'Alardea' telesaila urriaren 7an estreinatuko dute ETB1en

'Altsasu' eta 'Hondar ahoa' telesailekin ere lanean ari dira. ETB1ek fikzio sozialaren alde egin du

Alardea telesaileko lantaldea, atzo, Donostian egin zuten aurkezpenean. JAGOBA MANTEROLA / FOKU.
Lander Muñagorri Garmendia.
Donostia
2020ko irailaren 24a
00:00
Entzun
Fikzio sozialaren aldeko apustua egingo du aurtengo denboraldian ETBk, Edu Barinaga telebistako zuzendariak atzo azaldu zuenez. Erronka horren lekuko izan liteke urriaren 7an botatzen hasiko diren Alardea telesaila. Hondarribiko eta Irungo (Gipuzkoa) alardeetan «libreki inspiratutako» istorio bat kontatuko da bertan: emakume talde batek fikziozko herri bateko desfile tradizionalean ateratzeko nahia azalduko du, eta horrek herrian sortuko duen gatazka kontatuko da. Istorioa familia bateko hiru belaunaldien artean erretratatuko da. Itziar Ituño aktorea izango da protagonista nagusia, baina berarekin batera aktore ugarik hartuko dute parte: Klara Badiola, Sara Cozar, Amancay Gaztañaga, Aitzpea Goenaga, Kandido Uranga eta German Alkarazu, besteak beste.

David Perez Sañudok zuzendu du lau ataleko telesaila, eta, esan zuenez, «istorio feminista bat» kontatuko da. Horregatik, ardura handiz filmatu duela ere aitortu zuen. Telesailean, batetik, herri txikietan egiten den presio soziala aipatzen da, eta, bestetik, gizonek duten errekonozimendu eta ikusgarritasuna lortzeko emakumeek egiten duten borroka. «Txikitik kontatutako istorio bat da, baina unibertsala ere bada, era berean». Entretenimendutik asko duela azaldu zuen Perezek, baina «ikaskuntzatik ere asko» edukiko duela gaineratuz.

Bidasoko bi herrietan erro sakonak dituen gatazka da alardearena, eta, telesaila bertan nola ikusiko ote den galdetzean, Barinagak horrela erantzun du: «Ikusminez ikusiko dute, eta lortuko du, gainera, hasieratik geneukan helburu bat: gaiari buruz hausnartzea, eta iritzi kontrajarriak azaleratzea». Haren ustez, horrek balioko baitu gizarteak aurrera egin dezan: «Pauso bat eman da serie honekin, eta telebistan ikusiko da kalean dagoen gai bat; telebistak eta zinemak errealitatea irudikatzen dute, eta gero gizarteari dagokio gaiari buruz hausnarketa egitea».

Urrian estreinatuko da telesaila ETB1en, baina lehen bi atalak aurrez ikusteko aukera izan zen atzo iluntzean Donostiako Zinemaldian egindako EITBren galan.

Fikzio sozial gehiago

Alardea-z aparte, ETB1en beste bi telesail ere botako dituzte aurtengo denboraldian: Hondar ahoa eta Altsasu. Lehenengoa herri txiki batean girotutako thriller bat da, eta, bestea, Altsasuko (Nafarroa) gazteekin gertatutakoan oinarritzen da. Ez Koska tabernan guardia zibilekin izandako liskarrean; ondorengo epaiketek gazte taldean zer eragin izango duen kontatuko du telesailak. Lehena udan hasi ziren grabatzen, eta bigarrenarekin astelehenean hasiko dira.

Fikzio sozialaren apustua egiteaz gain, telesail motzen aldekoa ere egingo du kate publikoak. «Gai ezberdinak lantzeko aukera ematen du, eta ikusleengan eragiteko moduari eusten dio», Barinagaren hitzetan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.