Azkeneko urteetan, ETB1 eta ETB2rako hiru aurkezle berberek aurkeztu dituzte Gabon zaharreko kanpaiak, eta emankizun bera eman dute bi kateek. Aurten, aldiz, Gasteiztik egingo dituzte bi emankizunak, baina kate bakoitzean hiru aurkezle desberdin egongo dira: ETB1ekoan, Yerai Diez Gaur egun-eko aurkezlea, Ainhoa Etxebarria Zurekin bat lehiaketako aurkezlea eta Aitziber Garmendia aktorea; ETB2koan, berriz, Africa Baeta Teleberri-ko aurkezlea, eta Nos echamos a la calle magazineko Ane Ibarzabal eta Aitor Albizu. Plaza Berrian egingo dute zuzeneko kontakizuna batzuek zein besteek, gauerdian suak jaurtiko dituzte, eta emankizunaren bukaeran elkarrekin azalduko dira sei aurkezleak 2022ari ongi etorria emateko. «Ezusteko handi» baten berri emango dutela azaldu du EITBk. Aurreko urte batzuetan, ETB2n euskara entzun zitekeen kanpaien emanaldian, eta ez zen euskara hutsezkoa ETB1ekoa, erdarazko esaldiak tartekatzen baitzituzten. Aurten,ETB1ekoa euskaraz izango da; eta ETB2koa, gaztelaniaz.
'Biba 2022!', 40 urteengatik
Gabon zaharreko kanpaien zuzeneko emanaldiaren aurretik, ETB1ek musika saio berezi bat emango du —Go!azen telesaileko gazteek askotariko abestiak kantatuko dituzte—.
Kanpaien emankizunaren ostean, ETB1ek Biba 2022! programa berezia emitituko du. EITBk datorren urtean ospatuko du 40. urteurrena, eta, horregatik, urteotan euskarazko katean protagonista izan diren 50 lagun baino gehiago gonbidatuko dituzte saio berezi horretara. Maddalen Arzallusek eta Xabier Sukiak —Biba zuek! aurkezten dute arratsaldero— gidatuko dute urteko lehen saioa.
Gonbidatu berezien artean, Goenkale telesailean parte hartu zuten aktoreak, Sorginen laratza gaueko saioan aurkezle lanetan aritu ziren guztiak, Martin telesaileko protagonistak eta Txirri Mirri eta Txiribiton pailazoak egongo dira.
Musikariak eta kantariak ez dira faltako saio horretan: Xabier Saldias Egan taldeko kantaria eta Chill Mafia taldeko gazteak elkarrekin kantuan azalduko dira. Besteak beste, Gozategi, Bulego, Iñaki Ortiz de Villalba, Xabier Solano, Olatz Salvador, Zuriñe Hidalgo, Jon Urdangarin (Drindots) eta Amak taldea arituko dira kantuan. Grabaketara joan ezin izan diren zenbait pertsona ezagunek zorion bideoak bidaliko dituzte.
Halaber, Biba zuek 2022! programa berezian Euskal Telebistak 40 urte kanta berria emango dute ezagutzera —Biba zuek! magazineko taldekideek abestuko dute—.
ETB2 katean, Gabon zaharreko kanpaien aurretik, esketxen umore saio bat ikusi ahalko da. Kanpaien ostean, berriz, Ura bere bidean musika ikuskizuna emango du gaztelaniazko kateak: Fernando Velazquez orkestra zuzendariak konposatutako bertsioak interpretatuko dituzte Bilboko Orkestra Sinfonikoak eta Bilboko Koral Elkarteak.
ETBren kanpaiak, Gasteiztik
ETB1en Ainhoa Etxebarriak, Aitziber Garmendiak eta Yerai Diezek aurkeztuko dituzte kanpaiak

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu