'Euskaraldia: gehiago' emango du ETB1ek datozen lau astelehenetan

Edurne Azkarate Euskaraldian parte hartuko dutenekin egongo da; Antton Telleria, ariguneetan

Antton Telleriak eta Edurne Azkaratek lau astez aurkeztuko dute Euskaraldia: gehiago saioa ETB1en. ETB.
urtzi urkizu
2020ko azaroaren 6a
00:00
Entzun
Bi aste baino ez dira falta bigarren Euskaraldia has dadin, eta Orio ekoizpen etxea lau ataleko programa bat ari da prestatzen ETB1erako. Astelehenean hasiko dira ematen Euskaraldia: gehiago, 22:30ean —hurrengo hiru atalak ere ordutegi berean jarriko dituzte—.

Edurne Azkaratek eta Antton Telleriak aurkeztuko dute programa. Zuzendaria Aitzol Barandiaran izango da, eta nabarmendu du lantaldearen ardura nagusia dela Euskaraldiaren balioak eta espiritua ahalik eta ondoena biltzea. «Horretarako, lekukotza hunkigarriz eta egoera bereziz beteriko formatu dinamiko eta alai bat sortzen ahalegindu gara». Elkarrizketak, reality-a eta umorez beteriko grafismoak uztartuko dituzte saioan. Barandiaranek iragarri duenez, saiatzen ari dira Ariguneak ahalik eta modurik fidelenean jasotzen. «Ahalegin berezia egiten ari gara, halaber, Belarriprest rolaren irudia prestigiatzen».

Euskararekin lotutako askotariko istorioak kontatuko dituzte saioan. «Euskara ardatz duten bizipen eredugarriak, gainditze istorio hunkigarriak eta motibazio kasu bereziak biltzen saiatu gara, batez ere». Ingalaterran jaio arren betidanik euskaldun sentitu den gizon baten kasua, Jaengoak (Espainia) izan arren euskararekin maiteminduta dauden neba-arreba batzuen istorioa, edo herritarrekiko harremana euskalduntzeko asmoz postari batek duen borroka azalduko dira. Istorio horiez gain, arigunerik berezienetan murgilduko dira.

Bi aurkezleei dagokienez, Azkaratek nagusiki Euskaraldian parte hartuko duten ahobizien eta belarripresten bizipenak jasoko ditu. Telleria, aldiz, ariguneetara joango da. «Hartutako konpromezuak nola betetzen dituzten bertatik bertara ikusteaz gain, ofizioei edo jarduerei lotutako hitzak eta esapideak harrapatzen ibiliko da Telleria, hitzen bilduma berezi bat osatuz».

Duela bi urteko Euskaraldian, ETB1en antzeko saio bat egin zuen, baina bi atalekoa. Atal kopurua bikoiztu egin dute aurten. «Formatuari bigarren aurkezlea gehitu izana da aldaketa nagusia, horrek beste aukera eta dimentsio bat eransten baitio saioari», adierazi du Barandiaranek. Grafismoak izango duen garrantzia ere nabarmendu du zuzendariak.

Umore puntua Azkaratek zein Telleriak jarriko dute, halaber. Bulego txiki batean jarriko dute Telleria, eta hor egindako elkarrizketek irribarre bat baino gehiago sorraraziko dutela uste du Barandiaranek. Euskaltzaleen Topaguneak eta Euskaraldiaren antolatzaileek emandako laguntza eta babesa eskertu ditu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.