ETB1ek 'Sorgin baldarra' telesaila emango du gaurtik aurrera

Aritz Galarza ETBko Programazio buruak esan du ostiraleroko emanaldiek jarraitu egingo dutela

Sorgin baldarra telesaila familia osoan ikusteko moduko fikzioa da. Ostiralero emango du ETB1ek. ETB.
urtzi urkizu
2021eko ekainaren 11
00:00
Entzun
Ostiral gauetan ETB1en «kanpoko maila handiko produktuak» ematen jarraituko dutela iragarri du Aritz Galarza ETBko Programazio eta Erosketa buruak. Aurreko denboraldian, Norvegiako Lars zonbia izan zen lehen saiakera. «Ondo atera zitzaigun. Ez genuen zalantzarik telesailaren kalitateaz eta bertan adierazitako balioez, eta balorazioa oso ona izan zen», azaldu du Galarzak. Gaur, berriz, ETB1ek Sorgin baldarra telesaila estreinatuko du, 21:30ean. Neska-mutikoei zuzendua hori ere.

Goa!zen-en denboraldia amaitu zenean, Flooren arauak Herbehereetako telesaila eman zuen ETB1ek. Eta, gero, Australiako Hardball iritsi zen —joan den astean amaitu zen—. «Eskaintza jarraituaahalbidetzea izan da gurehurrengo erronka, premisa berarekin: kalitatea eta balio egokiak transmitituko dituen telesail eskaintza lortzea eta programatzea», adierazi du Galarzak.

Sorgin baldarra-ri dagokionez, Jill Murphyren The Worst Witch liburu sorta arrakastatsuan dago oinarritua. Magia eskola bateko sorgin gazte talde bat da protagonista. Mildred Hubble lehen mailako ikaslea da sorginentzako Cackles akademian, eta haur askoren ametsa bizi du: benetako magia egiteko ikasten ari da. Egunero, erratz batean hegan egin, edabeak nahastu eta konjuruak probatu behar ditu. Baina mundu magiko horretan, Mildreden tokia arriskuan dago. Miss Hardbroom zuzendariordeak eskolatik kanporatu nahi du, Cackles Akademiaren ospea betiko hondatu dezakeela uste baitu. Ethel Hallow ikaskideak, berriz, paretik kendu nahi du, protagonismoa kentzen diolako.

Kaos magiko hori eskolako egunerokotasunarekin lotzen da telesailean. Magiaren bidez mundua aldatzearekin amets egin duten haurrak azkar identifikatuko dira mundu magiko horrekin, baita uneren batean behar bezain onak ez izateaz arduratu diren guztiak ere.

Asier Larrinaga EITBko Euskara Zerbitzuko buruak zera esan du fikzioaz: «Mundu ezberdin batera eramango gaitu, magiaren mundura. Han bizi diren sorginek bertsotan botatzen dituzte babesteko eta antzaldatzeko araoak, eta madarikantuak, berriz, abestu egiten dituzte». Gaineratu du Hardball-ekin bikoizketarekin hasitako bideari jarraituko diola Sorgin baldarra-k: «Oso lan polita egin da magiaren mundu ezberdin hori euskarara ekartzeko, bake on! agur formulatik hasita».

Sorgin baldarra, ETB1en ez ezik, EITBren webgunean, 3 Klubaren aplikazioan eta EITBko Nahieran zerbitzuan ikusi ahalko da.

Galarzak nabarmendu du beste fikzio batzuk erosi dituztela jada. «ETB3n eta gure bestelako pantailetan emitituko ditugu Isatsdun heroiak, Buck, Pan Tau eta beste batzuk».

Beste alde batetik, Hardball izan zen ETBk Youtubeko kanalean ere estreinatu zuen lehen telesaila. «Bide hori ireki dugu, irisgarritasuna kontuan hartuta eta euskarazko edukien zabalkunde estrategia gisa».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.