HBO Max gaurtik martxan da Hego Euskal Herrian, eduki berriekin

Plataforman HBO, Max Originals, Warner Bros, DC eta Cartoon Networkeko edukiak daude

HBO Max plataformak gaur estreinatuko du Todo lo otro telesaila; Abril Zamorak sortu du. HBO MAX.
urtzi urkizu
2021eko urriaren 26a
00:00
Entzun
AT&T konpainiako Warner Media enpresak iazko maiatzean abiarazi zuen AEBetan HBO Max streaming plataforma. Hamasei hilabete geroago, Europara iritsi da: gaurtik martxan dago Hego Euskal Herrian, Herrialde Katalanetan, Andorran, Galizian, Espainian, Suedian, Danimarkan, Norvegian eta Finlandian. Europako beste herrialde batzuetara zabalduko dute datozen hilabeteetan. Ez dago argi noiz iritsiko den Lapurdira, Nafarroa Beherera eta Zuberoara.

Hego Euskal Herrian aurretik HBOko harpidetza zutenek ez dute ezer egin beharko, eta automatikoki eskura izango dute HBO Maxeko katalogoa; HBO, Max Originals, Warner Bros, DC eta Cartoon Networkeko edukiak ikus daitezke hartan. Christina Sulebakkek, konpainiak Europan, Afrikan eta Ekialde Hurbilean duen zuzendariak, adierazi du «familia osoarentzako edukiak» streaming plataforma berean bildu nahi dituztela.

Urriaren 21ean, 69,4 milioi harpidedun zituen plataformak. Beste herrialde batzuetara zabalduta, kopuru horrek gora egitea espero dute. Joana Silva HBO Europako erosketen arduradunak esan du «besteen» produktuak bereganatzen jarraituko dutela —The Handmaid's Tale, kasurako —. «Katalogoaren eskaintzan, generoen aniztasuna eta dibertsifikazioa handitu egingo dira, baina kalitatea ez da txikiagotuko».

HBOk ez bezala, HBO Maxek aplikazioa izango du Internetera konektatutako telebistetarako.

Astiberriren '¡García!'

HBO Maxek gaur bertan estreinatuko ditu zenbait eduki: tartean, Todo lo otro, Abril Zamorak sortu, idatzi, zuzendu eta antzeztutako telesaila. 30 urte inguru dituztenen belaunaldia erretratatu du Zamorak 30 minutuko zortzi ataletan, errealitatea eta fikzioa nahastuz. Benetako istorio bat kontatzen du, bestetik, Dolores: La verdad sobre el caso Wanninkhof dokumental saioak. Hori ere gaur estreinatuko dute.

Madrilen ekoitziko dituzten beste ekoizpen batzuen berri eman du HBO Maxek: adibidez, Bilboko Astiberri argitaletxearen ¡García! eleberri grafikoan oinarrituta, telesail bat sortuko dute Sara Antuñak eta Carlos de Pandok. Ikerketa kazetari gazte batek topo egingo du 1950eko hamarkadan Franco diktadorearen zerbitzu sekretuek prestatua zuten konspirazio politiko batekin. Hori da Zeta Studios ekoiztetxearen telesailaren abiapuntua.

Bestetik, Joaquin Reyesek, Ernesto Sevillak eta Miguel Estebanek Pobre diablo helduentzako animaziozko saioa egingo dute HBO Maxentzat.

Proiektuen artean, ez dute aipatu katalanezko, euskarazko edo galegozkorik. Plataforma per la Llenguak salatu du HBO Maxeko edukietan 400ek baino gehiagok dutela katalanezko bertsioa, baina ordainpeko zerbitzuak ez dituela jarriko katalogoan. Vitals dokumental saioa baino ez dago plataforman katalanez.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.