi bezala, 20:00etatik aurrera.

Hamaika telebistan, bihar 08:30etik aurrera ikusi ahalko dira Korrikaren azkeneko kilometroak. Gasteizko amaierako ekitaldiaren ostean, aurretik grabatutako kilometroekin gozatzeko modua izango da egun osoan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.