ETB1eko 'reality' bat Kariben

'El conquistador del fin del mundo'-ren antzekoa izango da saioa, eta lantalde berak egingo du

Karibe itsasoko hondartza bat, artxiboko irudi batean. ALONSO CUPUL / EFE.
urtzi urkizu
2022ko apirilaren 26a
00:00
Entzun

Orain arteko euskarazko reality-ak Euskal Herrian filmatu izan dituzte, baina, datorren ikasturterako, ETBk Karibe itsasoan grabatuko du euskarazko reality bat. Hostoil ekoiztetxea eta El conquistador del fin del mundo egiten duen lantaldea arduratuko dira reality berriaz.

Lehia bikoteka izango da. Baina parte hartzen duten bi lehiakideek ez dute bikotea izan beharko: izan daitezke senideak, lagunak, lankideak edo bikotea ere bai. Hautaprobak abiarazi dituzte, eta saioan parte hartu nahi dutenek castinga@hostoil.tv helbide elektronikora idatzi behar dute.

Promozioko bideoan Ismael Pereira eta Oizeder Mayo ageri dira, eta haiek izango dira programaren gidarietako batzuk. Mayo Gaztean aritzen da —Top Gaztea aurkeztu izan du, Oihan Vegarekin—, eta El conquis-en debatean musika jartzen du. Pereirak ETB2ko reality-aren hamahirugarren aldian parte hartu zuen. Azkenaldian, El conquis-eko sare sozialetan ari da lanean.

Oraingoz, ez dago ETB1eko programa berriari buruzko informazio handirik. Baina ETBko zuzendari Unai Iparragirrek zera iragarri du: «El conquistador del Caribe grabatzen den parajeen antzekoa izango da euskarazko reality-arena. ETB1eko saioa ez da kopia bat izango, baina antzekoa izango da». Bikoteka lehiatzea da desberdintasunetako bat. Era berean, Iparragirrek nabarmendu du herritar euskaldunen artean oso harrera ona duela El conquistador del Caribe-k. «Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako biztanleen artean %24ko ikusle kuota du ETB2ko reality-ak, batez beste. Datu hori are handiagoa da euskaldunen artean: %29koa. Argi dago, beraz, euskaldunen artean zaletasun handia dagoela abentura reality-ekin».

El conquistador del Caribe saioa hemezortzigarren denboraldira iritsi da ETB2n. Ikusle datu onen erakusgarri, aurreko denboraldiko finalak marka guztiak hautsi zituen: ordura arte gehien ikusitakoa izan zen hamazazpigarren denboraldiko finala, %38,1eko ikusle kuota bereganatuta. Aurreko denboraldia izan zen, gainera, inoizko batezbestekorik onena izan duena.

Aurten, apur bat beherago dabil saioa, baina astelehenero izan ohi da liderra. Gainera, martxoaren 21eko atalak %30,6ko ikusle kuota lortu zuen —272.000 lagunek ikusi zuten—. Soilik bi finaletan lortu du programak datu hori gainditzea.

ETB1 kateko reality-ei dagokienez, azkeneko bi denboraldietan Baserria egin dute. Gautegiz Arteagako (Bizkaia) baserri batean grabatu zuten, eta baserritarrak eta kaletarrak aritzen ziren lehian. Datozen hilabeteetan ez dute grabatuko saio horren denboraldi berririk, eta ziurtzat jo daiteke Baserria ez dela itzuliko ETB1eko programaziora udazkenean.

Hostoilek El conquistador del Caribe-ren hemeretzigarren denboraldia grabatuko du datorren denboraldian, eta modu paraleloan ekoitziko du ETB1eko reality berria.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.