'Teleberri'-k azken hemeretzi urteetako daturik onenak lortu ditu

ETB2ko 15:00etako albistegiak %37,3ko ikusle kuota bereganatu zuen abenduaren 10ean

Africa Baetak aurkezten du 15:00etako Teleberri, astelehenetik ostiralera. Irudian, abenduaren 10ekoa. IÑAKI LARRAÑAGA.
urtzi urkizu
2021eko abenduaren 14a
00:00
Entzun
Euskal Herrian natur hondamendiak daudenean, ETBko albistegien ikusle datuek gorantz egiten dute nabarmen. Hala gertatu da azkeneko egunetan ere: joan den ostiralean, abenduak 10, ETB2ko 15:00etako albistegiak %37,3ko ikusle kuota lortu zuen Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan. 2002ko abendutik ez zuen albistegi horrek halako daturik lortzen. Hemeretzi urte joan dira orduz geroztik. Datu oso handia da ETB2k albistegian lortutako hori;izan ere, aintzat hartu behar da katearen batez besteko kuota %9,5 izan zela azaroan.

ETB2ko albistegiak gehien ikusi direnak izan dira asteburuan Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan. ETB1eko albistegiek ere datu esanguratsuak izan dituzte: euskaldunen artean, ostiral gaueko Gaur egun-ek %13,9ko kuota izan zuen; eta larunbat eguerdikoak, %16,6koa. Uholdeen berri luze eta zabal eman dute ETBko albistegiek.

Larunbatean, bestalde, Euskal Herriko hainbat herritan eta hiritan izan ziren uholdeak zirela eta, ETB2 kateak En jake saioaren aldi berezi bat egin zuen: 237.000 ikus-entzulek ikusi zuten emankizun hori uneren batean. Saioa ekoiztetxe pribatu batek egiten du, eta astelehenetik ostiralera eman ohi dute.

ETB1en, aldiz, ohiko programazioarekin eta emankizunekin jarraitu zuten, eta albistegietan eman zuten uholdeen berri.

Igandean, ETB2ko gaueko albistegia izan zen egun osoan ikus-entzule gehien izan zuen emankizuna: %21,7ko kuota (157.000 ikus-entzule). Bigarren tokian 15:00etako Teleberri gelditu zen.

Iaz, ETB2ko albistegiek datu oso handiak lortu zituzten zenbait egunetan, bereziki osasun larrialdiaren eraginez agintariekneurri murriztaileen berri jakinarazi zituztenean. Iaz %22ko kuota izan zuen Teleberri-k; eta Gaur egun-ek, %2,3koa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.