'Alardea' gaur amaituko da

ETBko telesaila Brasilen eta beste herrialde batzuetan ikusi dute, Itziar Ituñoren zaleen grinagatik

Uriolako emakumeen konpainia desfilean aterako da Alardea telesailaren azkeneko atalean. ETB.
urtzi urkizu
2020ko urriaren 28a
00:00
Entzun
Inoiz euskarazko telesail batekin gertatu ez den fenomenoa zabaldu da: Brasilen Alardea telesaila ikusi du makina bat ikus-entzulek, nahiz eta euskaraz ez ulertu, berariaz Itziar Ituño aktorea ikusteagatik. Izan ere, herrialde horretan jarraitzaile ugari ditu Basauriko (Bizkaia) aktoreak, Netflixeko La casa de papel-eko pertsonaiari esker. Alardea-ren laugarren eta azkeneko atala emango du gaur gauean ETB1ek.

Ituñok Amaiaren pertsonaia protagonista jokatzen du telesailean. Gaur, azkeneko atalaren hasieran, emakumeen taldea utziko duela iragarriko du. Hala ere, emakumeen konpainiak Uriolako —fikziozko herria— historian lehen aldiz desfilatu ahal izatea nahi du, eta beste andreak animatuko ditu. Alardearen eguna iritsiko da, eta emakumeek haien kontrako manifestariei aurre egin beharko diete. Txaloak jasoko dituzte, baina baita irainak ere. Telesaileko lau atalak EITB nahieran-en egongo dira ikusgai, gaurko atalaren ostean. Datorren astean, Hondar ahoak telesaila hasiko da ETB1en.

Ituñoren zaleen fenomenoari dagokionez, Raquel Herrera Kataluniako Unibertsitate Irekiko Komunikazioko irakasleak hala nabarmendu du: «Brasilgo ikus-entzule gazteek, bereziki emakumeek, bikain konektatu zuten La casa de papel-ekin eta Ituñoren pertsonaiarekin». Azkeneko asteetan, Brasildik iruzkin ugari idazten ari dira sare sozialetan Alardea ematen ari diren orduan. «Brasilgo emakume gazteek oso ondo konektatzen dute Ituñorekin eta sare sozialetan duen gertuko nortasunarekin. Gizarte gaiekin ere bat egiten du aktoreak, eta, hain justu, Jair Bolsonaro presidentearen proposamen politikoen beste muturrean dago».

Herrerak inkesta batzuk egin ditu Twitterren Ituñok dituen zaleen artean. 600 erantzun jaso ditu: 45 herrialdetako zaleak ziren, baina, gehienak, Brasilgoak. Horrek ekarri du, esate baterako, herrialde horretako zenbait zale Goenkale —Nekane Beitia ertzainarena egiten zuen Ituñok— eta Alardea ikusten hastea. «Zale horietako askok ez dute gaztelania ama hizkuntza, eta ohituta daude hizkuntza batetik bestera pasatzen». Herreraren arabera, zaleek gogoko dute Ituño Instagramen euskaraz aritzea —bost milioi jarraitzaile ditu hor—. «Aktorearen zale askok ez zuten euskara ezagutzen; erakargarria egiten zaie, eta badira hizkuntza ikasten ere hasi direnak. Estimulu berrien bila dabiltza, eta euskara hizkuntzan espero gabeko bide bat topatu dute».

Boladan da Ituño. Berriki, TF1 kateko Mask Singer saioan parte hartu du, Lady Gagaren abesti bat kantatzen (bideoa biral egin da). Azkeneko asteetan, gainera, Madrilen aritu da lanean, La casa de papel-en bosgarren denboraldia grabatzen.

Unibertsitate Irekiko ikerlariaren iritziz, nazioartera jauzia emango lukeen euskarazko telesail bat falta da: «Amua Ituño izan daiteke, baina zuzenduko den publiko femenino multikulturala ondo aztertuta. Eta ez Ituño izar mainstream gisa planteatuz, haren fisikoagatik jendetza erakartzen duten horien gisan».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.